}

Gero eta biodiesel txukunagoa

2005/03/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Autoarekin errepidera irteten garen bakoitzean kalte egiten diogu ingurumenari. Gaur egun, ordezko erregai berrien alorrean garapen garrantzitsuak egiten ari dira, eta biodiesela da aukera horietako bat, olio begetaletatik eratorritako erregaia alegia.

Gaiker zentro teknologikoak bioerregaiak eskuratzeko egitasmoa garatzen dihardu. Horretarako, CSICeko Katalisi eta Petrokimika Institutuaren, Bilboko Ingeniari Industrialen Eskolaren eta Malagako Unibertsitatearen lankidetza du. Egitasmoak, besteak beste, egunero frijitzeko erabiltzen den olioa birziklatzeko aukera ematen du. Noski, ezin esan guztiak biodiesel bilaka daitezkeenik, baina batzuk bai behintzat.

Proiektua 2003an hasi zen, eta hiru urteko iraupena izango du. Azken helburua autoetan erregai gisa erabiltzeko biodiesela lortzea da, indarrean dagoen legedia beteta.

Non dago berrikuntza?

Biodiesela ekoizte hutsa ez da albiste berria. Izan ere, Euskal Herrian dagoeneko bada erregai hori ekoizten duen enpresarik. Eta ez hori bakarrik, Gaiker bera aurretik ere aritu da erregai hori ekoizteko lanetan. Azken berrikuntza biodiesela ekoizteko erabiltzen den metodoan datza.

Katalisi homogeneo baten bidez egin daiteke. Edo orain arte hala egin da behintzat. Katalizatzaile homogeneoaren kasuan katalizatzailea erreakzioan zehar kontsumitzen da, eta, hori ezabatzeko, garbiketa-prozesu bat behar da. Hori eragozteko, proiektu berri honek katalisi heterogeneoa erabiltzea du helburu, besteak beste, katalizatzailea bereizketa-prozesu baten bidez ezabatu eta berreskuratzen delako. Beraz, ekonomiaren ikuspuntutik, prozesuaren kostua txikiagotu egiten da.

Laborategian biodiesela lortzeko oinarrizko sistema.
GAIKER

Bestalde, ingurumenaren alderdiari begiratzen badiogu, orain arte biodiesela sortzeko erabiltzen zen metodoan, garbiketa-prozesuan, oro har, hiru etapa bereizten ziren. Batetik, neutralizazio-etapa, base batek eta azido batek erreakzionatzen duteneko etapa, hain zuzen ere. Bestetik, neutralizazio-etapa horretan sortzen ziren produktuak ezabatzeko, oro har, gatz bat gehitzen zen. Eta, azkenik, uraren bidezko garbiketa azken hondakin edo ezpurutasunak ezabatzeko. Metodo berri honek, ordea, garbiketa-etapa bakarra nahikoa izango du. Eta, gainera, segur aski ez da substantzia kimikoen beharrik izango. Hortaz, sustantzia kimikoak eta isurketak askoz txikiagoak izango dira, baita horien poluzio-maila ere.

Prozesu erraza eta merkea

Biodiesela ekoizteko prozesua erraza eta merkea dela esan daiteke. Lehen lana lehengaia, hau da, olioa, biltzea da. Olioa bildu ondoren, lehen egitekoa solidoak eta gehiegizko ura kentzea da. Ondoren, olioa eraldatu egiten da, glizerina eta ester metiliko bihurtzeko, hau da, biodiesela ekoizteko. Erreakzio egokia gerta dadin, garrantzitsua da osagai bakoitzaren proportzioa zehatz-mehatz neurtzea. Azken finean, transesterifikazio bat da, hitz potoloa benetan. Baina erreaktibo bat gehitzea besterik ez da; kasu honetan, olioari alkohola gehitzea. Katalizatzaileari esker, erreakzioa oso azkar gertatzen da, eta, azkenean, bi fase lortzen dira: bata organikoa, ester metilikoen nahasketa bat, biodiesela alegia, eta bestea fase urtsua, glizerola alegia.

Fase horiek banatu eta biodiesela garbitu eta lehortu egiten da. Eta, baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, ohiko gasolioarekin nahasi eta, erregaia gasolindegira eramaten da, bezeroaren esku jartzeko. Nahiz eta biodieselak hainbat desabantaila izan, dudarik ez dago geroz eta erregai garbiagoa lortzeko beste pauso bat dela. Dituen alde onak ez dira, ordea, azken erregai batek izan beharko lituzkeenak. Baina, beharrezko ardurak eta neurriak hartuta, eta gasolioak baino gutxiago poluitzen duenez, datozen urteetarako erregaia izan daiteke.

www.basqueresearch.com

Biodieselaren...

...abantailak. Biodieselak abantaila ugari ditu; ez soilik ingurumenari dagokionez, baita energetikoki eta ekonomikoki ere. Nekazaritza-inguruneari, adibidez, negozio-aukera berriak eskaintzen dizkio. Izan ere, biodiesela lortzeko, lehengai ugari erabil daitezke: hala nola hazi koipetsuak (eguzki-lorea, soja, kokoa...), fruitu koipetsuak (palmondoa), azidotasun handiko oliba-olioak, animalien gantzak eta abar.

Bestalde, biodieselak ohiko gasolioak baino gas poluitzaile gutxiago isurtzen du. Gasolioaren pareko erregaia da, baina biodegradagarria eta emisio poluitzaile gutxiago dituena. Izan ere, biodieselak ez du ia sufrerik, ezta ia klororik ere, eta ihes-hoditik partikula gutxiago isurtzen ditu. Esaterako, sufre oxidorik ez da isurtzen autoaren ihes-hoditik. Karbono dioxidoaren emisioa, berriz, zeroren parekoa da; izan ere, biodieselak isurtzen duen CO 2 kantitate bera kontsumitzen dute hazi-koipetsuetako landareek beren hazkuntza-zikloan.

GAIKER

Biodiesel puruak toxizitate baxua du uretan, eta, biodegradagarria denez, 30 egunetan guztiz desagertzen da. Ezaugarri horiek istripuen aurrean erregai seguruagoa bihurtzen dute.

Ikuspuntu teknologikotik, biodiesela guztiz bateragarria da Diesel motorrekin. Biodiesela erabiltzeko ez da inolako aldaketarik egin behar motorretan, eta haien iraupena eta errendimendua hobetzen ditu.

...desabantailak. Biodiesela lortzeko prozesuari zorrotz begiratzen bazaio, ikusten da albo-produktu gisa sortzen den glizerinak arazoak sor ditzakeela. Nahiz eta material hori beste hainbat prozesu industrialetarako erabili –xaboiak egiteko adibidez–, gehiegizko produkzioak soberakinak eragingo lituzke. Glizerina-soberakin horiek naturarentzako arazo bilaka daitezke, gainerako soberakinekin gertatzen den bezala, non bota ez dagoelako. Gainera, soberakin horiek ezabatzeko bideek biodieselaren kostua handituko lukete.

Biodieselaren beste ezaugarri batek ere desabantaila txiki bat dakar. Biodiesela likatsuagoa da, eta, beraz, tenperatura baxuan ez da maneiagarria. Horregatik, baliteke lurralde hotzetan erabilgarri ez izatea. Izan ere, biodiesela petroliotik eratortzen diren erregaiak baino 2-3 †C azkarrago izozten da. Ez da alde handia, baina eragina izan dezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia