}

Golkoko gerraren ondorioez

1996/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gutxi dakigu oraindik Golkoko Gerran gertatuari buruz eta jakina, ez gara liskar politikoez ari. EEBBetako soldaduen artean, Golkoko sindromea izenaz ezagutzen den gaixotasuna maiz aipatu izan da horri loturik, nahiz eta osasun-erakundeek behin eta berriro gaixotasun hitza erabat arbuiatu.

Duela bi hilabete elkartu zen Washingtonen EEBBetako Biologia Esperimentaleko Elkarteen Federazioa eta hortxe eman zen sindromearen jatorriari buruz orain arte eskaini den informaziorik argiena: batetik sintoma guztiak biltzen dituen koadro patologikoa egon badagoela onartzen da; bestetik, horren jatorria soldaduei ematen zitzaien medikazioaren eta intsektuen kontra erabiltzen zuten intsektizidaren nahasketa ei dela aipatzen da.

Sindromearen sintomarik usuenak memoria galtzea, buruko minak, loaren alterazioak, ataxia, azaleko arrazorik ez duen neke-sentsazioa edota arnasketa-arazoak dira. Adituen iritziz, arerioek ustez erabiliko zuten nerbio-gasari aurre egitearren hartzen ziren piluletan ei dago sindromearen gakoa.

Pilula horiek substantzia kimiko desberdinak nahasiz egiten dira eta soldaduek masiboki hartu zituzten irakiarrek erabiltzen omen zuten gasaren beldur. Organismoak ez du substantzia horiek guztiak asimilatzerik eta horietarik asko eta asko metatu egin ziren. Intsektizidetako substantzia kimikoekin erreakzioan hastean sortu omen zen Golkoko sindromea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia