}

Gripearen txertoa, mezularian kodetuta

2012/11/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gripearen-txertoa-mezularian-kodetuta
Gripearen aurkako txertoa ekoizteko, arrautzatan hazten dira birusak Arg. CDC/ Laura R. Zambuto

Gripearen birusaren aurkako txertoa garatzeko estrategia berri bat aurkeztu dute Alemaniako Friedrich-Loeffler Institutuko eta CureVac enpresako ikertzaileek, Nature Biotechnology aldizkarian. Estrategia RNA mezulariaz baliatzen da erantzun immunea eragiteko. Birusaren hemaglutinina proteina kodetzen duen RNA mezulariaren sekuentzia laborategian sortu dute ikertzaileek, eta saguei eta txerriei injektatu diete. Animalien zelulek berez sortu dute RNA mezularian kodetutako proteina, eta, horrek, proteinaren aurkako erantzun immunea aktibatu du animalietan. Estrategia berriarekin, animaliek jasotako babes-maila ohiko txertoen parekoa dela adierazi dute ikertzaileek, baina gizakietan ez dute oraindik probatu.

RNA mezulariaz baliatzen diren txertoen alde ona da ez dela gripearen birusa hazi behar hura sortzeko. Ondorioz, azkarrago eta merkeago lan egiteko aukera ematen du. Gaur egun, gripearen txertoa ekoizteko, birusak hazi egiten dira, edo arrautzatan, edo zeluletan, eta haietatik erauzten dira txertoan erabiltzen diren hemaglutinina eta neuraminidasa proteinak. Proteina horien aurkako erantzun immuneak babesten gaitu gaixotzetik, birusarekin kutsatuz gero. Ekoizpen-prozesu horiek luzeak dira, hilabeteak behar dituzte, eta, arrautzak erabiltzen diren kasuan, erreakzio alergikoak izateko arriskua dago pertsona batzuetan.

Estrategia berriak ez luke konponduko, ordea, gripearen txertoak duen zailtasun handiena. Izan ere, birusa azkar mutatzen da, eta, barietatea zein den, hemaglutinina eta neuraminidasa proteina batzuk edo beste batzuk espresatzen ditu azalean. Ondorioz, sasoitik sasoira egokitu egin behar da txertoa. Eta, ez hori bakarrik; sasoiak aurrera egin ahala, gailendu den barietatea zein izan, haren aurka propio prestatzen da txertoa, erlojuaren aurkako borrokan ia. Alemaniako ikertzaileek aurkeztutako metodologia proteina horien bidezko erreakzio immunean oinarritzen da, eta, horrenbestez, muga bera du. Hala ere, gizakietan eraginkor frogatuz gero, ekoizpen-denbora azkarragoa izateak —6-8 aste, ikertzaileen esanean— erraztu egingo luke ekoizpenaren erlojuaren aurkako borroka.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia