Gorputz-adarren paralisia: miraria egin nahian
2006/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela bost urte, Matt Nagle gazteari labankada bat eman zioten bizkarrezurrean. Ordutik, gorputz-adarrak paralizatuta ditu. Hala ere, orain gai da posta elektronikoa erabiltzeko, telebistari bolumena aldatzeko eta beso robotiko bat mugiarazteko. Eta hori guztia pentsatze hutsarekin egiten du.
Horretarako, BrainGate sistema erabiltzen du. Sistema Brown Unibertsitatean sortu dute, Cyberkinetics enpresak garatu du, eta garunean sortutako aginduak ordenagailu batera helaraztea ahalbidetzen du. Izan ere, halako lesioetan nerbio motorrek ez dute erantzuten, baina sarritan garuneko area motorrean ez da arazorik egoten aginduak sortzeko.
Hori aintzat hartuta, sistemak area motorrean jartzen diren 96 elektrodo ñimiño ditu. Elektrodoek garunean sortutako agindua jaso eta garezurrean finkatutako oinarrira bideratzen dute. Handik ordenagailura iristen da agindua, eta ordenagailuak agindutakoa eginarazten du, pantaila batean zein tresna robotiko baten bidez.
Nolanahi ere, sistemak baditu 'baina' batzuk: mugimendu gutxi batzuk besterik ezin da egin, eta, gorputzaren barrualdea eta kanpoaldea konektatuta egonik, infekzio-arrisku handia dago. Gainera, beste boluntario batzuekin ere probatu dute, eta emaitzak ez dira hain onak izan. Beraz, sistema hobetzeko ikertzen jarraitzeko asmoa dute zientzialariek.
Beste ikertzaile batzuk, adibidez, elektroentzefalogrametan oinarritzen dira. Elektroentzefalogramak egiteko, elektrodoak buruaren kanpoaldean jartzen dira; hortaz, ez dago kirurgiaren beharrik. Gero, ordenagailu batek garunaren jarduerak sortutako irudiak interpretatu eta aginduak betearazten ditu. Oraingoz, lortzen ari diren emaitzak ez dira oso onak, baina bide horretatik ere saiakerak egiten ari dira. Irtenbide baten bila.
Neurona motorrak zelula ametatik
Badaude paralisia gainditzen saiatzeko beste bide batzuk ere. Aurretik aipatutakoak garuneko aginduak ordenagailu batera transmititzean oinarritzen dira. Beste bide bat kaltetutako neurona motorrak ordezkatzean datza. Horretarako, zelula ametatik abiatzen dira: zelula ametatik neurona motorrak garatu eta haiek funtzionalak izatea lortuz gero, paralitikoak mugimenduak egin ahal izatera iritsiko lirateke.
Johns Hopkins institutuko ikertzaileek dagoeneko egin dute hori, birus batek paralizatutako arratoietan. Nonbait, zelula amak neurona funtzional bilakatzeko prozesuan behar diren eragileen nahaste egokia topatzea zen zailena, eta, dirudienez, oraingoan asmatu dute, tratatu dituzten 15 arratoietatik 11k mugimendu batzuk egitea lortu baitute.
Orain, txerriekin egin nahi dituzte esperimentuak. Giza enbrioien zelula ametatik neurona motorren aitzindariak garatu, eta txerriei txertatuko dizkiete, arratoietan probatutako eragile-nahastearekin batera. Bide luzea geratzen da gizakietan probatzerako, baina zelula amekin egindako ikerketetan ematen ari diren aurrerapauso garrantzitsuen adierazle da esperimentu hau.