GISak, hirigintzako lan-tresna
1999/03/01 Sagarna Aranburu, Maialen Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arteko geografi informazioko sistemak
Orain arte gehien erabili den geografi informazioko sistema kartografia izan da. Paperezko mapak landu, marraztu eta argitaratu izan dira kartografiaren bidez. Azken finean, posizio geografikoarekin lotutako datuak adierazten dituzte mapek. Duela urte batzuk ezkeroztik fitxategiak ordenadore bidez maneiatzen direnez, bidezkoa dirudi arlo honetan ere datuak informatizatzea. Horrela jokatuz gero, era guztietako informazio geografikoak batera kudea daitezke, mapetan adierazi izan direnak, zein fitxategitan gorde izan direnak.
Paperezko mapek ezin izaten dute nahi adina informazio erakutsi, datuak ugaritu ahala irakurketa zaildu egiten delako. Bestalde, oso zaila da paperezko mapan zenbait informazio adieraztea, hala nola auzo bateko biztanleen adinen banaketa. GIS sistemek ez dituzte morrontza horiek, bi dimentsioko euskarri materialari ezinbestean lotuta ez daudelako.
Teknologien integrazioa
GISetan garrantzi handia du teknologien integrazioak. Bertan teknologia desberdinak lotu eta bateratu dira. Horrela, azterketa geografikoen forma tradizionalak integratzen dituzte, adibidez mapa gardenak gainjartzea, mota desberdinetako datuak elkarrekin erakusteko, eta baita eskuzko metodoen bidez ezinezkoak diren azterketak eta modelizazioak ere. Sistema hauekin posible da mapak, modelizazioak eta datu-baseak kontsultatzetik ateratzen diren datu-multzo handiak batera maneiatzea. Arlo askotan gertatzen da erabilgarria integrazio horrek eskaintzen duen malgutasuna.
Esate baterako, asko erabiltzen dira uholdeek arriskuan jar ditzaketen lekuak zein diren ikusteko, edo larrialdietan, sorospen-ibilgailuek egin beharreko bideak zehazteko.
Arlo asko dira GISak garatzeko ekarpenak egin dituztenak: geografia, kartografia, fotogrametria, teledetekzioa, geodesia, injinerutza, estatistika, informatika, adimen artifiziala, demografia eta lagungarri izan diren giza zientziak, natur zientziak, etab.
GISak beste datu-baseen aplikazioei lotuta daude, baina desberdintasun garrantzitsu batekin: GIS teknologietan dagoen informazio guztia erreferentzia espazial batekin lotuta dago. Beste datu-base batzuk kokapenari buruzko informazioa eduki dezakete (helbideak, posta-kodeak, kotak, etab.), baina GIS datu-baseak erreferentzia geografikoak erabiltzen ditu datuak pilatzeko eta informazioa eskuratzeko oinarrizko bide bezala.
GISaren erabilera prozesu bezala ikusi beharko litzateke, eta ez software edo hardware moduan soilik. GISa erabakiak hartzeko tresna da. Software edo hardware soil bezala ikusteak erabakiak hartzeko prozesuan izan dezakeen eginkizun erabakigarria aintzakotzat ez hartzea litzateke.
GISen hedapenaren zergatiak
Gaur egun erakunde askok diru-kopuru handiak inbertitzen dituzte datu-base georreferentziatuen garapenean eta GISetan, eta hurrengo urteetan milaka milioi gehiago inbertituko direla aurreikus daiteke. Hau dena denbora gutxian gertatzen ari da. Izan ere, orain dela urte gutxi arte, GISak oso erakunde gutxiren eskura zeuden eta jendearentzatbitxikeriak baino ez ziren. Hedatze honek bi arrazoi nagusi izan ditzake:
- Ekipo informatikoak asko merkatu izana.
- Geografiak gure eguneroko munduan duen garrantzia; egunero hartzen ditugun erabaki asko eta asko geografiarekin erlazionaturik daude.
Demagun automobil-konpainia batek bere erakustokia biztanleriaren ezaugarrien arabera kokatu nahi duela hiriaren barnean. Biztanleen errenta, adina, lehendik duen autoaren marka, etab. beren bizitokien kokapenarekin konbina ditzake lekurik egokiena bilatzeko.
GISen garapena 60ko hamarkadan hasten da, baina 80ko hamarkadara arte ikerketa-alorrean soilik erabili da. Ez da erabili erabakiak hartzeko tresna gisa.
Teknologia informatiko egokiaren garapenak, GIS produktuak merkaturatzera bultzatu du. Hau informazioa sortzen duten erakundeetan aplikatu da batez ere, adibidez, Administrazio Publikoan. 1990. urtetik aurrera GIS informazioak Windows ingurunean erabilgarri izateak, aplikazioa enpresa pribatuetaraino heltzea erraztu du.
Kartografia digitalaren abantailak
Kartografia digitala mapa-multzo batek osatzen duela esan daiteke. Hauetako bakoitzak ezaugarri bat azalduko du: batek erliebea, besteak hidrografia, besteak errepideak, etab.
Mapa tematiko solte bakoitza geruza edo maila bati dagokio. Geruzak gainjarriz kokaleku bakoitza beste mapetan dagozkion kokalekuekin zehazki parekatu da. Azpiko geruza da garrantzitsuena: kokatzeko erreferentzia-sistemaren sarea azaltzen du (longitudea eta latitudea). Mapa guztiak honen arabera zehazki erregistratu dira.
Erregistratu ondoren, geruza desberdinetan azaltzen den informazioa konbinazioen bidez aldera eta azter daiteke. Jakin daiteke, esaterako, linea elektrikoek errepideak non zeharkatzen dituzten. Gainera, hautatutako kokaleku edo eskualdeak beste kokalekuetatik erraz banandu daitezke: geruza guztiak nahi den kokalekuaren inguruan ebakiz.
Azterketa guztietan mapa edo geruza guztiak batera erabili beharrik ez dago. Kasu batzuetan ikertzaileak informazioa aukeratu egingo du geruza jakin batzuen arteko lotura aztertzeko. Gainera bi geruza edo gehiagotako informazioa konbinatu eta geruza bakar batean bil daiteke. Honekin hurrengo batean geruza bat izango dena lortu dugu.
Pentsa dezagun hainbat gauzari buruzko informazioa azaltzen duten dozenaka edo ehunka mapa edo geruza ditugula: garraio sareak, hidrografia, populazioaren ezaugarriak, jarduera ekonomikoak, etab. eta komeni zaigun bezala konbina ditzakegula.
Horrelako sistema baliagarria izango litzateke egoera askotan: hirigintza-planetan, larrialdi-planetan eta beste arlo askotan. Informazioa geruzetan banatzeko eta gero hauek beste geruza batzuekin konbinatzeko gaitasun horixe da, hain zuzen, GISak hain baliagarri egiten dituen ezaugarria. Baina, malgutasuna ez da horrenbestez geratzen, zeren datu-base arruntak eta datu-base kartografikoak ere konbina baitaitezke.
GISak galdera-mota desberdinei erantzun diezaieke
Metatutako informazioa erabiliz eta eraldatuz, mota askotako eragiketak burutu daitezke:
Lokalizazioa
Kokaleku jakin batean zer dagoen identifikatzen du. Kokalekua era batera baino gehiagotara deskriba daiteke, adibidez, toponimoaren bitartez, posta-kodearen bidez edo longitudea eta latitudea edo antzeko erreferentzia geografikoekin.
Baldintza
Aurrekoaren alderantzizkoa da eta azterketa espaziala eskatzen du. Puntu batean dagoena identifikatu ordez, baldintza jakin batzuk betetzen dituen toki bat aurkitzea lortzen du (adibidez, basorik ez duen lur-sail bat, 2.000 m 2 baino gehiago dituena, errepidetik 100 m ingurura dagoena, etab.)
Joera
Aurreko bi galderak uztartzen ditu. Erantzunak, denboran zehar leku batek jasaten dituen aldaketak azaltzen ditu.
Banaketa
Galdera hau konplexuagoa da. Adibidez, zentral nuklearren inguruan bizi direnen artean minbizia heriotza-eragile garrantzitsua den ala ez zehaztu nahiko balitz sortuko litzateke honelako galdera. Faktore desberdinen indarra edo eragina neurtzea du helburu.
Modelizazioa
Ekintza jakin batek sistema batean zer eragin duen jakin nahi denean sortzen da galdera hau. Esate baterako, zer gertatzen zaio bide-sareari errepidea eraikitzen badugu, edo zer gertatuko litzateke edateko uraren horniketa-sarera jario toxikoa isuriko balitz? Sistemak orduan informazio geografikoaz gain, datu gehigarri batzuk behar izaten ditu; adibidez, lege zientifiko jakin batzuk.
GISak hirigintzan erabiltzeko egokiak dira
Hiri-diseinatzaileek, hiriak eraikitzeko era aldatuz, jendearen bizimodua hobetu nahian buru-belarri dihardute lanean. Horretarako, aztertzen duten toki bakoitza oso ondo ulertu behar dute.Aurreko mendeetan, hiriak edo herriak nahikoa txikiak ziren, eta diseinatzaileak ondo jakin zezakeen hiriko biztanleen beharrak zein ziren, baina gaur egungo hiriak lan-metodo informal honekin aritzeko handiegiak dira.
Faktore askok dute eragina hiriko bizimoduan, eta tokia ulertzera iristeko gauza asko aztertu behar izaten ditu diseinatzaileak: airetiko argazkiak, eraikuntza-planoak, erroldako datuak, azterketa ekonomikoak, garraio-sistemak, etab. Datu hauek denak aldi berean gure buruan edukitzeko gaitasunik ez dugunez, gaur egun plangintza-sistema erabiltzen dugu.
Hiri-diseinuaren arazoa datu-bilketa, -azterketa eta datu espazialen azalpena den heinean, GISek asko dute eskaintzeko arlo honetan. Badira urte batzuk beste zientzia batzuek sistema hauek erabiltzen dituztela, baina hiri-diseinatzaile gehienek, erdi-arte, erdi-zientzia den lan egiteko eran murgilduta aritu dira, tresna tradizionalei eutsiz.
Soluzioaren bila, hiriko bizitzaren alderdi desberdinen ondoz ondoko krokisak egin izan dituzte, baina krokisak egiteak denbora asko eskatzen du, aztertzen den lekua oso zehatz aztertu eta ezagutu behar baita: azpiegitura fisikoa, kriminalitatea, demografia, etab. Hiri gehienek ez dute diru eta denbora aski diseinatzaileak leku guztietara bidali eta faktore hauek denak bertara joanda aztertzeko. Hiria ezagutzeko lan honetan laguntza handia eskaintzen dute GISek, hiriko m 2 bakoitza bertara joanda aztertu beharrik izan gabe. Diseinuan, neurri handi batean intuiziozkoak diren metodo horien ordez, metodo analitikoak erabiltzeko saioak 1960. urtetik honakoak dira.
Garai hartan, EEBBetako hirigintza-lana esponentzialki hazten ari zela konturatu zen jende asko, eta bertako erakundeak ez zeuden behar bezala hornituta gertakari hari aurre egiteko. Gizartea gero eta konplexuago bihurtzen ari zenez, pertsona bakar batek gai jakin bati buruzko arazo-multzoa ulertzeko gaitasuna murrizten ari zen. Oraindik plangintza-prozesua ez zegoen egoera horretara egokituta. Beste arlo batzuetako plangintza-lan askotan, datu informatizatuak erabiltzen hasi ziren laguntza moduan, baina joera hau ez zen garatu hiria diseinatzeko lanetan.
Nolakoak dira sistema hauek?
Hirigune esanguratsu bat sortzeko, beharrezkoa da eraikinak, kaleak, pasealekuak, trenbideak, topografia… nola dauden jakitea. Hiri bat ulergarria izan dadin, bere bizilagunek ere elementu jakin batzuk ezagutu behar dituzte. Elementu hauek korapiloak, bide-sareak, barrutiak, eta hiriko leku esanguratsuak dira. Korapiloak garraioen lotuneek eta jarduera-kontzentrazioek osatzen dituzte. Bide-sareak, jendeak (oinez, autoz, etab.) bidaiatzeko erabiltzen dituen kanalak dira. Barrutiak, ezaugarri berdinak dituzten hiri-zatiak dira. Hiriko alderdi esanguratsuak erreferentzia moduan erabiltzen dira. Hiriaren jadaneko irudikapena definitzeko eta gero zuzentzeko, diseinatzaileak gai izan behar du korapiloak, bideak, barrutiak, etab. aurkitzeko, hiriko biztanleak aurkitzen dituen moduan. GISak asko lagundu dezake korapiloak bilatzeko prozesuan eta antzeko lanetan.
Hiriko alderdi bati buruz gaur egun eskuragarri diren datuen iturriak, hiri diseinatzaileari interesatzen zaizkion azterketak burutzeko erabil daitezke. Horretarako, ordea, informazioa bildu, bildutakoa sintetizatu eta emaitzak itzultzen dituenean hauen azalpenak egiteko gai den informazio-sistema behar da. Eginkizun hori betetzeko, hain zuzen, ezaugarri ezin hobeak dituzte GISek.
Sistema honek dituen abantailak honako hauek dira:
- Diseinatzaileek paisaiaren zati handiagoa azter dezakete. Izan ere, datuak GISean sartu ondoren, informatikak datu-basean dauden informazio guztien tratamendu nahikoa azkarra egiteko aukera ematen du. Abantaila hau argi ikusten da hirietako korapiloak bilatzean: GISak jarduera-kontzentrazioak aurkitzen ditu hiriaren zati batean.
- Sistema informatizatua edukitzeak azterketa-mota eta laneko metodo berrietara eramango gaitu.
Hirigintzan erabiltzeko GISek ezaugarri bereziak izan behar dituzte
Azterketa espazialetarako interface berriak beharko dira langile-multzo bat GISaren mundura erakartzeko. Izan ere, askotan beren pentsatzeko era ez da lineala izaten eta beren hiri-planak ez dira egoten GIS teknologiak eskatzen duen bezain zorrozki egituratuak.
Gaur egun, oraindik, hirigintzan dihardutenak erabiltzeko erabat egokituta ez dauden arren, GISek hiri-diseinuan eta -plangintzan eginkizun garrantzitsua dute. Diseinatzaileentzat informazio-sistema berezia sortzeko hiru gai izan behar dira kontuan: datuak eskuratzeko aukera, erabiltzailearen interfacea eta hiriko elementuak adierazten dituzten objektuak maneiatzeko aukera.
Telekomunikazioek, testu-prozesadoreek, datu-baseek, kalkulu-orriek eta GIS softwareak batera lan egin behar dute, egiten den lanak ahalik eta etekinik handiena izan dezan.
Etorkizunean zer?
Diziplina askok onura izan dezake GISen teknikei esker. GISen hardware eta softwareen etengabeko hobekuntza eta merkatzeari esker, merkatu bizi bat sortu da.
Garapen honek teknologiaren aplikazio zabalagora garamatza, bai gobernu-mailan, eta bai negozioetan eta industrian ere.
Mapak tradizionalki Lurra aztertu eta bere baliabideak ustiatzeko erabili izan dira. GISen teknologiak, zientzia kartografikoaren hedapena izanik, mapagintza tradizionalaren eraginkortasuna eta gaitasun analitikoa hobetu ditu. Orain, giza jarduerek ingurugiroan duten ondorioaz zientzia ohartzen denez, GISen teknologia aldaketa orokorren prozesua ulertzeko beharrezko tresna bihurtzen ari da.
Hainbat mapa eta satelite bidezko informazio konbina daitezke, naturako elkarrekintza konplexuak simulatzeko. Irudikatze-funtzioaz gain, GISek irudiak sortzeko erabil daitezke, ez mapak bakarrik, baita marrazkiak, animazioak eta beste produktu kartografiko batzuk ere. Imajina hauei esker, ikertzaileek beren gaiak inoiz baino zehatzago ikus ditzakete. Imajinok lagungarri dira halaber zientzialari ez direnei kontzeptu teknikoak adierazteko.
Lurraren azala, atmosfera edo barnealdearen egoera azter daitezke sateliteak bildutako datuak GIS batean sartuz. GIS teknologiak ikertzaileei egunetan, hilabeteetan eta urtetan Lurrak izandako aldaketak aztertzeko aukera ematen die.
Alor bakoitzean egokitzapenak sortzen ari dira, sistema hauen erabilgarritasuna hobetuz, hala nola hirigintza-planetan, ingurugiroaren ikerkuntzan, hiriko udal-zerbitzuetan, etab.
Dagoeneko hasiak dira GIS sistemetako materiala Interneten bidez, edonoren eskura jartzen. Horrela lankidetza eta emaitzak hobetuz joateko aukera ematen du, azkenaldian gelditu gabe aurrerantz doan komunikazio-sistema honek.
GISa eratzeko eta ustiatzeko prozesua
|
- Zein arlotan izan dezake GISak aplikazioa?
- Interesgarria ote da hirigintza-lanetan laguntzeko?
- Gai ote da sistema hau gizakiaren diseinu-ahalmena areagotzeko?
Diseinu sistematiko bat egiteko 5 urrats egin behar dira:
- Hiria ulertzeko gauzarik garrantzitsuenak zein diren erabaki behar da.
- Gauza garrantzitsu horiek identifikatzeko algoritmoak sortu behar dira.
- Erabiltzailearen interfaceak sinpletasunaren eta malgutasunaren arteko oreka izan behar du.
- Hiri-diseinuko modulu batek algoritmoen definizioen aldetik malgua izan behar du. Modulu honek aukera eman behar dio erabiltzaileari bere azterketa-tresna sortzeko.
- GIS plangintza batek metodo batzuk izan behar ditu hiritarren datuak jasotzeko eta informazio hau grafikoki antolatu eta sintetizatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia