}

Gidariak logura diren aztertzeko sistema

2005/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle-talde batek gidarien garuneko uhinak aztertzen dituen gailu bat aurkeztu du.

Uhinak banan-banan aztertzen dira, eta, ohiz kanpoko portaeraren bat sumatzen bada, horrek esan nahi du gidaria lo hartzen ari dela. Beraz, gailuak horren berri ematen du istripua gertatu aurretik.

MEC

Garezurrean kokatutako sentsore magnetiko batzuen bidez, gailuak informazioa PDA batera bidaltzen du, eta PDAk, uhin-mota aztertu ondoren, horren arabera jokatzen du. Alegia, PDAk iristen den informazioa aztertzen du, eta uhina normala den edo, alderantziz, gidaria lo hartzen ari den ikusten du. Bigarren kasu horretan beste gailu batzuk jarri beharko lirateke martxan, eta horien helburua litzateke gidaria esnatu, egoeraren berri eman edo ibilgailua bidetik ateratzea.

Pertsona bat lo geratzen ari denean, garuneko uhin horien anplitudea handituz doa, eta frekuentzia, aldiz, txikituz. Alfa eta theta uhinen arteko trantsizioan pertsona logale da. Eta une horretan gailua martxan jarriko litzateke.

Merkatuan badira logura detektatzeko beste sistema batzuk. Adibidez, begien edo buruaren mugimendua kameren bidez aztertzen duten sistemak. Begiek asko kliskatzen dutenean, gidaria oharkabetzen denean edota burua okertzen duenean aktibatzen da sistema.

Dena den, ikasleek garatutako sistema berriak badu abantaila bat: logura beste sistemak baino lehenago detektatzen du, sintomak azaldu aurretik, hain zuzen ere.

Gailuak gutxi gorabehera 4.500 euro balio du; beraz, oso garestia da oraindik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia