Gizakion aurreko arbasoak sabana beroan bizi ziren
2010/07/04 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Orain arte, Pliozeno eta Pleistozenoan —hominidoen eboluzioan aro esanguratsuak, biak ere— Afrikako ekialdea zonalde basotsua eta nahiko freskoa izan zela uste zen; klima-kondizioak egungoak bezain gogorrak ez zirela, alegia. Baina ideia hori ezbaian jarri du Kaliforniako Teknologia Institutuak (Caltech) egindako ikerketa batek. Proceeding of the National Academy of Science k eman du haren berri.
Ikertzaileen esanean, Turkanako arroa sabana benetan berotsua izan da gutxienez azken lau milioi urteotan, “duela hiru milioi urtetik egun arteko epea barne, izotz-aroak hasi eta mundu mailako klima hotzago bihurtu zenean”. Lur haien tenperatura 30-35º artekoa zen, baita altuagoa ere, zenbaitetan. “Informazioa garrantzitsua da. Gizakion aurreko hominidoen lehenbiziko espezieen arrastoak han aurkitu izan direla jakinda, badakigu, gogorra izanagatik ere, ingurune hartan eboluzionatzeko aukera izan zutela gure arbasoek. Baldintza haietara moldatu behar izan zuten, beraz”, laburbildu dute.
Kenyako Turkana lakuaren ingurunea, satelite bidezko irudi batean. (Argazkia: NASA ) .
Egun ere Turkana lakuaren ingurunea munduko parajerik berotsuenetako bat da. Baso gutxi izanik, lurrari zuzenean doakio eguzkiaren argia. Baina argitu gabe zegoen zonaldea aspaldian egun baino hotzagoa izan ote zen, eta, hala izanez gero, arrazoia zein izan zitekeen ere ez zuten argi. “Airea freskoagoa izatea izan liteke arrazoi bat —zehaztu dute—; baina bigarren aukera bat itzala egiteko baso gehiago egotea izan liteke”. Jadanik ez ei dute zalantzarik, sabana berotsua izan dela argitu baitute.
Hori argitze aldera, karbonato-ioietako isotopoen kontzentrazioa neurtu dute. Zehazki, karbono-13 eta oxigeno-18 isotopoak hartu dituzte aztergai. Lur azpiko mineralen osagai diren isotopo horien metaketa tenperaturaren araberakoa izan ohi da: beroarekin kontzentrazioa txikiagoa da hotzarekin baino.
Ikertzaileen esanean, “isotopoen kontzentrazioa neurtzeko gai izanez gero, lurraren tenperatura neurtzeko termometro bat lortzen duzu. Eta, informazio horrekin lurraren gaineko inguruneaz ere asko ikas dezakezu”. Izan ere, lurraren tenperaturari esker aireak izan zezakeen tenperatura ez ezik, badago itzala egiteko zuhaitz edo landarerik ba ote zegoen jakiterik ere.
Eboluzionatzeko abantailak
Oraingo datu berriek argi pixka bat eman diezaiekete hankabiko hominidoen jatorriaren inguruko hipotesiei.
Besteak beste, bi hankatan eta zutik ibiltzean abantaila ebolutibo bat lortu zutela uste dute zientzialariek. Postura horretan bero gutxiago pairatzen zutela azaldu dute. (Argazkia: ellenm1/thedesignspace.net) .
Antropologoek sarritan iradoki izan dute bipedalismoa eta gizakionak soilik diren beste ezaugarri batzuk sabana beroko inguruneetan bizi eta eboluzionatu ahal izateko abantaila onuragarriak izan zitezkeela. Caltecheko kideen ikerketak teoria hori indar lezake; ez diote faktore termikoari soilik zor zaionik hori guztia, baina bai, behintzat, zerikusia izan zezakeela.
Eguzki-erradiazio handiko kondizioetan, bi hankatan eta zutik egonik eguzki-argiaren “zama” arinagoa izan zitekeela uste dute. Postura horretan, lau hankatan mugitzen diren primateenak baino erradiazio txikiagoa jasotzen du organismoak. Gainera, lurretik zenbat eta aldenduago egon, orduan eta txikiagoa da lurretik datorren erradiazioaren beroa ere.
Gorputzeko ilea galdu izana eta izerdiaren bitartez tenperatura erregulatzeko gaitasuna izatea ere klima beroetan bizirauteko garatutako beste egokitzapen mesedegarri batzuen adibide izan litezkeela uste dute.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia