}

GIB birusaren eraso-estrategia bortitza

2001/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kaliforniako Unibertsitateko hainbat zientzialarik GIB birusaren eraso-estrategia ezagutzeko ikerketa egin dute eta, duela gutxi, emaitzen berri eman dute. Dirudienez, GIB birusak oso denbora laburra behar du infekzioetatik babesten gaituzten T zelulak hil eta HIESa sorrarazteko; horretarako, birusa zelulek proteinak ekoizteko duten makineriaz jabetzen da, bere burua erreplikatu eta zelulak hiltzera bultzatzeko.Ikerketa egiteko, Jacques Corbeil-ek zuzendutako lan-taldeak odoleko T zelulak GIB birusarekin kutsatu zituen, eta geneen bilakaeraren jarraipena egiteko txip bereziak eta programa informatiko aurreratuak erabili zituen.

GIB birusak zelula bat kutsatzen duenean, zelulak energia ekoizteko eta ADNa konpontzeko dituen sistemak desaktibatu egiten dira. Bere burua defendatzeko balio duten geneak, ostera, aktibatu egiten dira eta, azkenean, zelula hil egiten da. Beste era batera esanda, badirudi zelulak bere buruaz beste egiten duela, birusa beste zeluletara heda ez dadin. Hasieran, T zelula asko hiltzen dira; gero, ordea, zelula-kopurua egonkortu egiten da, eta maila berri horrek gaixoaren bizi-iraupena determinatzen du.

Gaur egun erabiltzen diren tratamenduen helburua birusaren erreplikazioa eragoztea da, eta, horretarako, birusaren entzimen aurkako sendagaiak erabiltzen dira. Nolanahi ere, badirudi kutsatutako zelulek infekzioari aurre egiteko dituzten baliabideak identifikatu eta horiek areagotzeko gai izan daitezkeela, eta hori da, hain zuzen, aurrerantzean ikertu beharrekoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia