}

Gizaki modernoen gene-aldaera bat gako izan liteke hizketaren sorrerarako

2025/02/24 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gizaki-modernoen-gene-aldaera-bat-gako-izan-liteke
NOVA1 genearen adierazpena (berdez) sagu baten garunean. Arg. Rockefeller Unibertsitateko Neuroonkologia Molekularreko Laborategia

NOVA1 genearen aldaera bat hizketaren sorrerarekin lotuta egon litekeela ondorioztatu dute Rockefeller Unibertsitateko (AEB) ikertzaile batzuek. Ikusi dute gizakien aldaera saguetan txertatzean, aldatu egiten direla haien bokalizazioak. Eta baieztatu dute genearen aldaera hori soilik gizaki modernoetan dagoela. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

NOVA1 proteina neuronetako RNAri lotzen zaio, eta funtsezkoa da garunaren garapenerako eta kontrol neuromuskularrerako. Proteina horren forma berbera daukate hegazti eta ugaztun guztiek, gizakiak izan ezik. Gizakietan aminoazido bat aldatuta dago. 

Ikertzaileek gizakien NOVA1 genearen aldaera berezi hori txertatu zuten saguetan, CRISPR teknologia erabiliz. Eta ikusi zuten, batetik, giza aldaerak ez zuela inolako eraginik izan garapen neuronalean edo kontrol motorrean, baina, bestetik, bokalizazioarekin lotutako gene asko giza NOVA1 proteinaren itu bihurtu zirela. 

Hori ikusita, saguen arteko bokalizazioetan nola eragiten zuen ikertu zuten, eta ikusi zuten kumeek zein helduek elkarri deitzeko egiten dituzten soinuak nabarmen desberdinak zirela gizakien aldaera zuten saguetan.

Bestalde, neandertalen hiru genoma eta denisovarren bat aztertuta, ikusi dute haietan gainerako animalietan bezalakoxea dela NOVA1 genea. Azkenik, mundu osoko 650.058 gizaki modernoren genomak ere aztertu dituzte, eta seik izan ezik, gainerako guztiek aldaera bera dute. Sei horiek gainerako animalien aldaera dute, baina datu-base anonimo bat erabili zutenez, ez daukate haiei buruzko xehetasunik. 

Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute gizaki modernoen antzinako populazio batean, Afrikan, sortu zela aldaera hori, eta nagusitu egin zela, agian ahozko komunikaziorako abantailak ematen zituelako. Populazio hori Afrikatik atera eta mundu osoan zabalduko zen gero.