Groenlandia urtzen ari da
2000/08/06 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Poloen inguruan bildutako izotza gaur egungo ikergai garrantzitsua dela dudarik ez dago, ikertzaile askok izotz-geruza haietako gorabeheretan klima-aldaketa ulertzeko gakoak egon daitezkeela uste baitute. Aspaldi Ozeano Artikoaz mintzatu ginen; oraingoan Groenlandiak hartu du txanda.
Lurreko klima bezalako sistema konplexuak ezin dira bat-batean ulertu eta, horregatik, ikertzaileek zeharbideak erabili ohi dituzte. Sistemaren ezaugarri edo prozesu zehatz bat aztertzen dute eta, hor ikusitakoaz baliatuz, osotasuna ulertzen saiatzen dira. Groenlandiako izotz-geruzari buruzko ikerketek, adibidez, Lurraren berotze-globala ulertzeko edo denboran zehar atmosfera nola aldatu den ezagutzeko balioko dutela uste da.
Ikerketa horietako bat, hain zuzen, NASA erakunde estatubatuarrak egin du. Emaitzak Science zientzi-aldizkarian argitaratu berri dira eta Groenlandia estaltzen duen izotz-geruza mehetzen ari dela adierazi dute. Mehetzea, ordea, ez da homogeneoa. Kostaldean geruza asko eta azkar urtzen ari da (zenbait tokitan ia metro bat urteko); barnealdean, aldiz, geruza zertxobait lodiagoa egin da.
Bigarren eskualde izoztua
Antartika ondoren, Groenlandia izotz- gehien duen Lurreko eskualdea da. Hain zuzen, irlaren % 85 izotzez estalia dago eta NASAren ikerketaren arabera, izotz-masa hori itsas maila modu adierazgarrian aldatzeko abiaduraz ari da urtzen.
Zehatzago esanda, urtetik urtera irlatik 51 bat kilometro kubiko ur (hots, 51 milioi litro ur) galtzen edo itsasoratzen da. Ur-kantitate horrek Lurreko itsas maila urteko 0,13 milimetro igotzea eragiten du. Hala ikusita igoerak ez dirudi oso esanguratsua; pentsa, ordea, gizakion bizialdiko itsas maila zentimetro bat igotzen dela. Igoera bertikala da, noski, eta zentimetro bertikal batek metro horizontal asko bete ditzake hondartza lauean.
Groenlandiak itsasoari urtero ematen dizkion 51 kilometro kubikoek, gainera, itsas maila % 7 igotzea soilik eragiten dute. Hau da, igoeraren % 93 bestelako faktoreen eraginez gertatzen da. Dena den, ikertzaileek irlako izotz-estalkia urtzea, oraingoz behintzat, kostaldeko herrientzako mehatxua ez dela adierazi dute. Hori bai, izotz-geruza aldatzen ari dela argi geratu da.
Historian zehar bai ozeanoak, baita poloen inguruetako izotz-mantuak ere aldatuz joan dira. Azken 110.000-130.000 urtetik hona, hau da, glaziazio arteko azken alditik hona, esaterako, itsas maila gutxi gorabehera lau metro igo da. Garrantzitsuena, beraz, ez da egungo igoera zenbateko den neurtzea, gizakiak eraginda zein naturalki gertatutako prozesuek Lurreko izotz-masa handietan nola eragiten duten ulertzea baizik.
7 urtetako ikerketa
NASAk Groenlandiako ikerketa 1993. urtean jarri zuen matxan. Neurketak bi txandatan egin dira: 1993 eta 1994 urteen bitartean lehenengoak eta 1998 eta 1999 urteen bitartean bigarrenak. Bi alditan irlako izotz geruzaren izaera eta lodiera zehatz-mehatz neurtu dituzte eta bildutako datuak euren artean eta bestelako ikerketetan jasotakoekin alderatu dituzte. Datuak biltzeko Marteko mapa topografikoa egiteko garatutako teknologia eta zehaztasun handiko GPS sistema erabili dira.
Groenlandiako izotz-estalkian gertatzen ari dena azaltzea ez da erraza, ordea; izan ere, kostaldean izotza urtzen ari den bitartean, barnealdean geruza zertxobait loditu da. Nolatan? Kostaldetik gertu urtzen den izotzak atmosfera hezetasunez betetzen du eta hezetasuna gehitezen den heinean, atmosferako energia handiagotu egiten da. Kostaldean altitudea txikiagoa denez, airea berotu eta igo egiten da. Aire beroa Groenlandiako zati handiena estaltzen duen barnealdeko izotz-geruzarantz mugitzen da eta bertan altitudea handiagoa denez, hoztu egiten da. Hoztutakoan hezetasuna (hau da, ur--lurrina) kondentsatu eta elur gisa erortzen da. Denborarekin elurra izoztu egiten da eta izotz-geruzaren zati bilakatzen da. Irlaren erdialdeko izotz--geruza loditzea, beraz, kostaldean gertatzen ari den urtze--prozesuaren adierazlea da.
Planetaren termostatoa
Groenlandiako izotza ikertzea planeta osoarentzat garrantzitsua da.Eremuz Antartikaren zazpirena den arren, latitude epelagoetan kokatuta dago eta hegoaldeko izotz-masak baino klima-aldaketaren adierazle egokiagoa izan liteke.Bai hegoaldeko eta bai iparraldeko izotzak planetaren termostato gisa jokatzen du, eguzki-izpiak espaziorantz islatu eta tenperatura erregulatzen baitu. Horrez gain,Lurrean dagoen ur-geza gehiena bertan harrapatuta dago, eta horri esker, kostaldeko herriak ez daude ur azpian.
Duela 10.000 urte izotz-geruza Groenlandiako lur-masaren mugetatik harat urrun hedatzen zen, baina klima berotu ahala irlaren ertzetako glaziarrak urtzen hasi ziren eta milioika litro ur itsasoan hustu ziren.Urteak pasa ahala itsas mailak gora eta izotzak atzera egin zuten. Planeta bitartean gero eta beroago ari zen bilakatzen, hein batean izotzak eguzki-izpi beroak berriz espaziorantz islatzeko geroz eta gaitasun gutxiago zuelako. Gaur egun Groenlandiako izotz-geruza ez da ez hazkorra ezta antzinakoa bezain lodia ere. Izotzaren perimetroaren zati handi bat irlaren mugen barnean dago eta irlaren lur-masa gehiegi aldatu ez bada ere, dagokion izotz-azalera eta -bolumena asko murriztu dira.
2000 metrotik beherako eskualdeen % 70ean izotz-geruza mehetzen ari da eta hortik gorakoetan, berriz, zertxobait loditzen; hori da oraingoz NASAren ikerketatik ondoriozta daitekeena.Izan ere, fenomenoa deskriba dezaketen arren, azalpena oraindik ez diote aurkitu.
Urtze azkarra ez da tenperaturak igotzearen ondorioz bakarrik gertatzen ari, oraingoak baino uda beroagoak lehenago ere izan baitira eta, orduan, izotza ez zen hain azkar urtzen.Ikertzaileak glaziarrei begira jarri dira azalpena aurkitu nahian. Glaziarren behealdeak beharbada azkarrago higitzen ari direla iradoki dute. Azkarrago higitzen den glaziarrak izotz gehiago eramango du itsasora eta geruza mehetzea eragin dezake. Dena den, bigarren azalpen honen frogarik ez dute.
Groenlandiako izotza asko aldatu zen antzinan eta gaur egun ere aldatzen ari da, nahiz eta eraldatzea zertan den argi ez egon. Beraz, hurrengo urteetan ikerketek jarraitu egingo dute. Horien eginbehar garrantzitsuenetakoa bilakaera horretatik zenbat naturala eta zenbat gizakiak eragindakoa den argitzea izango da.
Izen berdeko irla zuria
Kanadatik oso hurbil dagoen arren, Groenlandia Danimarkako zatia da. Bertako biztanleak, beraz, danimarkarrak dira, izenez bada ere. Populazioaren lau bostenak, hala ere, inuit (eskimal) jatorrikoak dira. K.a. 4000 eta 1000 urte bitartean Kanadako iparraldeko inuit-kulturak Groenlandiara iritsi ziren hainbatetan. Migrazio bakoitzak inuit-kultura desberdina eraman zuen irlara. K.o. 982. urtean, ordea, Groenlandiako biztanle guztiengandik erabat apartekoa zen bisitaria iritsi zen: Erik Gorria bikingoa.
Erik Gorria jaiotzez Norvegiarra zen, baina Islandian bizi zen erbesteratuta. 982. urtean erailketa bat izan zela eta Islandiatik bota zuten eta nahita edo nahi gabe Groenlandiarekin egin zuen topo.Hiru urtez irla esploratzen ibili ondoren, Islandiara bueltatu eta Groenlandiarako lehen bidaia handia prestatu zuen. 500 pertsona eta 25 itsasontzi atera ziren Islandiatik baina 14 besterik ez ziren Groenlandiaraino iritsi. 1000. urterako 400 edo 5 00 etxaldek eta 3.000 bat kidek osatzen zuten jatorri europarreko biztanleria. Komunitate txiki honek 500 urtez iraun zuen, baina oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak zirela medio, desagertu egin zen.
Groenlandiak Erik Gorriaren eskutik jaso zuen izena: Lur Berdea (Greenland ingelesez) deitu zion erabat maiteminduta utzi zuen lurraldeari. Batzuen ustez irlako hegoaldeko fiordo eta belazeen omenez eman zion izen hori. Beste batzuen ustez, berriz, berdea baino irla zuria zela jakin arren, emigrante gehiago erakartzeko azpijokoa izan zen izena.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia