Gaur egungo teknologia-joerek Black Mirror atal baten antza dute sarri. Imajinatu: txip txiki bat zure garunean, pentsamendu hutsez edozein gailu aktibatzeko gai dena. Zientzia-fikzioa zirudiena, gero eta errealagoa bihurtzen ari da. 2025ean neuroprotesiek jauzi handia egin dute, eta mundu osoko laborategiek lehen aldiz lortu dute pentsamenduak testu edo mugimendu bihurtzea.
Euskal Herrian ere badira aurrerapausoak: ikerketa-zentro eta startup batzuek garun-makina interfazeetan eta begi-mugimenduen bidezko komunikazio-sistemetan dihardute. Aurrerapen horiek argi uzten dute neuroteknologia ez dela etorkizuna: dagoeneko gure garunaren atarian dago.
Galdera da nola babestu gizakiaren duintasuna eta pribatutasuna, pentsamenduak irakur daitezkeen aro berri honetan. Hemen sartzen da jokoan “neuroeskubideen” kontzeptua, giza eskubideen azken mugatzat jo litekeena: gure garunaren eta pentsamenduen babesa. Rafael Yuste, Columbia Unibertsitatekoa neurozientzialariak, ohartarazi du: “Jada pentsamenduak irakurtzeko gai gara, eta azkar jokatu ezean, teknologia horrek eskuetatik ihes egin ahal digu”. Horregatik, beharrezkoa da neuroeskubideak legeetan txertatzea, teknologia hau gizakiaren zerbitzura egon dadin eta ez alderantziz.
Neuroeskubideek pentsamenduaren intimitatea eta askatasuna babestu nahi dute, eta bost printzipio nagusitan oinarritzen dira: pribatutasun mentala, identitate pertsonalaren babesa, borondate librea, aukera-berdintasuna eta manipulazioaren debekua. Horien bidez, gizakiok gure burmuinaren jabe izaten jarrai dezakegu, inork —ez gobernuek, ez enpresek— gure pentsamenduak baimenik gabe aztertu edo eraldatu gabe. Finean, Yusteren hitzetan, garuna da gizakiaren azken santutegia, eta hala babestu beharko genuke.
Azken hilabeteetan, gaiak jauzi globala egin du. Nazio Batuek 2025ean aurkeztutako txostenak —Ana Brian Nougrères errelatore bereziarenak— proposatu du neurodatuak datu pertsonal bereziki sentikortzat aitortzea eta estatu guztiei neuroeskubideen marko juridiko unibertsala ezartzea. Txostenaren arabera, garunaren jarduera edo pentsamenduaren adierazpenak ezin dira “komertzializatu, kontrolatu edo ustiatu gizakiaren duintasunaren aurka”. Lehen aldiz, Nazio Batuek aitortu dute pentsamenduaren pribatutasuna giza eskubide berri bat dela, eta gizakiaren autonomiaren “azken mugan” dagoela adierazi dute.
Neuroteknologiak onura handiak ekar ditzake, baina baita kalte larriak ere. Horregatik, mundu mailako erakundeak prest daude mesede handiak ekar ditzakeen teknologia honen alderdi iluna arautzeko, gure pentsamenduak babesteko, alegia. Gizakiaren barruko bazter ezkutuena sare bihurtu aurretik, garaiz helduko al gara gure neuroeskubideak defendatzera?
Itziar Alkorta Idiakez,