}

H5N1 birusaren auzia: argitalpenak atzeratu eta ikerketak osorik ematearen alde agertu dira MOEk deituta Genevan bildutako adituak

2012/02/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

h5n1-birusaren-auzia-luzamendua-areagotu-baina-ike
Arg. MOE

Munduko Osasun Erakundeak argitaratutako ohar batean adierazi du “adostutasuna lortu dutela berriki sortutako H5N1 gripe-birusen auzian”, bi gai hauetan: laborategian eraldatutako H5N1 birus berriekin ikerketak ez egiteko behin-behineko luzamendua zabaltzea, eta berez sortzen diren H5N1 birusekin ikertzen jarraitzeko beharra aitortzea, osasun publikoa babesteko. Halaber, adostu dute “ikerketen argitarapena atzeratu eta osorik argitaratzeak mesede handiagoa egingo diola osasun publikoari, orain presaka partzialki argitaratzeak baino”.

Horrenbestez, MOEren babesean bildutakoek ez dute bat egin Estatu Batuetako gobernuaren eskaerarekin. Estatu Batuetako gobernuak —Biosegurtasunaren Aholku Batzordeak (NSABB) gomendatua— H5N1 gripe-birusarekin egindako bi ikerketek emaitzak osorik ez argitaratzeko eskatu zuen joan den abenduaren 30ean. Ikerketetako bat Rotterdamgo Erasmus ikerketa medikorako zentroan egin zuten: mutazio bidez sortu zuten H5N1 birusaren aldaera bat gai zen birulentziarik galdu gabe hudoetan aerosol bidez kutsatzeko. Arnasbideetatik kutsatzen den giza gripearen azterketak egiteko eredurik onena dira hudoak, eta emaitza kezkagarria zen, aditzera ematen zuelako hegaztien H5N1 birusak aurreikusi baino aukera handiagoa izan zezakeela gizakien artean gripe-pandemia eragiteko. Beste ikerketan, Estatu Batuetan Wisconsin-Madison Unibertsitatean egindakoa hura, antzeko emaitzak lortu zituzten.

Bi ikerketak Science eta Nature aldizkarietan argitaratzekoak ziren, hurrenez hurren. Estatu Batuetako gobernuarentzat, ordea, ez zen segurua ikerketa-lanak osorik argitaratzea, eta metodologiari buruzko informazioa ez argitaratzeko eskatu zieten abenduan. Eskaeraren haritik, eztabaida sutsua piztu zen gripearen ikerketan ari direnen artean: segurtasunaren eta ikertzeko askatasunaren zein beharraren artean non dago oreka-puntua, baldin eta nonbait badago?

Bi ikerketa-taldeen buruek eta beste hainbat ikertzailek joan den urtarrilaren 20an argitaratutako gutun bateratuaren emaitza izan da Genevako bilera. Gutunean, bi hilabeteko borondatezko luzamendua ezarri zieten beren ikerketei, eta auzia bideratzeko bilera deitu zuten, MOEren bidez. Joan den otsailaren 16tik 17ra egin zen, eta arloko aditu-multzo bat bildu ziren, besteak beste, auziaren protagonista diren ikertzaileak, eta MOEren ordezkariak, Nature eta Science aldizkarietakoak, eta ikerketen argitalpena mugatzea gomendatu zuen Estatu Batuetako NSABB erakundeko ordezkariak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia