}

Gidaririk gabeko automobila

1993/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mazda eta Nissan automobilgile japoniarrek, beste inork baino lehenago atera nahi dute pilotu automatikoz hornitutako automobila, baina beren buruari hamabost urteko epea ezarri diote horretarako.

Gidaririk gabeko automobilerako lehen urratsa, irudia informatikoki tratatzeko sistema batera konektaturiko bideo-kamera batzuk ipintzea da. Beste ezer baino lehen gidariaren begiak eta garuna ordezkatu behar dira. Gaur egun probatzen ari diren sistemak lauzpabost irudi tratatzen ditu segundoko.

Automobilean instalaturiko kalkulagailuek, benetako denboran erabaki behar dute aurreko ibilgailuaren atzetik segitu behar duen, pasa egin behar duen edo oztoporen bat saihesteko alde batera jo behar duen. Oraingoz fabrikatzaile japoniarrak 60 km/h-ko abiaduraz ari dira beren probak egiten eta aurrerantzean beste abiadura batzuetan ere saiakuntzak egiteko asmotan dira.

Ikerlariek gainditu beharreko zailtasun bat, pilotu honi nahikoa “adimen artifizial” ematea da, edozein egoeratan ere pertsonak bezalako portaera izan dezan. Ibilgailua errepidean doala itzalgune batetik eguzkitara pasatzen denean adibidez, gidaria normalean ez da izutzen. Begiak argitara ohitu arte automobila lehen bezala mantentzen du. Arriskutsua izan daitekeen zerbait urrutira ikusitakoan ere berdin portatzen da. Hurbildu egiten da, arriskua edo dena delakoa identifikatu eta egin beharrekoa egin arte.

Pilotu automatikoak ere horrelaxe jokatu behar du, eta horretarako gutxienez bost miniordenadore behar ditu. Ondorioz, automobilaren prezioa oraingoz handiegia da, baina hemendik urte batzuetara agian edozeinek erosteko moduan izango gara.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia