}

Gonbidapenik gabeko ostalariak

2003/12/13 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Daudela jakinda edo jakin gabe, etxeetan izurriak jasan behar izatea ez da zaila. Teilatuetan pilatzen diren usoak, edozein zirrikitutatik sartzeko gai diren inurri edo labezomorroak, altzariak jaten dituzten pipiak, saguak, eltxoak… alokairurik ordaintzen ez duten bizilagunak dira. Izaki txiki horiek guztiak, eta beste asko, gizakiaren ondoan bizi dira betidanik. Ez da harritzekoa, eraikinetan ezkutatzeko toki ugari eta hazteko inguru egokia aurkitzen dituztelako.

Etxeetan bizi diren izakietako askok ez dute kalterik egiten, eta normalean ez dute batere kalterik egiten. Hala ere, batzuetan gertatzen da bizitzeko kondizio oso egokiak aurkitzen dituztela —tenperatura, hezetasuna eta janariak—, eta neurririk gabe ugaritzen dira. Izurria da hori.

Etxe barruko izakien izurriak gehienetan bat-batean gertatzen direnez, oso zaila dirudi aurrez zerbait egin ahal izateak. Eta egia da, baina, zaila izan arren, badago zer egin. Sarbiderik ez uztea izan daiteke lehen neurria; hori eta ugaritzea eragin duten faktoreak murriztea. Horrelako izurriren bat jasan behar izan duena ariko da dagoeneko: "esatea errazago".Ez zaio arrazoirik faltako! Edo bai? Beharbada. Izan ere, sarbideak ixtea badago. Ez da astero, hilero, eta, ezta seguruen, urtero egin beharreko lana, baina bi edo hiru urtetik behin badago etxebizitzaren errepaso oso moduko bat egitea. Egon daitezkeen pitzaduratxoei erreparatzea, hormetan edo sabaian sortzen diren zulotxoak estaltzea, eta leihoetako eta ateetako junturak ondo ixtea, adibidez, ahalegin berezirik eskatu ez eta ondorio ona duten ekintzak dira.

Etxebizitza behar bezala zigilatuta dagoela ziurtatu ondoren, izakiak ugaritzea saihesteko zerbait egitea ere badago. Esate baterako, etxea ahalik eta garbien edukitzea oinarrizkoa da, batez ere janaria erabiltzen eta pilatzen den inguruan. Hezetasuna sortzen duten itoginak, ur-putzuak, kondentsazioguneak… ahalik eta lehorren edukitzea ere garrantzitsua da. Eta, jakina, zaborra maiz ateratzeak eta etxeko animaliak garbi edukitzeak ere lagunduko du izurriteei aurre egiten.

Aurreko lerroetan azalduta bezala jokatuta ere, izurriteak eraso egiten badu… zorte txarra. Estrategiaz aldatu beharko da, prebentzio-neurriak alde batera utzi eta erasora pasa. Teknikak? Izurritearen araberakoak, noski. Zein izurrite den, zer tamainatakoa, zerk eragin duen, zein tokitatik abiarazi den, eta non dagoen jakin behar da lehenik. Gero, horren arabera, erasorako arma bat edo beste bat aukeratu beharko da: sistema biologikoak, mekanikoak edo kimikoak gehienbat. Merkatuan eskaintzarik ez da falta behintzat.

Termitak

Inurriekin eta erleekin batera, termitak gizarte antolatua duten intsektu bakarrak dira. Antolaketa horretan banaketa argia da, eta zereginak zehatzak. Termita langileek, adibidez, termitategia egiten dute, larbak eta arrautzak zaintzen dituzte, eta janari bila aritzen dira. Era berean, soldaduek termitategia zaintzen dute, eta errege-erregina bikoteak ugaltzea eta termitategiaren egitura soziala kontrolatzea du helburu; feromonak erabiltzen ditu horretarako. Bigarren mailako erreproduzitzaileak ere badira. Horiei, batzuetan, azala belzten zaie eta hegoak irten. Orduan termitategitik irteten dira, berri bat egiteko. Bikote berriak hegoak galtzen ditu eta ahal duten tokian zulotxoa egin ondoren arrautzak jartzen ditu. Ninfak jaiotzen dira hortik eta amak elikatzen ditu, langile bihurtzen diren arte. Gero, langile kopurua hazten denean, lehen soldaduak agertzen dira, eta geroago bigarren mailako erreproduzitzaileak. Zikloa berriro hastem da.

Termitategiak lur azpian egoten dira. Termitak, lurpetik etxeetako hormetara sartzen dira eta gero egurrera. Irtenbiderik egokiena isolamendu-neurriek ematen dute.

Pipia

Egurra zulatzeko gai diren intsektu gehienei pipiak deitzen zaie. Gehienbat egurrean ikusten badira ere, pipiak intsektu hegalariak dira; hegalari bikainak gainera. Hori dela eta, hegan toki urrunetara ere irits daitezke. Udara eta udazkena bitartean egurretik irten eta ugalketa-beharrei erantzuten diete.

Emeek egurraren pitzaduretan jarri ohi dituzte arrautzak, 80ren bat errunaldiko. Arrautzak txiki-txikiak izaten dira, ezinezkoak begiz ikusteko. 4-5 aste igaro ondoren, larbak irteten dira arrautzetatik. Marruskatu eta marruskatu, egur barrura sartzea lortzen dute. Tuneltxoetan sartzen dira, eta hazi ahala tuneltxo handiagoak egiten dituzte. 2-3 urte eman ditzakete egur barruan. Denbora hori igarota, heze eta epel egon badira, pupa egin eta larba helduak egurretatik irteten dira. Arrastoa uzten dute une horretan, zuloa edo zerrautsa. Pipiak jandako altzarietan ikusten dena, alegia.

Deskribatutakoa pipien jokabide estandarra da. Izan ere, pipi-mota ugari dago, eta bakoitzak bere bizi-ohiturak ditu. Gauza batean gutxienez bat egiten dute: egurrean agertzen den zuloa beti irteera da, inoiz ez sarrera.

Pipien zikloarekin bukatzeko, zura estaltzen duten berniz edo pinturak altxatu behar izaten dira, eta babesa ematen duten intsektizidak erabili.

Labezomorroak

Intsektu ilun horiek ondo ezagunak dira asko eta askorentzat. Gorputz obalatua eta zapal-zapala dute. Horri esker, edozein pitzaduratan sar daitezke. Hanka luze-luzeak dituzte eta arantzaz beteak, horregatik bizkorrak dira eta eskalatzaile onak. Gauez mugitzen dira gehienbat. Gauez jaten dute, edan, eta gauez aurkitzen dute bikotea ere. Dena den, egunez ere badago labezomorroak ikustea. Gose edo egarri direnean edo, beste barik, labezomorroen populazioa gehiegi haztean irteten dira. Oro har, labezomorroek hezetasuna maite dute, hezetasuna eta beroa.

Arrautzatik jaio, eta, gero, ninfa bihurtzen dira labezomorroak, heldu izatera iristen diren arte. Espezie batzuek hegoak ere badituzte, baina ar gutxi batzuk baino ez dira hegan egin dezaketenak.

Labezomorro-espezie ugari dagoenez, portaera asko aldatzen da batetik bestera, baina badute zerbait komunean: gizakiaren ondoan bizi dira gustura. Izan ere, labezomorroek denetik jaten dute, edozein hondakin, baina gehien fekuladun substantziak, gozoak eta haragia gustatzen zaie. Besterik ezean, telak, papera, arropak… jan ditzakete.

Intsektu horiei aurre egiteko sistemarik onena intsektizidak dira.

Arratoiak eta saguak

Saguek eta arratoiek ugaztunen ohiko ziklo biologikoa osatzen dute. Ernalketaren ondoren, 21 edo 22 egunera espeziearen arabera, emeek 5-14 kume erditzen dituzte. 2-3 hilabetean kume horiek heldu izango dira. Ugaztun horiek urtean behin baino gehiagotan erdi dezakete. Tenperatura epela bada, elikagaiak erraz lortzen badituzte, eta ezkutaleku ona aurkitzen badute, urtean zazpi aldiz erditzera ere irits daitezke. Etxeetan batez ere udan eta udazkenean sartzen dira, babes eta janari bila.

Saguek eta arratoiek arrasto dezente uzten dituzte: oin-markak hautsa dagoen tokietan, marruskatzerakoan egindako markak, ileak, pixa-arrastoak… Isil-isilak ere ez dira, euren lasterkaldiak erraz entzuten dira, eta etxeko gainerako animaliak ohi baino urduriago badaude, marruskatzaile horien ondorioz izan daiteke.

Ospe txarreko animalia hauek oso ondo ikasi dute etxebizitzen barruan bizitzen, baina, espeziearen arabera, ohitura desberdinak dituzte. Estolda-arratoiak, adibidez, toki hezeetan bizi dira. Jatun bikainak dira. Papera, egurra, goma, beruna, barazkiak, intsektuak… denetarik jaten dute. Eta ez gutxi: egunero beren pisuaren herena. Lurpean edo estoldetan egiten dituzte habiak, eta etxebizitzetara janari bila joaten dira. Arratoi beltzak, berriz, toki lehorrak atsegin ditu. Animaliak eta barazkiak jaten ditu, eta, eskalatzaile bikaina denez, zuhaitzetan eta ganbaretan hartzen du ostatu.

Arratoiak oso mesfidatiak dira. Janariren bat aurkitzen dutenean, arratoi bakar batek probatzen du, eta, hiltzen bada, gainerakoek ez dute handik jaten. Immunizazio-gaitasun handia dute, beren metabolismoa eraldatzen duten sistema dutelako.

Normalean arratoiak zikinkeria pilatzen den tokietan bizi dira, horregatik, gaixotasun askoren bektore izan daitezke.

Arratoiei aurre egiteko sistema asko daude, baina erabilienak eta eraginkorrenak pozoia eta harrapagailuak dira.

Intsektu hegalariak

Dagoeneko lozorroan daude, eta udaberrira arte ez dira esnatu ere egingo, eguzkia bazterrak berotzen hasiko den arte. Ordura arte, ezkutuan egongo dira, horietako asko etxe barruko epelean, goxo-goxo. Esnatzen direnean, berriz, akabo bakea!

Intsektizidak, euliak hiltzekoak, eskutrapuak, gailu ultramoreak… ez dira irtenbide kaskarrak, baina eltxo-sareak baino hoberik ez dago. Izan ere, intsektu hegalariak sartzen ez badira,ez dute trabarik egingo. Beraz, sarrera eragoztea, etxea egunero garbitzea, fruta-ontzia ondo begiratzea fruta ustelik egon ez dadin, eta gauez leihoak irekitzen direnean argiak itzalita edukitzea ez dira neurri txarrenak intsektu hegalari barik bizi ahal izateko.

Arkakusoak

Bata bestearen ondotik datoz arkakusoa eta azkura. Arkakusoak odol beroko animalien odola xurgatzetik bizi dira. Xurgatze-lana egiteko zauri txiki-txikia egiten duten arren, azkura ez da nolanahikoa izaten. Etxean askotan animalien bidez sartzen dira, baina arropaz ere baliatzen dira horretarako.

Arkakusoez libratzeko lehen urratsa bektorea garbitzea izaten da, animalia alegia. Horretarako, produktu ugari daude merkatuan, eta, behar bezala erabiliz gero, ez dute arazorik sortzen. Garbiketa etxetik kanpo egitea izaten da gomendagarria, garbitzen hasterakoan balitekeelako arkakusoek jauzi egin eta etxean zehar barreiatzea.

Animalia garbitu eta gero, etxea. Xurgagailua da tresnarik eraginkorrena, arkakusoez gain arrautzak eta larbak ere garbitzen dituelako. Alfonbrak, moketak, sofak, almohadak, oheak… bereziki ondo garbitu behar dira.

Izurritea garbitutakoan, prebentzio-neurriak hartzea komenigarria izaten da errepika ez dadin. Arkakusoen aurkako lepokoak, pilulak eta garbitasuna nahikoa dira.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia