}

Antropozenoa garai geologiko izendatzeko ebidentziak bildu dituzte

2016/01/07 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hemendik milioi urte batzuetara Lurraren historiaren erregistro geologikoari begiratuko baliote, giza garai baten ebidentziarik ikusiko ote lukete? Edo, gizakiok erregistro geologikoan utzitako aztarnak, garai geologiko bat izendatzeko adinakoak al dira? Science aldizkari zientifikoak argitaratu berri duen artikuluaren arabera, datu asko dago ideia horren alde. Giza jarduerak marka handia eta iraunkorra utzi du Lurrean, ikertzaileen arabera, garai geologiko berri baten modura izendatzeko adinakoa.
giza-garai-geologiko-berri-baten-atarian-gaude
Arg. J. P. Briner

Aspaldian ari dira zientzialariak frogatu nahian Antropozeno deritzon garaia erregistro geologikoan identifika daitekeen fenomeno geologikoa dela. Antropozenoaren Lantaldea sortu zuten mundu osoko hainbat ikertzailek, helburu argi batekin: garai geologiko berri hori definitzea. Aurtengo udan dute, gainera, hitzordu garrantzitsua: Hegoafrikan izango den Geologiaren Nazioarteko Kongresuan aurkeztu behar dute azken txostena.

Antropozenoaren Lantaldeko kide eta EHUko ikertzaile eta Estratigrafia eta Paleontologiako irakasle den Alejandro Cearreta geologoak sinatu du, beste hainbat ikertzaileren artean, Science aldizkariko artikulua. Cearretak eta gainerako geologoek azken 11.700 urteotan bizi dugun garai geologiko ofizialeko –Holozenoko– eta Antropozenoko erregistro sedimentarioaren ezaugarriak alderatu dituzte. Ikertzaileen arabera, material berrien hedapenak markatzen du Antropozenoa, eta gizakiok sortutako produktuen geruza estratigrafikoa utzi du jada planetako ekosistema guztietan: hala nola plastikoak, zementua, aluminioa eta arma nuklearren isotopo erradiaktiboak. Antropozenoaren markatzaileak dira, halaber, hidrokarburoak erretzearen ondorioz sortutako errautsak, ongarrien eta pestiziden nitrogeno- eta fosforo-maila handia, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurtze handiak, eta espezie inbaditzaileen inoiz ez bezalako mundu mailako hedapena.

Urolaren Estuarioko sedimentu antropozenoetan azaltzen diren esferoide artifizialak (ezkerrean karbonazeoa; erdian plastikoa; eskuinean metalikoa) eta haien espektroak. Arg. Aintzane Goffard

Antropozenoaren hasiera finkatzeko eztabaida ugari izan da azken urteotan: batzuen ustez, Neolito garaian hasi zen, gizakiak animaliak etxekotu eta landareak beren mesederako erabiltzen hasi zirenean; beste batzuen ustez, Amerikako kolonizazioarekin hasi zen; beste ikertzaile batzuek industria-iraultzan kokatzen dute Antropozenoaren hasiera; eta, beste batzuek, berriz, 1945. urtean, hain zuzen ere, lehenengo bonba atomikoa lehertu zenean.

Alejandro Cearreta Arg. Marisol Ramirez/Argazki Press

Alejandro Cearreta ikertzailearen ustez, “lan honekin, Antropozenoaren garaiaren hasiera markatzen duten hipotesi posible guztietatik XX. mendearen erdialdeko bizkortze handiaren alde azaldu da nabarmen Antropozenoaren Lantaldea, nahiz eta ez duten lantaldeko kide guzti-guztiek bat egiten. Science aldizkariko artikuluan ideia horretan sakondu da, eta hori izango da Antropozenoaren Lantaldeak bere azken txostenean egingo duen proposamena”.

Hortaz, Estratigrafiaren Nazioarteko Batzordeak proposamena onartuko balu, historian jaurti den lehen bonba nuklearraren leherketa sarraski askoren hasiera izan zen bezala, aro geologiko berri batena ere izango litzateke.

Alejandro Cearretari eta Antropozenoaren lantaldeari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hemen duzue Elhuyar aldizkariak iaz egindako elkarrizketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia