}

Geyserrak, ura eta plaka tektonikoak Entzeladen

2009/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Geyserrak, ura eta plaka tektonikoak Entzeladen
2009/01/01 | Elhuyar
Geyserrak Entzeladen.
CassiniImagingTeam

Saturnoren Entzelade ilargiaren ikerketa garrantzi handia hartzen ari da NASAko astronomoentzat, azken datuen arabera litekeena baita ilargi hartan ura egotea. Azkenaldian, bi datuk indartu dute hipotesi hori. Alde batetik, NASAren Cassini zundak ur-lurrunezko lau geyser aurkitu ditu Entzeladen, eta, bestetik, zunda horrek berak hartutako irudiek adierazten dute ilargi horrek plaken tektonika duela, Lurraren antzera.

Geyserren berri azaroaren bukaeran eman zuen NASAk. Ilargitik gertuko hegaldi batean, Cassini zundak lau lurrun-zorrotada indartsu zeharkatu zituen, eta aukera izan zuen haien kimika analizatzeko. Zorte-kontua izan zen, zorrotadak zundaren eta Eguzkiaren artean geratu baitziren une batean, eta, beraz, Eguzkiaren argia analizatuta, zorrotadaren osagai kimikoak aztertu ahal izan zituzten. Argi ultramorearen analisiak argi erakutsi zuen lurrunak ura zuela.

Geyserretan ur-lurruna topatu izanak eztabaida piztu zuen astronomoen artean. Batzuen ustez, geyserrak ur-lurrunezkoak izatea bat dator Entzeladeren gainazalaren azpian ur likidoa dagoela esaten duen hipotesiarekin. Geyserrak ilargiaren barruan harrapatutako gas batek eragiten ditu, ur likidoa zeharkatuta bidean eta zirrikitu batetik presio handian azaleratuta. Baina, beste astronomo batzuen ustez, geyserren sorrera ur likidoak parte hartu gabe ere azal daiteke.

Entzeladeren gainazalaren hainbat irudirekin osatutako mosaikoa.
NASA/JPL/Space Science Institute

Abenduaren erdialdean, beste ikerketa batek informazio gehiago jarri zuen eztabaidarako. Cornell Unibertsitateko astronomo batek Entzeladeren gainazalaren irudiak aztertu zituen, ikusten diren failak nola mugitzen diren ulertzeko. Cassini zundak hartutako irudietan ikusten da failak denborarekin mugitu egiten direla, Lurrean itsas hondoa mugitzen den antzera. Cornell Unibertsitateko astronomoen arabera, horrek adierazten du Lurreko plaken tektonikaren antzeko fenomeno bat gertatzen dela Entzeladeren gainazalean.

Albiste honek ekarri duen eztabaida mugimendu horren jatorriaren gainekoa izan da. Lurrean, plaka tektonikoak urtutako harriaren gainean mugitzen dira; Entzeladen ere izan zitekeen, baina astronomo batzuek uste dute ura dela plaken azpiko likidoa. Urarena hipotesi hutsa da oraingoz. Hala ere, hipotesi horrek pisu handia izan dezake aurrerantzean Entzelade ikertzeko aurrekontuan.

1
249
2009
1
020
Astronomia
Berriak labur
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia