Gozoak eta naturalak, baina osasunarentzat kaltegarriak
2001/09/02 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Erregalizak, botilak, marrubiak, hartzatxoak, gereziak... gozoki-denda baten aurretik pasatzean tentazioa handia izaten da helduentzat eta, batez ere, haurrentzat. Baina, osasunerako kaltegarriak diren ideiarekin, tentazioari beti uko egin behar al zaio? Norberak ikusiko du zein neurri hartu, baina ikerketa berrien arabera, ez dago zalantzarik gozokiak kaltegarriak direla.
Jelatinazko lehen gozokia 1920an egin zen, Alemanian, baina urte gutxi batzuk nahikoa izan dira kolore eta forma guztiez baliatuz merkatua handitu eta hedatzeko. Hans Riegel eta bere emazte Gertrud dira gozoki horien sortzaile, baina seguru asko ez zuten inoiz pentsatuko gozokien merkatuak hainbesteko bilakaera izango zuenik. Gaur egun, espainiar estatuan, adibidez, 80.000 jelatinazko gozoki baino gehiago ekoizten da urtean, 40.000 milioi pezetako fakturazioarekin. Egia esan, zinema gelen inguruan egon ohi diren gozoki-dendak ikustea besterik ez dago kontsumitzaileen gustukoak direla ohartzeko; baina beste kontu bat da, gozoki horien osagaiak ezagututa, osasunean izan dezaketen eragina.
Osagai naturalak
Jelatinazko lehen gozokiak gardenak eta dirdiratsuak ziren. Gaur egun, koloretakoak izateaz gain, azukretuak, apartsuak, fruitu zaporekoak, erregalizak etab. egiten dira. Bistan da zapore eta itxura horiek lortzeko hainbat produktu erabiltzen direla, baina oinarrizko masa elikagai-jelatinaz edo landareetatik lortutako jelatinatzaileez osatuta dago.
Oraindik ere, goma-ehundura emateko erabiliena den lehen osagaia elikagai-jelatina da. Jelatina hori gizakiaren elikadurarako on diren animalien larruazaletatik eta hezurretatik ateratzen den jelatina da, eta, gozokietarako ez ezik, farmazia-industrian ere oso erabilia da, besteak beste, sendagai asko inguratzen duen kapsula egiteko. Lehen osagai horietan dagoen kolagenoa da jelatina egiteko erabiltzen dena. Jelatinaren % 84-90 proteinak dira, % 12-8 ura eta % 2-4 gatz mineralak. Proteinak aminoazidoz osatutako molekulak dira, eta jelatina osatzen duten aminoazido nagusiak hidroxiprolina, hidroxilisina eta arginina dira. Hortaz, jelatinak ez du batere gluzidorik.
Baina animalien larruazaletatik eta hezurretatik ez ezik, landareetatik eta algetatik ere ateratzen da gozokiei goma-ehundura ematen dien osagaia. Landareen eta fruituen azaletik lortzen diren osagaietako batzuk pektina, goma arabigoa eta agar-agarra dira. Lehena batez ere zitrikoetatik lortzen da, bigarrena Acacia generoko zuhaitzetatik eta hirugarrena alga gorrien zelulen paretetako konposatua da. Guztiak ur berotan disolbatzen dira, baina, ura hozten den heinean, nahasketa jelatinakara bihurtzen da.
Harritzekoa bada ere, gozokiei goma-ehundura ematen dien jelatinak ez du batere gluzidorik, baina gozoki ekoizleek badakite hutsune hori betetzen. Izan ere, oinarria jelatina bada ere, gozokiei azukrea, koloratzaileak eta zaporea ematen dieten gehigarriak gehitzen zaizkie. Ondorioz, gozokien herena gluzidoa da.
Koloratzaile eta zaporeei dagokienez, izozkietan eta, oro har, gozogintzan erabiltzen diren fruituetatik eta landareetatik ateratako substantziak erabiltzen dira. Azkenik, azukrez inguratuak ez diren gomazko--gozokiei landare-koipea ere eransten zaie, paketetan elkar itsas ez daitezen.
Osasunerako kaltegarriak ote?
Galdera horren erantzuna ez da, seguru asko, haur eta gozozaleen gustukoa izango, baina, bai, egunero gozokiak jatea kaltegarria da osasunerako. Gainera, ikerketa berriek lehendik ere ontzat ematen zena berretsi egiten dute.
Orain arteko ikerketek gozokien eta pisuaren arteko lotura egiten zuten batez ere. Gozoki asko jateak gizendu egiten duela esaten zen. Adierazpen hori ez da okerra, eta azalpen sinplea du gainera. Gluzidoak asimilazio azkarrekoak (gozokietakoak) eta asimilazio geldokoak (zerealetakoak) izan daitezke. Asimilazio azkarreko gluzidoak "puxtarri" antzekoak dira eta hesteetatik odolera arazorik gabe pasatzen dira. Asimilazio geldokoak, berriz, beraien artean lotu egiten dira eta organismoak denbora gehiago behar izaten du loturak apurtu eta gluzidoak asimilatzeko. Azken horiekin organismoak erraz lortzen du odoleko azukre-kopurua, gluzemia, erregulatzea.
Azukre-kopurua odol litro bateko 0,8-1 mg-koa izan ohi da. Asimilazio azkarreko gluzidoak, aldiz, arin heltzen dira odolera eta organismoak ez du erregulatzeko astirik izaten. Ondorioz, gluzemiak gora egiten du eta baita gordetako azukreak ere... hau da, kiloek!
Baina gozokiek badute beste eraginik; kiloen igoera ez ezik, odoleko presioarena ere eragiten dute, eta ez pentsa horretarako kiloka jan behar direnik! Suediako Sahlgrenska Unibertsitateko Helga Sigurjonsdottir ikertzailearen hitzetan "gozokien eta hipertentsioaren arteko lotura berrikusi egin behar da, eragina uste baino handiagoa baita". Nahikoa da 2-4 astez egunero 50 g erregaliz jatea odol-presioaren igoera nabarmena izateko.
Bestalde, egunero gozokiak jateak kortisol hormonaren gain beheretan duen eragina ere azaleratu da. Kortisola hormona naturaletan aktiboena da eta gorputzak gehienbat goizetan ekoizten du. Kortisolak protidoen desegitea, odolean azukre-kopurua igotzea eta giltzurrunetan gatzak atxikitzea eragiten du. Kortisolaren zeregin horiek guztiak garrantzitsuak dira, baina gozoki gehiegi janez gero, kortisola ez da desegiten eta, besteak beste, giltzurrunetan gatz gehiegi atxikitzen da.
Lehen ez zen ezagutzen kortisolak odol-presioan duen eragina, baina ikerketek aurrera egin ahala, gozoki gehiegi jateak kortisolaren metabolismoan eragiten duen entzima blokeatzen duela ikusi da. Birminghaneko Unibertsitateko Paul Stewart ikerlatzailearen arabera, "entzima hori aintzat hartu eta ikertzen jarraitu behar da, hipertentsioa ez baita gutxi batzuen arazoa".
Diotenez, jakinaren gainean errazago egiten omen dira hautuak. Hurrengoan gozoki dendaren paretik pasatzean, sartuko al zara gozokiak erostera?
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia