Giza erretinaren aitzindaria sortu dute laborategian
2012/06/20 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Giza zelula ama enbrionarioetatik abiatuta, erretinaren aitzindaria sortu dute Japoniako RIKEN Garapen Biologiako Zentroko ikertzaileek. Zehazki, kupula optikoa izeneko egitura sortu dute; enbrioian garatzen den egitura da, gero erretina ematen duena. Cell Stem Cell aldizkarian argitaratu dute lana.
Iaz, talde berak, saguen zelula ama enbrionarioetatik abiatuta lortu zuen kupula optikoa garatzea, eta orain gauza bera egin dute giza zelulekin. Lehenengo aldia da giza zeluletatik abiatuta horrelako egitura konplexu bat sortzen dena. Kanpoko eta barneko epitelioak eta tartean erretina-zelulen hainbat geruza ditu, fotorrezeptoreak barne. Sortu duten kupula optikoak milimetro erdiko diametroa du: saguen zelulekin sortu zutenak halako bi.
Ikertzaileek azpimarratu dute kupula optikoa garatzeko ez dela kanpoko seinalerik edo erregulaziorik behar izan, baizik eta hazkuntza-inguru egokian jarrita espontaneoki antolatu dela egitura. Bestalde, uste dute etorkizunean kaltetutako begiak konpontzeko aurrerapauso garrantzitsua izan daitekeela. Areago: “itxaropena dugu aurkikuntza hauek lagunduko dutela birsortze-medikuntza baten oinarriak jartzen, non transplantatzeko ehun antolatuak garatu ahal izango diren, eta ez zelula-multzo batzuk bakarrik”, adierazi du Yoshiki Sasai ikerketa-taldearen buruak.
Informazio osagarria: Itxaropen bioarfiziala
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia