Garun handia eta aurpegi laua erritmo harrigarrian garatu zituen gizakiak, beste tximinoek baino askoz ere azkarrago. Horrek iradokitzen du ezaugarri horiek abantaila ebolutibo garrantzitsuak izango zituztela. Ondorio horiek atera dituzte Proceedings of the Royal Society B aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean.
Ikertzaileek gizakien eta beste tximino batzuen garezurrek milioika urtetan nola eboluzionatu zuten aztertu dute. Zehazki, zazpi hominidoren (gizakiak, gorilak, txinpantzeak…) eta bederatzi hilobatidoren (giboiak) garezurren hiru dimentsioko eredu birtualak aztertu eta alderatu zituzten.
Ikusi dute giboien garezurrak oso gutxi aldatu direla eboluzioan eta espezie guztiek oso antzekoa dutela. Hominidoen kasuan askoz gehiago aldatu dira, eta aniztasun handiagoa dago. Hominido gehienek aurpegi handiak eta aurrerantz proiektatuak dituzte, eta garun txiki samarra; gizakiek, ordea, aurpegi lauagoa eta buru biribil handia dute.
Espezieak alderatuz, ikertzaileek ikusi dute gizakien garezurrak espero zitekeena baino bi aldiz gehiago aldatu zirela. Horregatik, uste dute aldaketa horrek abantaila nabarmenak ekarriko zituela. Ikertzaileen ustez, batetik, garun handiagoek eta konplexuagoek ekarri zuten adimen handiagoaren abantaila ebolutiboa izango zitekeen eboluzio azkar horren eragile nagusietako bat. Baina aurpegi lauranzko eboluzioa ere oso azkar gertatu zela ikusita, ohartarazi dute litekeena dela faktore sozialek ere eragina izatea.
Gorilen adibidea jarri dute. Haiek dute, hain zuzen ere, garezurren bigarren eboluzio-tasa azkarrena; baina haien garunak nahiko txikiak dira beste tximino handi batzuekin alderatuta. Kasu horretan oso litekeena da eboluzioa hautespen sozialak bultzatu izana, adibidez, garezurren goialdean daukaten gandorraren tamaina estatus sozialarekin lotzen delako. Ikertzaileek uste dute litekeena dela gizakietan ere antzeko hautespen sozial bat gertatu izana.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.