Goierri eta Urola Garaiko enpresak ohitura txukunak hartzen ari
1999/03/01 Etxaide, Maider Iturria: Elhuyar aldizkaria
zenbait enpresari.
Ingurugiroaren arloan, medikuntzan bezalaxe, prebentzioa gero sendatzea baino hobea eta merkeagoa da. 70eko hamarkadaz geroztik euskal industrian poluzioa prebenitzeko makina bat ahalegin egin da, baina orain arte ez dira saio horiek sendo sustraitu. Asko dira martxan dauden esperientziak; Goierrin eta Urola Garaian gertatzen ari direnak, besteak beste. Izan ere, bi eskualde horietako UGASSA eta GOIEKI Merkataritza Garapenerako Agentziek, Ingurugiro Kudeaketarako IHOBE Sozietate Publikoak eta Sasietako Zabor Mankomunitateak bat egin dute eskualde hauetako enpresetan produkziobide garbia bultzatu asmoz. Horretarako, Egitarau bat taxutu eta bi eskualdeetako 18 enpresa bere aterkipean biltzea lortu dute.
Goierrin bezalaxe, beste eskualde batzuetako enpresek ere bat egin dute Produkzio Garbiaren Egitarauarekin. Hor ditugu, batetik, Deba Garaiko 27 enpresa eta Urdaibaiko beste 17 eta, bestetik, produkzio-sektoreen arabera elkarturiko enpresek osatutako taldeak, guztien artean 118ko kopuru polita osatzen dutela. Ez da zifra makala estatuko beste lurralde batzuetako egoera kaskarrarekin alderatzen bada. Azal ditzagun jarraian enpresa horietariko batzuetan buruturiko esperientziak.
Poluzioa murrizteak onura galantak ekartzen ditu
Legazpiko Bellota Herramientas S.A. enpresan labe-aldaketa hutsarekin hondakin-sortzea ikaragarri murriztu dute: labe zarrarekin berun-zipriztin eta mintzak, arragoa-hondakin zulatuak, erabilitako olioak, berun-bainuko emisio toxikoak, fuel-errekuntzaren ondoriozko gasak eta olio-lurrunak sortzen ziren, baina gas natural bidezko labe berriaz 10 tona berun, 8 tona olio eta 280 tona fuel aurrezten dira.Halaber, CO 2 eta SO 2 emisioak % 31 eta 99, hurrenez hurren, murrizten dira eta 12 tona hondakin gutxiago dira. Ostera, energia-kontsumoari eutsi egiten zaio.
Zumarragako Ampo, S. Koop.ek duela gutxi arte ibaietara botatzen zituen bere ur zikinak legeak agindutako muga-mailak sobera gaindituz. Egun, industri eta hiri-urak tratatu aurretik banantzen dituzte. Hiri-urak hodi biltzailera botatzen dituzte eta industri urak sistema fisikokimiko baten bidez tratatu eta ondoren berriz erabiltzen dituzte. Azkenik, sortutako lohiak hondakin gisa kudeatzen dituzte. Horrela lortu dute, batetik, ur-kontsumoa eta isurketak % 44 eta 56, hurrenez hurren, murriztea eta, bestetik, ura erabili, isuri eta araztearen kostua % 40 jaistea.
Legazpiko GSB Forja, S.A.n prozesuan erabiltzen zuten olioa hondakin bihurtzen zen lehen. Gainera, azal- eta granaila-hondakinak Sasietako Mankomunitatera eramaten zituzten isurtzera. Orain, hondakinak banandu eta azpiproduktu bihurtzen dituzte, merkatuan saltzeko. Horrela, lehen tratamenduan xahutzen zuten dirua aurrezteaz gain beste diru-sarrera bat lortu dute. Balantze orokorra ondokoa litzateke: olioaren atal bat birziklatzearen ondorioz % 41 olio berri gutxiago kontsumitzen dute; azal- eta granaila-hondakinak % 100 murriztu dituzte, eta neurri guzti hauei esker urteko gastuak (material-erosketa, kudeaketa eta garraioarenak) % 42 jaistea lortu dute.
Ingurugiro-hobekuntzaren aldeko etengabeko apustua
Adibide hauek honakoa erakusten dute: teknologia hobetzeak ingurugiroaren egoera hobetzea dakarrela eta horrekin batera enpresetako ekonomia ere susper daitekeela, diru-mordoa aurrezten baita nahiz eta hasieran inbertsio handi samarrak egin.
Alabaina, lehiakortasuna eta ingurugiroaren kalitate ona epe luzera ziurtatzeko ingurugiro-mailako enpresa-hobekuntzak etengabeko jarduera bezala hartu behar dira, bere horretan ixten den zirkulu baten gisara: aurrenik planifikatu, ondoren burutu, geroago egiaztatu, akatsak zuzendu eta berriro hasi, bidea inoiz utzi gabe. Izan ere, hori baita ingurugiro-hobekuntzaren alde benetan apustu egitea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia