Globoa: 219 urte bete dituen asmakizuna
2002/06/04 Elhuyar Zientzia
1783an igo zen lehen aldiz aire beroz betetako globo bat zerura. Montgolfier anaiei bururatu zitzaien ideia, eta haien asmaketen lehen erakustaldia gaurko egunez izan zen, ekainaren 4an, Viladon-les-Annonay herrian, Frantzian.
Eraiki zuten globoa botoiz lotutako biltzeko paper-zatiz egina zegoen, eta 12 metro neurtzen zituen. Aerostat izenarekin bataiatu zuten.
Ekainaren 4 hartan, lasto- eta artile-piloa jarri zuten herriko plazaren erdian. Horri su ematean, globoa gainean jarri eta, aire beroz puztean, igo egin zen. Gutxi gorabehera 2000 metroko altuerara iritsi zen eta gero, aire beroa apurka-apurka galtzean, plazatik bi kilometrora lurreratu zen.
Herritar eta agintari denak harri eta zur utzi zituen ikuskizunak. Ordutik aurrera beste hainbat erakustaldi egin zituzten. Horien artean famatuena irailaren 19an Versailles-ko Jauregiaren lorategian egindakoa da: tripulaziodun lehen hegalaldia. Globo barruan ardi bat, oilar bat eta ahate bat sartu zituzten, eta, diotenez, hirurak onik atera ziren bidaia hartatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia