}

Giro-tenperaturako lehenengo supereroalea lortu dute

2020/10/20 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

giro-tenperaturako-lehenengo-supereroalea-lortu-du
Diamantezko zelda batean ikaragarrizko presioa eraginda lortu dute giro-tenperaturan supereroalea den sufre karbonoso hidruroa sintetizatzea. Arg. Rochesterreko Unibertsitatea

Fisika esperimentalaren erronka handietako bat gauzatu berri da, Nature aldizkariaren azalak erakutsi zuenez: lehenengo aldiz, giro-tenperaturan supereroalea den material bat lortu dute. 15 ºC-tan, zehazki.  

Material supereroaleak erabiltzen hasteko bidean urrats garrantzitsua da lorpen berria. Izan ere, 1911an supereroankortasuna aurkitu zenetik tenperatura oso hotzetan besterik ez da lortu, eta materialak tenperatura kriogenikoetan mantentzeak garestiegi egiten du edozein aplikazio. Aurreko marka hidruro lantanoak (LaH10) lortu zuen, duela urtebete: -10 ºC-ko tenperaturan zen supereroale. Oraingoan, beste hidruro batek gainditu du: sufre karbonoso hidruroak (H3S). Hidrogeno-sulfuroak (H2S) eta hidrogenoak (H2) metanoarekin (CH4) erreakzionatuta sortu dute.

Material supereroale berria lortzeko, ordea, presio ikaragarri handiak behar izan dira oraindik ere: 267 mila milioi paskaleko presioa, Lurraren nukleoan dagoenaren % 75. Laborategian halako presioa sortzeko, bi diamantezko zelda bat erabili behar izan dute, zeinetan elkarren kontra indarra egiten duten. Hurrengo erronka argi dute fisikariek: giro-tenperaturako supereroalea giro-presioan sortu ahal izatea. Bestela, nekez sortuko dituzte edozein aplikaziotarako behar den bolumen handian. Diamantezko zeldan pikolitroak besterik ezin da sortu; alegia, mikrolitro baten milioirenak.

Laborategi honetan lortu dute giro-tenperaturako lehenengo material supereroalea. Arg. Adam Fenster

Giro-presioan lortzeko erronka urruti dago oraindik, baina presio baxuetan sortzeko aukera erreala denean bakarrik garatu ahal izango dira hainbestetan aipatu diren aplikazioak: argindarra zero erresistentziaz garraiatuko duten sare elektrikoak, memoria elektronikoak sortzeko elektronika askoz ere eraginkorragoak, lebitazio bidezko garraioa eta abar.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia