}

Glukosazko pilak

2002/11/12 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Texasko Unibertsitateko kimikari-talde batek glukosaren eta oxigenoaren arteko erreakziotik elektrizitatea lortzen duen pila asmatu du.

Glukosak oxigenoarekin erreakzionatzen du glukosa oxidasa entzimari esker. Metabolismoan etengabe gertatzen da erreakzioa, eta energia sortzen da prozesu horretatik. Kimikariek asmatu duten pila berriak energia hori elektrizitate bilakatzen du.

Odolean glukosa ugari dagoenez, pila gorputza aztertzeko eta kontrolatzeko sentsoreen energia-iturritzat erabil daitekeela uste dute zientzialariek. Odolaren tenperaturan eta pHan energia sortzeko gai da ( 37º C eta 7,2ko pHa) eta, gainera, eskuko erloju baten pilak bezainbat energia sortzen du: 1,9 mikrowatt gutxi gorabehera.

Glukosaren oxidazio-erreakzioa bi zatitan banatzen da eta zati bakoitza pilaren elektrodo batean gertatzen da. Elektrodo batean glukosa oxidasa entzima dago. Entzima horrek glukosari elektroiak kentzen dizkio. Bigarren elektrodoan beste entzima batek oxigenoari ematen dizkio elektroi horiek. Horrela, erreakzioa aurrera doan heinean, elektroiek korronte elektriko bat sortzen dute.

Pilak, energetikoki autonomoak diren sentsoreak eraikitzea ahalbidetzen du. Horrela, esaterako, diabetikoek odolean glukosa-maila neurtzen duten sentsoreak izan ditzakete. Edo gorputzaren barne-funtzionamendua hobeto ezagutzen lagunduko duten gailuak eraiki daitezke.

Hala ere, asmatzaileek esan dute pila oraindik ahulegia dela, nahiko azkar ahitzen baita. Beraz, oraindik ere findu egin beharko dute teknologia berria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia