}

Gure eguzkia berezia da oso

1999/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azkenaldian bizitza estralurtarra izatearen inguruko berri asko jaso dira. Baina Washingtongo Unibertsitateko Gilermo Gonzalezen ustez gure Eguzkia ez da ohizko izarra, Lurrean bizitza sortu eta garatu izana baimentzeko bezain berezia baizik. Eguzkia izar bakuna da, izar-sistema gehienak bikoitzak izan arren. Inguruko izarren artean trinkoenak diren % 10etakoa ere bada eta bere adin eta ezaugarri bereko izarrak baino % 50 astunagoa da, distiran heren bateko aldea izanik. Eta ezaugarrietan bereziena galaxiaren gunearen inguruko orbita izatea da.

Horregatik adinean eta tankeran antzekoak diren izarrek baino orbita zirkularragoa du (horrek galaxian supernobak ugari diren tokietara hurbiltzea eragozten dio), orbita egonkorra du (egonkortasun hori izar bakarreko sistemetan izaten da) eta oso inklinazio txikia ekliptikarekiko (plano galaktikoarekin nabarmen gurutzatzea, eta beraz, Oort-en kometa-hodeiekin perturbazioak izatea eragotziz).

Are bereziagoa, Esne Bidearen korrotazioaren erradiotik oso hurbil du orbita, bertan, egitura espiralaren abiadura angeluarra eta inguruko izarrena bera duelarik (horrek supernobak dituzten espiralaren besoak oso maiz gurutzatu beharra saihesten du). Berezitasun horiek guztiek albo batera uzten du bizitza adimenduna izan lezaketen izarren % 95a.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia