}

Gottlieb Daimler

1994/09/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Injineru aleman hau Württemberg-eko Schorndorf herrian jaio zen 1834.eko martxoaren 17an. Gaztetan arma-fabrika batean egin zuen lan eta Stuttgart-en (orduan Württemberg estatu independenteko hiriburu zen) teknika-ikasketak egiten zituen.

Gero lau urtez Alsazian tren-makinak egiteko Graftenstaden etxean aritu zen. 1860. urtean, Parisen E. Lenoir-ek asmatutako gas-motorea ikusi ahal izan zuen, baina 1863.ean berriro Alemaniara itzuli zen eta han lehenbizi eskola tekniko batean eta gero lantegi batean zuzendari izan zen.

1872.ean Wilhelm Maybach eta Daimlerri dei egin zieten Kolonia ondoko Deutz fabrika berrantolatzeko. Han 1864. urteaz gero N. A. Otto eta E. Langen gas-motore bat egiten ari ziren, baina 1876. urtean, barne-erreketako eta lau aldiko motorea egiten hasi ziren.

Dena den, Daimler eta Maybach Deutz fabrikan ez zeuden pozik ete beren fabrika berria antolatu zuten 1882.ean. 1883.ean Daimlerrek abiadura handiko motorea lortu zuen. Aurrekoak baino arinagoa eta eraginkorragoa zen. Urte hartantxe motore berria untzi bati akoplatu zion lehen aldiz.

1885. urtean, karburadorea asmatu eta gasolina erreta zebilen motorea egin zuen. Urte hartantxe bizikletari bere motoreetako bat aklopatu zion eta Baden inguruko Mannheim herrian kaleetan zehar erabili zuen (bizikletari beste bi gurpil txiki ipini zizkion, iraul ez zedin). Hura izan zen noski, lehen motozikleta.

1887. urtean, lau gurpileko ibilgailu bat motorizatu zuen eta hura lehenengotako automobila izan zela esan daiteke. Zaila da automobila pertsona jakin batek asmatu zuela esatea. Izan ere, XIX. mendearen azken hiru hamarkadetan zientzilari asko aritu zen horretan lanean, baino nolanahi ere Daimler lehen mailan ipini beharra dago.

1889. urtean, Daimler eta Maybach-ek erabat altzairuz egindako lehen automobila aurkeztu zuten Pariseko erakusketa unibertsalean.

1890. urtean Daimlerrek motoreak fabrikatzeko Daimler-motoren-Gesellschaft enpresa sortu zuen Kannstadtt-en eta han Mercedes automobilak (Daimlerren alabaren izena zen Mercedes) egiten hasi ziren.

Daimler Deutz fabrikan lanean ari zela E. Sarrazin frantsesa ezagutu zuen, eta gero hare alarguna E. Levassor jaunarekin ezkondu zen. Horregatik, Frantzian Panhard Levassor enpresa Daimler motoreak Frantzian egiten hasi zen eta motore haiek Peugeot etxeak erabili zituen berak egindako txasisetan automobilak fabrikatzeko. Gero Panhard-Levassor etxea ere automobilak egiten hasi zen.

Gottlieb Daimler jauna Württemberg-eko Kannstatt herrian hil zen 1990. urteko martxoaren 6an, baina berak sortutako empresak aurrera egin zuen 1926. urtean "Benz" konpainiarekin elkartu eta harez gero "Mercedes-Benz" automobilak egiten hasi ziren. Horrez gain tren-makinetarako, untzietarako eta hegazkinetarako motoreak ere egiten zituzten. Hindenburg eta Graf Zeppelin globo gidagarri erraldoien propultsio motoreak ere egin zituzten, eta 1936.ean motore dieseleko automobilak egiten hasi ziren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia