Globalizazioaren aurrean, ni "food citizen". Animalia klonatuen okelaz
2011/11/01 Escajedo San Epifanio, Leire - Konstituzio Zuzenbideko IrakasleaEHU Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elikagai seguruago, osasuntsuago eta jasangarriagoak eskaintzeko promesarekin agertu ziren, baina elikadura-bioteknologiek leku gutxi dute oraingoz Europan. Dena den, elikagaien ekoizpenean zuzenean parte hartu gabe ere, beste zerbitzu garrantzitsu bat eman diote bioteknologiek gure gizarteari, aukera eman baitigute elikatze-sistemei buruzko hausnarketa beste perspektiba batetik egiteko. Teknologia horiek daudenetik, badirudi Sekula Betiko lurraldetik errealitatera itzuli direla gure politikari eta erakundeetako asko. Lehen ez bezala, lotsa galdu dute munduan gosea, merkataritza-egitura bidegabeak, ingurumenarekiko utzikeria eta demokrazia falta daudela esateko. Politikariak politikari, baina, elikagaien merkatuan dauden arazo eta bidegabekeriei aurre egin beharrean bide errazago bat hartu dute: konpondu beharreko hori guztia azaleratu duen bioteknologia bera, zelataria, bekataritzat hartzea. Bioteknologiarik gabe gutxi hitz egiten genuenez goseaz eta elikagaietan egiten diren iruzurrez, ken ditzagun transgenikoak, klonak, eta "geneak" dituzten elikagai horiek guztiak, eta agian isilduko dugu bidezko merkatu demokratiko bat eskatzen dutenen ahotsa ere. Informazio murriztua izanik, berriro ere ontzira erortzeko zorian gara.
Animalia klonatuen okel, esne eta beste produktuekin duela gutxi gertatu dena adibide paregabea da. Europarlamentuak eta Europako Batzordeak zintzoaren eta gaiztoaren papera antzeztu dute, eta gu, Ilargia erakusten duen hatzari so (kasu honetan, Europarlamentuaren izerdiei begira), ez gara konturatu erakunde bi horiek sistema eta merkatu beraren zerbitzura daudela. Antzezlana ikusita, ematen du klonen okela sortzeko bidea eman duen bioteknologiarena dela errua, eta ez globalizazio-ereduarena.
Apirilean, Europako Batasuneko Batzordeak ebatzi zuen ez zituela hartuko Europako Parlamentuak klonatuen produktuen gainean proposaturiko neurriak; honako hauek, besteak beste: animalia klonatu baten kumeen produktuak bosgarren belaunaldia baino lehen merkaturatzeko debekua, eta, hortik aurrerako belaunaldietan, produktua animalia klonatuetatik datorrela adierazteko beharra. Eztabaidaren jatorria Atlantikoaren bestaldean dugu. Estatu Batuetan, FDA erakundeak ematen ditu elikagaiak eta botikak merkaturatzeko baimenak, eta, 2006an, behin betiko baimena eman zuen txerri eta abelgorri klonatuen produktuentzat. Inportazioak zirela-eta piztu zen eztabaida Europan.
Aurreko hamarkadetako polemika sutsuekin alderatuta, bada eboluzio-ikur bat klonen okelaren prozesu-politikoan . Askotan egin den bezala, Europako Batzordeak esklusiboki elikagaien segurtasunean kokatu nahi izan zuen hausnartze-prozesua, datu zientifikoen arabera kezkatzeko arrazoirik ez zegoela azpimarratuz. Baina, eta hori izan zen berritasuna, Parlamentuak ez zituen zalantzan jarri segurtasun-azterketak. Orain arte horrelakoak egin izan direnean, Europako sisteman giltzarri den Elikadura Segurtasunerako Europako Agentziaren irudiari (ESEA) --hau da, txosten zientifikoen kalitateaz arduratzen den erakundeari-- kaltea egin zaio, eta oraingoan beste bide bat hartu da. Europarlamentuak zuzenean esan du kezkarik handiena teknologiaz harago doala , eta kontsumitzaileen sentikortasunarekin zerikusia duela. Alegia, neurrien abiapuntua dela kontsumitzaileek merkatuan ekintzaile aktiboagoak izan nahi dutela ( food citizen deritzenak).
Hori jakinda, nola ulertu behar dugu Parlamentuaren saioa? Hau da, pentsatu behar dugu klonatuen okelaren auzia hartu duela zintzotasunez merkatua demokratizatzeko aukeratzat, eta, tamalez , ez duela arrakastarik izan? Parlamentuko zerbitzu juridikoen maila ezagututa, sinestezina da bertsio hori. Gure gobernuak, eta Europar Batasuna haiekin batera, Munduko Merkataritza Erakundearen itunen parte dira. Akordio horien arabera, herrialde batek ezin ditu beste herrialde batzuetako produktuak baztertu, ezta bere produktu edo zerbitzu nazionalak babesteko ere . Esportazioetarako denean, ondo deritzogu; baina politikariei zaila gertatzen zaie azaltzea horrek inportazioei ere eragiten diela. Estatu Batuetako produktuek (arropa, kotxeak edo okelak direla) Europar Batasuneko merkatuaren ateak zabalik dituzte, segurtasun-maila egokia dutenean.
Ezin pentsa, bada, Europako erakundeek akordio horiei aurre egiteko asmo serioa dutenik. Saioek, dena den, irudi ona utzi dute guregan; elikagaiak aukeratzean europarrok, osasunaz gain, beste irizpide etiko, sozial, kultural zein ekonomikoak proiektatzeko gogoa dugulako. Globalizazio ekonomikoak olatu erraldoi baten moduan daramatza gure nortasun eta aniztasun kulturala, eta besoak zabalik hartzen dugu gu elikagaien kontsumitzaile izan beharrean food citizen ak izateko bidea eskaintzen duen ekintza oro. Kasu honetan, baina, mezulariak ez du gure konfiantza merezi. Europar Batasuna merkatu liberalizatu baten gainean eraikia dago, eta sistema ekonomiko horri eutsi nahi diote bertako erakundeek; ekintza sinbolikoren bat egin arren, ez pentsa beren buruari boikot egiteko prest daudenik.
Antzezpen horretan, kritikatzekoa da, halaber, elikagaien alorreko aurrerakuntza teknologikoak berriro ere bekatari agertu izana. Kanpotik datozkigun eskala handiko masa-ekoizpenen ikur dira, bai transgenikoak oro har, bai Estatu Batuetako klonatuen produktu horiek. Horrenbestez, ulertzekoa da sentikortasuna arrazoi askorengatik suspertzea, eta ulertzekoa da, orobat, guk askotan ontzat ematea sinbolikoki agertzen duten aurkakotasuna. Baina sakonago aztertuta, horrek on egiten al digu? Zientziaren aurrerapenak eta politikaren esparrua ondo bereizita, uste dugu gure eskubide indibidualak askatasunez erabiltzeko neurri eraginkorragoak eskatu beharko genituzkeela. Neurri horien artean, dudarik gabe, elikagaiak era osasungarri eta jasangarrian ekoizteko dugun gaitasuna sendotzea da, bai eta salneurri egokiak finkatzekoa ere. Globalizazioaren aurrean kontsumitzaileok gure hiritartasuna sendotu nahi dugun bezala, elikagaien bioteknologiak ere merezi du trantsizioa egitea. Eskala handian ekoizteko tresna hutsa izatearen etiketa jarri izan zaio, eta pertsona bakoitzaren organismoak behar dituen elikagaiak modu egoki eta jasangarrienean ekoizteko tresna ere badela errebindikatu nahi du. Medikuntzan eskaini dizkigunak ikusita, guk uste merezi duela horretarako aukera ematea ere.