}

Gogorrago ez da eraginkorragoa

2000/04/08 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Bularreko minbizia urtero emakume gehien hiltzen dituen minbizi-mota izanik, ikerketa ugari bideratzen dira haren aurkako borrokara. Eta ikerketa ugarik, emaitza ugari ekarri ohi dituzte. Baina minbizia hizpide, zuhur jokatzea ezinbesteko da.

Gaur egun kimioterapia da minbizia tratatzeko metodo ohiko eta eraginkorrena. Baina kimioterapia ez da botika selektiboa, ez ditu zelula gaiztoak soilik suntsitzen. Kimioterapiak gorputzeko zelula eta ehun guztiei erasotzen die eta zelula osasuntsu eta erabat beharrezkoak ere deusezten ditu. Sistema immunologikoa, esaterako, kaltetua izan ohi da kasu hauetan. Horregatik gaixoei ezin zaie edozein dosi eman: zelula kantzerigenoak hiltzeko adinako kimioterapia aplikatu behar zaie, baina beste zelulak erabat suntsitu gabe.

Hezur-muinak garrantzi berezia du hemen, odoleko zelula guztien iturria baita. Hezur-muinean zelula ama deritzen zelulak daude, odoleko linfozito, globulu gorri, plaketa eta abarren jatorria. Zelula amek etengabe berritzen dituzte odoleko biztanleak, gure osasunean zer esan handia duten biztanleak. Kimioterapia oso erasotzaileak, ordea, aipatutako ama-zelulak ere hil egingo ditu eta gure odola defentsarik gabe eta defentsa horiek sortzeko gaitasunik gabe geratuko da.

Baina kasu askotan kimioterapia oso erasotzaileak behar izaten dira gaitza gainditu nahi bada. Horregatik, 80eko hamarkadan teknika berria saiatu zuten Estatu Batuetako ikertzaileek: gaixoa kimioterapiaz tratatu aurretik hezur-muineko zelula amak jaso egiten zaizkio eta tratamendua amaitu ondoren zelula horiek berriz ere bere lekuan jartzen dira. Horrela, kimioterapia-dosi handiagoak aplika daitezke.

Minbiziaren kontrako tratamendua kimioterapia da beti ere, baina kasu honetan zelula amen autotrasplantea ere egiten da, kimioterapiaren ondoren gaixoa sendotzeko. Sendotze hori oso garrantzitsua da gaitzaren kontrako borrokan, kimioterapiak gizabanakoaren organismoa asko ahultzen baitu. Teknika minbizi likido deritzenak tratatzeko hasi zen erabiltzen, hau da, leuzemia eta zenbait linfoma-mota eta oso emaitza onak lortu ziren.

Emaitza on horiek ikusita, teknika berbera minbizi solidoetan aplikatzen hasi ziren, bularreko minbizi-kasuetan batik bat, baina baita beste kasu askotan ere. Saiakuntza hauei 90eko hamarkadarekin batera edo zertxobait lehenago ekin zitzaien.

Oraingoan ere emaitzak oso positiboak izan ziren, edo ziruditen, eta arrisku handiko minbizi- -kasuetan edota metastasia gertatu zen (hots, minbiziak jatorriko gunea ez ezik gorputzeko beste atalak ere harrapatu zituen) kasuetan aplikatzen hasi zen.

Lehenengo urte haietan egin ziren ikerketen arabera, kimioterapia eta autotrasplantea bateratuz minbiziaren garapena denbora luzeagoz eutsi eta oztopa zitekeen eta teknika berehala hedatu zen munduko beste herrialdeetara ere.

Donostiako Institutu Onkologikoan 1994.eko maiatzean egin zitzaion lehenengoz autotrasplantea bularreko minbizia zuen gaixo bati. Baina, bularreko minbiziari dagokionez behintzat.

Horren lekuko datorren apirilaren 13an New England Journal Of Medicine goi-mailako aldizkari medikoan argitaratuko den artikulua da. Bertan 1990 eta 1997a bitartean eginiko ikerketaren berri ematen du. Ikerketan bularreko minbizia zuten 553 gaixok hartu zuten parte: batzuek ohiko kimioterapia-saioak jasan zituzten eta besteei autotrasplantea egin zitzaien. Gaixo horien eboluzioa hainbat urtetan aztertu ondoren, ez zen bi taldeen arteko desberdintasun nabaririk somatu: kimioterapia arrunta kimioterapia erasokorra bezain eraginkor agertu zen. Hau da, autotrasplantea ez da abantaila berezia bularreko minbizia tratatzeko (gogoratu teknika hau metastasia egon den edo arrisku handiko bularreko minbiziko kasuetan erabiltzen dela).

Aipatutako ikerketaren emaitzak jada susmatzen zena baieztatu dute, hots, nolabaiteko egonkortzea dagoela kimioterapia-maila batetik aurrera, edo bestela esanda, botikaren eraginkortasuna ez dela kantitatearekiko zuzenki proportzionala. Hau da, oso erasotzaile izatea ez da oso eraginkor izatearen sinonimo. Baina baieztapen honek ez du inolaz ere hankaz gora jarri minbiziaren kontrako borroka. Autotrasplantea minbiziaren aurkako saio bat da, martxan jarri zenean oso ona zirudiena, nahiz eta denborarekin hain ona ez dela ikusi den. Hala ere, ez da baztertu beharreko metodoa. Gaur egun leuzemia eta honen moduko minbiziak tratatzeko oso teknika eraginkorra da, eta gaitz horietan baliagarria dela frogatuta dago.


Arrate Plazaola, Onkologikoko medikua

Ohikoa al da tratamendu berriek porrot egitea?

Bai, askotan gertatzen da ona zirudien tratamendua gerora hain ona ez izatea, batez ere minbizi eta antzeko gaitzekin. Sendabidea aurkitzeko nahia hain da handia, ze onak diruditen tratamendu berriak oso azkar jartzen baitira martxan ospitaleetan, nahiz eta erabat ikertu gabe egon. Autotrasplantea bularreko minbizian aplikatzen hasi zenean hiru ikerketa egin ziren; bi ikerketek, orain ikusi den moduan, autotrasplanteak abantailarik ez zuela adierazi zuten; beste batek berriz, oso emaitza onak plazaratu zituen. Emaitza on horiek ikusita, ikerketei jarraipena ematea erabaki zen eta bitarte horretan tratamendua ospitaleetan aplikatzen hasi ziren. Zoritxarrez, hirugarren ikerketa honen emaitzak faltsuak zirela aurkitu zen gero, ikertzaileek gezurra esan zutela.

Zerk baldintzatzen du tratamenduaren eraginkortasuna?

Oso zaila da hori jakitea. Minbizi solidoetan badirudi ezkutuko tumore-zelulak daudela, kimioterapiari ihes egiten diotenak eta aldi baterako "lo" geratzen direnak. Baina gero, berriz ere ugaldu egiten dira. Minbizi likidoetan berriz, hezur-muina bera izan ohi da gaitzaren jatorria eta, horregatik, autotrasplantea eraginkorragoa da. Hala ere, arrazoiak ez daude batere argi.

Zein da egun tratamendurik egokiena bularreko minbizian?

Diagnostiko goiztiarra da bularreko minbiziaren aurka borrokatzeko biderik eraginkorrena, eta tratamendua beti ere, kimioterapia da.

Nondik nora doaz ikerketak?

Gero eta gehiago terapia genikoa da ikertzen dena, tumoreari bakarrik erasoko dien botikak aurkitzeko. Horrelako tratamendu bat aplikatzen hasi da jadanik eta tumorearen tamaina asko txikiagotzea eta gaitzaren garapena moteltzea lortu da. Oraingoz, gainera, badirudi botika oso espezifikoa dela eta tumore-zelulei bakarrik erasotzen diela. Hala ere, terapia hau ezin da bularreko minbizi-kasu guztietan aplikatu. Tumorean proteina konkretu bat dagoenean bakarrik balio du.

Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia