}

Guggenheim museoa berriro distiratsu

2001/07/05 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Guggenheim museoa inauguratu zen egunean –1997ko urrian–, besteak beste, eraikinaren kanpoaldea janzten duten titaniozko xaflen originaltasuna eta egokitasuna nabarmendu ziren. Izan ere, titanioa, ikusgarria izateaz gain, aparteko mantenimendurik behar ez duen materiala da. Material arina da eta itsasoko urarekiko eta haizearekiko erresistentzia handikoa, korrosioari aurre egiteko bikainenetarikoa.

Titanioaren ezaugarri horiek kontuan hartuta, Guggenheim museoan ez zen arazorik espero. Baina museoa ireki zenetik denbora joan da, eta duela lau urte Bilboko eraikin esanguratsueneko jantzi dotoreari, poliki poliki, orbanak agertu zitzaizkio. Iaz gertatu zen hori. Arazoaz jabetuta, museoko agintariek denbora honetan makina bat ikerketa agindu dituzte titanioaren orbanak nola garbitu erabakitzeko. Azkenik, Donostiako Inasmet zentro teknologikoak asmatutako sistema erabiliko dute, eta laster Guggenheim museoak berriro ere betiko itxura dotorea izango du.

Donostiako zentro teknologikoak asmatu duen produktua, labur esanda, aparra baino ez da; presioz jaurtitzen da xaflaren gainera, bere lana egin dezan pare bat minutu ematen zaizkio, gero xurgatu egiten da eta azkenik –xurgatu ez den apar apurren bat balego– xafla urez garbitzen da.

Produktu berria asmatu ahal izateko, Inasmet-eko ikertzaileek hainbat eragozpen izan dituzte: batzuk teknikoak –produktua bera lortzeko zailtasunak– eta beste batzuk formazkoak –irtenbideak nahitaez museoko agintariek jarritako hainbat ezaugarri izan behar baitzituen–. Hau da, irtenbideak ezin zuen eraginik izan jatorrizko materialaren itxuran, ezin zuen eragin ez zimurduran, ez kolorean, ez eta distiran ere. Aldi berean, xaflak garbitzeko, ezin izango zen aldamiorik erabili, ez eta xaflarik kendu ere. Gainera, irtenbideak bizkorra izan behar zuen, eta ingurugiroa kaltetuko ez zuena.

Beraz, Inasmet-ek Guggenheim museoaren kanpoaldeari berezko itxura itzuliko zion irtenbidea aurkitzeko ezaugarri horiek guztiak beteko zituen sistema asmatu behar izan du. Lana arazoa aztertzetik abiatu zen. "Zer gertatu da? galderari erantzuten saiatu ginen lehenbizi –dio Alberto Pelayok, Inasmet-eko ikertzaileak–. Orbanak aztertu genituen, eta konturatu ginen orbanak Bilboko atmosferaren eta museo inguruan egin den obren eraginez atera zirela. Titanioak berez badu ikusten ez den geruzatxo bat, egoera normalean 3 nanometro ingurukoa, eta kasu honetan 8 nanometroraino hazi zela ikusi genuen, oxidazio gehiegi egon delako. Hor, batetik, berezko titanio oxidoa eta, bestetik, silizea pilatu dira. Silikato horiek inguruan egin diren obretan ebaki diren harrietatik sortutako hautsa dira, partikula txiki-txikiak. Berez inerteak dira, baina geruza handitzeko prozesua erraztu dute".

Hala ere, gertatutakoak ez zuen hain sinplea ematen, Guggenheim museoari toki batzuetan orban beltzak atera baizitzaizkion eta beste batzuetan isuri-itxurako orban luzeak. Donostiako zentro teknologikoan bi eratako orbanak aztertu zituzten. "Bai, eta konturatu ginen jatorri bera zutela, nahiz eta itxura desberdinean azaleratzen zen. Orban beltzak agertu ziren tokiak normalean euria iristen ez den tokiak dira; hau da, euri-urez garbitzen ez direnak. Besteak, berriz, euria egiten duenean urak beti hartzen duen bideari dagokionak. Euria berez ez da txarra, xaflak garbitzen dituelako. Baina toki batzuetara iristen ez bada, toki horiek ez dira garbitzen; eta beste toki batzuetan ur gehiegi badarama, urak berez daraman materiala lehortzean han gera daiteke".

Inasmet-eko sistemaren onura guztiek onartu badute ere, irtenbidea aurkitzea ez da batere erraza izan. "Bagenekien zein zen arazoa, baina irtenbidea aurkitzea gehiago kostatu zaigu. Hasieran ura eta produktu alkalino bat nahasi genituen, eta hura presiopean bota xaflei; gero lurruna, ozpina eta produktu alkalino bat erabili genituen… baina ezerk ez zuen balio. Azkenean aparraren aldeko apustua egin genuen, aparrak jatorrizko materiala zikintzen ez duelako, gune jakin batzuetan erabil daitekeelako eta, erabili ondoren, xurgatzea badagoelako".

Dena den, Inasmet-en garatu duten aparra ez da nolanahikoa, ezinezko aparra deitzen diote beraiek. "Ezinezkoa dela esaten dugu, nahaste berean azido bat –agente eraginkorra– eta uretan disolba daitekeen polimeroa –lodigarria– ditugulako. Horrekin batera, agente tentsioaktiboa, egonkortzailea, adierazlea eta gas likidotua ditugu –inertea eta ingurugiroa kaltetzen ez duena–. Lanik handiena hori guztia behar den denboran egonkorra eta eraginkorra izateak eman digu, batzuetan aparra erori egiten zitzaigun, beste batzuetan egonkortzea lortzen zuen baina eraginik ez zuen… Azkenik, argazkiak errebelatzeko prozesuarekin pareka daitekeen produktua lortu genuen, agente eraginkorrak errebelatu edo garbitu egiten du, egonkortzaileak agente eraginkorraren eragina gerarazi edo finkatu egiten du, produktua xurgatzen dugu gero eta, azkenik, urez garbitu". Ezinezko aparraren osagai zehatzak, noski, sekretua dira.

Guggenheim garbitzen ari direla eta, arazo honek toki zabala izan du komunikabideetan. Eta arazoa errepikatu egingo da, baina ez dirudi komunikabideen atentzioa deituko duenik. "Denborarekin berriro zikinduko da, baina ez du zertan arazorik sortu. Orain, garbiketa orokorra bukatu eta, gero, titanioaren garbiketa ohiko mantentze-protokoloan sartu beharko dute, kristalak garbitzeko edo erratza pasatzeko egiten den bezala".

Inasmet-eko sistema irtenbiderik onena dela erabaki artean, eskuartean hainbat aukera izan dituzte Guggenheim-ekoek. Titaniozko xaflak egin zituen Timet enpresa estatubatuarrak berak ere proposamena aurkeztu zuen. Estatubatuarren iritziz, irtenbiderik egokiena xaflak elektrolisi bidez garbitzea zen. Elektrolisi bidezko garbiketa-prozesua laborategietan erraz egin daiteke eta eraginkorra da, baina museoan bertan egitea beste kontu bat zen. Guggenheim museoak titaniozko 42.800 xafla ditu eta, Timet-en sistema erabilita, horietako bakoitza garbitzeko 20 minutu inguru behar ziren. Beraz, garbitze-lana oso motela izateaz gain, sistema harekin garestia ere izango litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia