}

Gizaki modernoa Europara iritsi zenekoa, bi hortzetan

2015/04/23 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gizaki-modernoa-europara-iritsi-zenekoa-bi-hortzet
Riparo Bombriniko beheko esne-ebakortzaren eta Grotta di Fumaneko goiko esne-ebakortzaren 3D-ereduak, hurrenez hurren. Arg. Daniele Panetta, CNR Institute of Clinical Physiology, Pisa, Italia.

Europako hego-mendebaldean eta hego-erdialdean, duela 42.000 urte inguru, Protoaurignac kultura agertu zen. Kultura hori nork sortua zen ez zegoen argi; izan ere, gutxi gorabehera garai horretan iritsi zen gizaki modernoa eta desagertu ziren neandertalak. Orain, Italiako iparraldean aurkitutako bi esne-hortz aztertuta, ondorioztatu dute Protoaurignac kultura gizaki modernoari dagokiola. Science-n argitaratu du ikerketa nazioarteko ikertzaile-talde batek.

Apaingarri sinpleak eta harrizko xaflak dira Protoaurignac kulturaren ezaugarriak, baina, giza fosilei dagokionez, kultura horrekin lotuta dauden hiru baino ez dira ezagutzen: Le Piage-ko (Frantzia) fetu baten hondarrak, eta Italiako iparraldeko bi lekutan (Riparo Bombrini eta Grotta di Fumane) aurkitutako bi esne-hortz. Eta, orain arte, ez zegoen argi hiru fosil horiek zein espezieri zegozkion.

Orain, bi hortz horiek aztertu dituzte. Bombriniko ebakortzaren kasuan, esmaltearen lodiera aztertu dute, 3D-teknikak erabiliz. Izan ere, frogatuta dago neandertalek esmalte meheagoa zutela. Eta horrela argitu ahal izan dute gizaki moderno batena zela hortz hori. Fumaneko ebakortzaren kasuan, berriz, DNA mitokondriala erauzteko gai izan dira. Eta konparatu egin dute gaur egungo gizakiarekin, antzinako gizaki modernoarekin, neandertalekin, denisovarrekin, Atapuercako Hezurren Osineko hominino batekin eta txinpantze batekin. Hortz hori ere gizaki moderno batena zela ondorioztatu dute, edo, ikertzaileek diotenez, “gutxienez, gizaki modernoak ziren arbaso batzuk izan zituela”. 

Hala, 41.000 urte inguruko bi ebakortz horiek, Aurignac kulturari lotutako fosil zaharrenak, erakusten dute garai hartan gizaki modernoa Europako hegoaldean zabaltzen ari zela. Gainera, ikertzaileek iradoki dute, neandertalak Europako mendebaldean duela 39.000 urte inguru desagertu zirenez, litekeena dela neandertalen desagerpena lotuta egotea Protoaurignac kulturaren hedapenarekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia