}

Gogoratzen Louise Brownekin?

2004/07/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Louise Joy Brown lehenengo probeta-haurra izan zen. Haren ondotik milioika haur jaio dira in vitro ernalkuntzaren bidez. Dagoeneko onartu du gizarteak teknika hori, baina makaleko eztabaida piztu zuen bere garaian.

Haurraren lehenengo negarra gauerdia baino lehen entzun zen. Erditze-gela jendez gainezka zegoen: ohiko langileez gain zenbait ikertzaile eta kameralari bat ere baziren. Ez zuen inork pozezko irrintzirik egin, baina gehienek lasaiago hartu zuten arnasa, seguru.

1978ko uztailaren 25a zen, Louise Brown txikia Ingalaterrako Oldham-en jaio zenean. Haurrak bi kilo eta seiehun gramoko pisua zuen, eta, itxura guztien arabera, normal-normala zen.

Itxuraz bai, baina gainerakoan hain normala ere ez zen ume hura; izan ere, saiodi batean ernaldu zen, eta, hori zela eta, probeta-haurra izena jarri zioten garai hartako komunikabideetan. Batek baino gehiagok uste zuen haurrak akatsen bat izango zuela, baina denborak erakutsi zuen Louise gainerako haurrak bezalakoa zela.

Bikote askoren itxaropena

Jaiotza hura itxaropen-iturria izan zen haurrik izan ezin zuten bikote askorentzat. Izan ere, ordura arte lagundutako ernalkuntzako teknikak ez zuen arrakastarik izan, eta oso gutxi ziren ikertzaileengana laguntza eske joaten ziren bikoteak. Brown sendiaren arrakastak, ordea, animatu egin zuen jendea bide berari jarraitzera.

Ikertzaileek ikusi zuten in vitro ernalkuntza hobetzen jarraitzeko aukera polita zela; baina oraindik ere oso emakume gutxik lortzen zuen teknika horren bidez haurdun geratzea, eta gehienek lehenengo hamabi asteetan galtzen zuten haurra. Hala ere, ikerketak aurrera egin ahala, asko hobetu zen teknika, eta, gaur egun, milioi bat lagun baino gehiago dira saiodi batean ernaldutako obulu batetik sortutakoak.

Baina, itxaropenaz gain, hika-mika ere ekarri zuen Louisen jaiotzak. Eztabaida etikoa zen batik bat. Gizakiak bazuen ernalkuntzan esku hartzeko eskubiderik? Hori zen airean zegoen galdera. Eliza katolikoak, esate baterako, argi utzi zuen bere jarrera, gaitzetsi egiten zuen in vitro ernalkuntza.

Oraindik ere puri-purian

Eztabaida hura gaur egunera arte iritsi da. Kasu askotan arazoa emakumearen Falopioren tronpetan egoten da, itxita edo buxatuta daudelako; hain zuzen ere, arazo horixe zuen Brown andreak, Louisen amak. Halakoetan, emakumeak obulua ekoizten du, baina ezin da tronpan behera joan, eta, ondorioz, espermatozoideak ezin du ernaldu. Kasu horietan, in vitro ernalkuntza da biderik aproposena, alegia, amaren gorputzetik kanpora ernaltzea obulua.

Prozesu horretan, ernaldutako obulu bat lortzeko aukera gehiago izateko, obulu bat baino gehiago erauzten dira amaren obulutegitik. Obulu horiek espermarekin nahastu eta ernaldutako obuluak amaren uteroan txertatzen dira.

In vitro ernalkuntzan amaren gorputzetik kanpora ernaltzen da obulua.

Baina haurdunaldi anizkoitza saihesteko ez dira hiru obulu baino gehiago erabiltzen. Eta zer egin gainerakoekin? Hor dago koska. Izan ere, ez da zehaztu ernaldutako obuluak, protoenbrioi ere esan zaienak, izaki bizidunak diren ala ez, eta, aldi berean, ez dago argi zenbatgarren astetik aurrera esan daitekeen enbrioia gizakia dela.

Robert Edwards-ek argi dauka oztopo moralek ez dutela ikerketaren aurrerapena mugatu behar. Hura izan zen Brown andrearen obuluen ernalkuntza bideratu eta haurdunaldia zaindu zuen fisiologo-ikertzailea. Eta, haren esanean, ernalkuntza-teknika horrek halako eztabaida sortu zuen arren, dagoeneko onartu du gizarteak, eta oso ohikoa da.

Edwards da in vitro ernalkuntzaren aitzindaria. Louise Brown jaio aurretik hogei urte baino gehiago zeramatzan giza obuluekin lanean; eta, oraindik ere, erdi-erretiratuta dagoen arren, oso gertutik jarraitzen ditu lagundutako ugalketa-teknikak. Baina ez zuen bakarrik lortu arrakasta itzel hura. Patrick Steptoe izeneko ginekologo baten laguntza behar-beharrezkoa izan zuen; izan ere, Steptoe laparoskopioa erabiliz Falopioren tronpetara iris zitekeen, eta, hala, obulua heltzeko zein fasetan zegoen ikus zezaketen erauzi aurretik.

Lehenengo probeta-haur hura jaio zenetik aurrerapen asko egin da lagundutako ernalkuntza-teknika horretan. Pixkanaka, emakumearen ugalkortasuna kontrolatzeko botikak garatu dira; hau da, hormonak erabiliz, obulutegia obulu bat baino gehiago ekoiztera bultzatzen da.

Milaka dira gaur egun in vitro ernaldutako obuluetatik jaiotako haurrak.

Bestalde, hasiera batean ez zeukaten garbi zenbat egun itxaron behar zuten in vitro ernaldutako obulua amaren uteroan sartzeko. Hasieran bost bat egun egoten ziren, baina Browndarren kasuan bi egunera sartu zuten obulua, eta, ongi txertatu zenez eta enbrioia normal garatu zenez, erabilitako metodoa eredu gisa hartu zuten ordutik aurrera.

Zenbaitek pentsatu zuen Louise Brown mirari bat izan zela, ezin zela haurrik jaio in vitro ernalkuntzaren bidez. Baina azken hogeita sei urteetan aldaketa asko gertatu da, eta gaur egun arrunta da haurra izateko ginekologoarengana joatea laguntza eske.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia