}

Glaziarrak urtu eta sekretuak agertu

2008/09/21 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Alpeetako glaziarrak urtzen ari dira, eta, horren ondorioz, milaka urtean izozpean eta ezkutuan egon diren sekretutxoak agerian geratzen ari dira. Neolitoan mendi garaietan bizi zen gizakiaren bizimodua azaltzeaz gain, klima-aldaketa ulertzeko bidea ireki dute azken aurkikuntzek.
Oetzi,izotzetako gizonaren erreprodukzioa
Georges Véran. Musée départemental des Merveilles Conseil général des Alpes-Maritimes

Lehen sorpresa Oetzi izan zen. 1991. urtean izotzetako gizona aurkitu zuen turista alemaniar batek, Italiako Alpeetako Oetz bailaran, 3.000 metroko altueran. Gizon hura Ka 3300. urtean bizi izan zen. Aurkikuntza hark zabaldu zuen hipotesia: Alpeetan uste baino askoz lehenagotik bizi izan zen gizakia.

Teoria hori 2003an Schnidejoch mendian (2.756) egindako aurkikuntzen azterketak baieztatu du. Bero izugarria egin zuen uda hartan, bikote suitzar batek atentzioa eman zion egur-zati bat aurkitu, eta Berna kantoiko arkeologia-zerbitzuan utzi zuen. Egur-zati bat baino gehiago zen: 3.000 urte zituen buiraka bat zen, hau da, geziak gorde eta garraiatzeko ontzi bat.

Inork ez zuen ezer esan; Oetziren kasuan ez bezala, isilean gorde zuten informazioa. Ikertzaileak beldur ziren albisteak ikusmina sortu eta ingurua kuxkuxeroz beteko ote zen. Horregatik, aurkikuntza gorde eta aztarna gehiagoren bila igo ziren. Bilatu eta aurkitu! Ekipamendu osoa aurkitu zuten: larrua, zapata-zatiak, praka baten zatia eta egurrezko ontziak.

Objektu horiek aurkitzeak harritu egin ditu adituak. Baina objektuak noizkoak diren kalkulatuta lortu dituzte emaitzarik erakargarrienak. Objektuak Lurra bereziki leku beroa izan zen sasoietakoak dira.
Lurraren klima-zikloak azaltzeko-eta horren barruan beroaldiak eta glaziazioak-teoria bat proposatu zuen Milankovitch astrofisikariak. Haren ustez, Lurraren ardatzaren inklinazioa eta orbitaren eszentrikotasuna gakoa dira ulertzeko nola txandakatzen diren aldi beroak eta hotzak, eta zergatik gertatzen diren glaziazioak ziklikoki.

Schnidejoch mendian egin dira azken aurkikuntzak.(landschaftsmuseum )

Beroaldietan, gizakia gailurrean

Kontua da ziklo beroetan edonor ibil zitekeela mendi garaietan, eta ordukoak direla aurkitutako objektuak. Gainera, ikusi dute aurkikuntzak egindako inguruneko glaziarretan nabarmen eragiten dutela klima-aldaketek.

Beraz, jasotakoek, han bizi izan zen gizakiaren berri emateaz gain, klima-aldaketen berri ere ematen dute. Eta han aritu diren ikertzaileen hitzetan, azken 6.000-7.000 urteetako klima-aldaketen informazio zehatzagoa lortzea espero dute.

Ingurune horretan, Neolitoko gizakiaren ondasunez gain, erromatarren arrastoak ere jaso izan dituzte. Erromatar despistaturen batenak, gainera, txanponak aurkitu baitituzte. Adituen ustez, erromatarrek Italiatik Europako iparralderako bidean Alpeak gurutzatzeko bidea zen hau. Bide horren garrantzia ez omen zen nolanahikoa. Pentsa, Lurreko garairik hotzenetakoa, eta, hortaz, ingurua izoztuta egongo zen sasoia bat dator denboran erromatar inperioaren gainbeherarekin. Hala ere, Erromako inperioaren erortzea klima-aldaketaren ondorio dela esatea gehiegi esatea da.

Aurkitutako zapataren zatia eta erreprodukzioa.
landschaftsmuseum

Larrua da gakoa

Erromako inperioan izan zezaketen eragina alde batera utzita, klima-aldaketa ziklikoak frogatutzat ematen dituzte; gaur egun ahotan darabilgun klima-aldaketa, ordea, bestelakoa dela azpimarratzen dute zientzialariek. Izan ere, Milankovitchek aipatzen dituen aldaketek izugarri denbora luzea behar dute, oraingoek ez bezala. Are gehiago, klima-aldaketa berezia bizi izaten ari garela frogatzeko erabili dituzte objektuak.


Duela 5.000 urteko larruzko piezak egoera onean aurkitu izanak izozpean egon diren seinale izan behar du. Izan ere, larrua erraz desintegratzen da euriarekin, eguzkiarekin eta haizearekin. Horregatik, uste dute azken 5.000 urteetan ez dela inoiz urtu glaziarra 2003an eta ordutik ona beste.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia