Glaziar-masaren bikoitza mantendu liteke berotze globala 1,5 ºC-ra mugatuz gero

Lander Van Tricht (ETH Zurich / Vrije Universiteit Brussel)


Glaziarren galera saihestezina da dagoeneko, eta Science aldizkarian argitaratu berri den nazioarteko ikerketa baten arabera, gaur egungo egungo joerarekin jarraituz gero, mende honen bukaerarako 2,7 ºC beroago izango da munduko batezbesteko tenperatura eta glaziar-masaren % 24 baino ez da geratuko. Alabaina, berotzea 1,5 ºC-ra mugatukoa balitz (Parisko Akordioak ezarri bezala), glaziarren masaren % 53 mantenduko litzatekeela kalkulatu dute. 

Zortzi glaziar-ereduren bidez, 200.000 glaziarrek baino gehiagok izan dezaketen izotz-galera kalkulatu dute. Kalkulu horien arabera, munduko klima ez balitz gehiago berotuko ere, glaziar masa globalaren % 39 desagertu egingo litzateke, eta horrek itsas maila 10 cm-tik gora igotzea eragingo luke. Zehazki, berotze globalaren 0,1 ºC bakoitzeko glaziarren % 2 inguru galtzen da.

“Glaziar bat galtzean izotza baino gehiago galtzen da”, zioen Ixeia Vidaller Gayán glaziologoak, Pirinioetako glaziarren bilakaerari buruzko erreportajean. Izan ere, itsas mailari eragiteaz gain, askoz ondorio gehiago ere izan ditzake glaziarrak galtzeak, bai naturan, eta bai gizartean. Horixe nabarmendu dute ikerketa honetako ikertzaileek ere, eta, gaineratu dute ondorio horiek hainbat eskualde eta belaunalditan nabarituko direla. Hala, glaziarren galera murrizteko klima-politika egokien garrantzia eta premiazkotasuna azpimarratu dute.

 

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali