Gosea eta antidepresiboak
2002/07/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Loditasuna gaurko gizartean gero eta gehiago zabaltzen ari den gaitza da, eta gaixotasun askoren arrisku-faktorea. Hori dela eta, loditasuna tratatzeko farmako berri eta eraginkorrak aurkitzea ezinbestekoa da.
Jangura hipotalamoan sortzen den sentipena da eta haren erregulazioa neuropeptidoen, neurotransmisoreen eta hormona askoren menpe dagoen prozesu konplexua da. Prozesu horretan bi motatako neuropeptidoak hartu behar dira kontuan: orexigenoak edo janguraren sortzaileak eta anorexigenoak edo jangura murrizten dutenak.
Orexigenoen artean ezagunak dira, besteak beste, Y neuropeptidoak, zenbait peptido opioide, kanabinoide endogenoak eta abar. Anorexigenoen artean, berriz, CRF (corticotropin releasing factor), CART (cocaine and amphetamine related transcript) melanokortina, galanina eta zitokina daude.
Peptido horiek guztiek hipotalamoan eragiten dute, eta beraien arteko elkarrekintzek gosea eta asetasuna sorrarazten dute.
Neuropeptido horien aldaketek loditasuna, nerbio-anorexia eta bulimia bezalako gaitzak sorraraz ditzakete. Egun ez dago gaixotasun horiek tratatzeko farmako egokirik eta, gainera, erabili izan diren zenbait sendagai oso arriskutsuak eta osasungaitzak dira, anfetaminak adibidez.
Fluoxetina
Fluoxetina bezalako antidepresiboek jangura gutxitzen dute. Izan ere, substantzia horrek neuropeptidoen ekintza erregulatzen duten hipotalamoko guneetan eragiten du. Horregatik, antidepresibo hori loditasuna tratatzeko ere erabilgarria izan daiteke.
Gasteizko Farmazia Fakultateko Elikadura eta Bromatologia Sailean fluoxetinaren ekintza-mekanismoa ikertzen ari dira genetikoki loditutako arratoietan (Zucker fa/fa). Fluoxetinaren ondorioz, arratoi horiek % 50 gutxiago jaten dutela ikusi dute. Beraz, gorputzak pisu gutxiago hartzen du eta mota ezberdinetako gantz-ehunen tamaina txikiagotu egiten da.
Fluoxetinaren ekintza-mekanismoa ikertzean, Y neuropeptidoaren kantitatea txikiagotzen duela behatu dute. Peptido hori orexigenoa da, hau da, gosearen sortzailea. Fluoxetinak peptido horren garraioa eragozten du eta, ondorioz, gosea gutxitu egiten da. Beraz, fluoxetinak gosea sortzen duten peptidoetan eragiten du.
Horrez gain, gaur egun, gosea murrizten duten peptidoetan duen eragina ere aztertzen ari dira, hala nola, melanokortinetan. Izan ere, melanokortinek zenbat jaten den kontrolatzen duten mekanismo natural garrantzitsuenetariko bat osatzen dute. Orain, melanokortinen sistema-eragilean gerta daitezkeen aldaketak neurtzen ari dira, bai α-MSHn (alfa melanocyte stimulating hormone), zein MC4-R melanokortinen hartzaileetan.
Loditasuna gure gizarteko osasun-arazo larria da eta, gainera, beste gaitz batzuen sortzailea: hala nola diabetea, hipertentsioa eta dislipemia. Ikertzaileek, antidepresiboen ekintza-mekanismoak hobeto ulertuta, loditasunaren aurkako tratamenduak hobetzea espero dute.
Proiektuaren izenburua: Helburua: Zuzendariak: Lan-taldea: Saila: Finantzazioa: |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia