}

Hale-Bopp, mende honetako ikuskizuna ote?

1996/02/01 Millet Mendibil, Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Astronomiako azken aurkikuntza Hale-Bopp kometa da. Mende honetako kometarik distiratsuenetakoa izango dela esaten da. Halley kometa baino distiratsuagoa? Benetan mendeko ikuskizuna izango al da?

Hala ere azken urteotan kometen inguruan izan diren gertakariek ez dituzte aurrikuspenak bete, adibidez 1993ko Perseidak, Halley kometak edo Shomaker-Levy 9-k Jupiterren kontra egin behar zuen talkak.

Zientzilariek behin eta berriro egiten dituzten igarpenak beteko diren ala ez frogatu ahal izango da. Hale-Bopp urrunetik datorkigun kometa garrantzitsu bat da. Bere izena, kometa guztienak bezalaxe, lehen behatzaileen abizenez osatuta dago. Kasu honetan bi pertsona izan ziren denbora berean aurkitu zutenak, 1995eko uztailaren 23an hain zuzen ere. Alex Hale -astronomo profesionala eta dirudienez bere betiko afizioa galdu ez duen Thomas Bopp astronomozalea dira kasu honetan.

Azken mendeetako kometarik distiratsuenak eta beren magnitudeak.

Esan bezala, Hale-Bopp kometa mende honetako garrantzitsuenetakoa izan daiteke. Kometa aurkitu zutenean eta berau ikertzen hasi zirenean, ortzian zehar oso poliki mugitzen zela ohartu ziren, horregatik oraindik ere Eguzkitik oso urruti egon behar zuela ondorioztatu zuten. Bere orbitaren lehen kalkuluen arabera, Jupiter baino urrutiago kokatzen zuten. Hala ere, 10eko magnitudea 1 zeukan eta beraz, oso distiratsua zen distantzia horietarako. Horrez gain, teleskopioz ikusi zuten zuzenean, argazkirik erabili gabe. Horrek ere kometaren garrantzia adierazteko balio digu.

Hale-Bopp kometaren magnitude absolutua 2 kalkulatzean, -2'4 balioa lortzen da. Izarren argitasuna neurtzen den bezala, zenbaki horrek objektuaren distiraren neurria ematen digu eta zenbat eta txikiagoa eta negatiboagoa izan, orduan eta distira handiagoa du astroak. Kometa baten distira izateko beraz, balio hori oso handia da. Azken mendeetan lau kometek baino ez dute 0 edo gutxiagoko magnitudea izan.

Ez da erraza Hale-Bopp kometa zerrenda horretan kokatzea. Kometaren neurriaren arabera egin behar da hori eta oraindik tamalez, inork ez daki hori ziurtasun osoz. Ikerlari batzuen ustez, bere diametroa 10-15 km-koa da, baina beste batzuk 240 km-koa izan daitekeela diote. Ziurgabetasun horren arrazoia kometaren egiazko egoera ondo ez ezagutzearen ondorioa da. Askoren iritziz, kometan eztanda gertatzen ari da eta horixe litzateke bere distira itzelaren arrazoi bakarra. Hipotesi horren arabera, leherketa hori amaitutakoan kometaren magnitudea berriro jaitsiko litzateke. Teoria hori onartuta ere, kometaren magnitudea apartekoa dela uste dute zientzilari gehienek.

Beraz, bi hipotesi desberdinen aurrean gaude: bata, Hale-Bopp kometa erraldoia dela dioena eta bigarrena, kometan leherketa handi bat gertatzen ari dela postulatzen dutenena.

Arestian esan bezela, Hale-Bopp kometak berebiziko interesa sortu du eta ondorioz, segimendu zorrotza egin zitzaion hasieratik. Kometa lehen aldiz behatu eta hilabete batera, bere orbita zehatz-mehatz kalkulatu zuten argazkien bidez. Lehenengo argazkiak aztertu zituztenean, 1993ko apirilaren 27an kometa egon behar zuen ortziko zatiaren argazki batean aurkitu zuten, 18 magnitudeko objektu bat bailitzan.

Hale-Bopp kometaren urratsak

Hale-Bopp urriko azken egunak arte ikusgai izan genuen. Ordutik aurrera, kometa Eguzkiarekin konjuntzioan dago eta lurretik ikustezina egiten zaigu. 1996ko otsailean berriro egongo da ikusgai hegohemisferioan.

Hale-Bopp urriko azken egunak arte ikusgai izan genuen. Ordutik aurrera, kometa Eguzkiarekin konjuntzioan dago eta lurretik ikustezina egiten zaigu. 1996ko otsailean berriro egongo da ikusgai hegohemisferioan. Otsailaren azken egunetan Jupiterren orbita zeharkatuko du eta Europaren hegoaldetik ikusterik izango da. Berriro agertuko den unean 9ko magnitudea edo distiratsuagoa baldin bada, benetan ikusgarria izango da, baina ahulagoa baldin bada, aurrikuspenik baikorrenetatik urruntzen hasia izango da.

Edozein kasutan, kometaren distira pixkanaka gehituz joango da urtean zehar eta baikor izanik, 6ko magnitudea eduki dezake ekainaren azkenean. 1996ko amaierarako, Halley kometa ospetsua baino distiratsuagoa izan beharko luke.

1997ko martxoan Lurra eta kometaren arteko distantzia txikia izango da eta orduan Hale Bopp kometak distirarik handiena izango du. Hala ere, une horretan izango duen magnitudea ezin dugu oraindik jakin, baina -4 eta 6 balioen artean egon beharko lukeela aurrikusten dute astronomoek. Nolanahi ere, tartean ezustekorik gertatzen ez bada, Halley kometa baino distiratsuagoa izango da eta gutxienez, begi-bistaz ikusteko modukoa.

Azken datuen arabera, Hale-Bopp kometa handia izango da, baina hasieran uste zen bezain handia. Hori dela eta, ez dugu Hale-Bopp, azken mendeetako hamar kometarik distiratsuenen zerrendan kokatzerik izango, baina zientzilariek aurrikusten dutenez, ortziak ikuskizun aparta eskainiko digu hurrengo urteotan.




1 magnitude: astro baten argitasunaren neurria ematen duen balioa da.(Balio hori handia izateak, 16 esate baterako, astroaren argitasuna oso ahula dela esan nahi du. 0 baldin bada, ortziko izarrik distiratsuenen antzeko argitasuna izango du).
2 magnitude absolutua: distantzia zehatz batean kokatutako astro baten magnitudea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia