Geratzea ahazten zaion korrikalaria
2009/10/10 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hamasei hilabeteko haur txikia zela, garuneko lesio bat izan zuen, baina oharkabean pasatu zen. Hogeita hamar urterekin, hirugarren haurdunaldian, agertu ziren ondorioak. Epilepsia-krisiak izaten hasi zen, astean lauzpabost. Medikuz mediku ibilita, eta buelta asko eman ostean, arazoa errotik mozteko aukera agertu, eta esperantzari heldu zion Diane Van Derenek. Horrela, garuneko ezkerreko lobulu tenporalaren zati bat kendu zioten. Krisiak desagertu egin ziren, baina ez horiek bakarrik. Eguneroko bizitzan beharrezkoak diren zenbait gaitasun ere desagertu zitzaizkion.
Ebakuntzaz geroztik, ez du orientatzeko gaitasunik, asko kostatzen zaio gauzak buruz ikastea, zail egiten zaio egitekoak antolatzea, eta espazioaz eta denboraz jabetzeko gaitasunaren zati handi bat galdu du. Espazioaz eta denboraz ez jabetzeak edonon galtzeko arriskua eragiten dio, baina baita beste inork ez bezala korrika egiteko gaitasuna ere.
Espazioa eta denbora
Espazioa eta denbora, kultura edozein dela ere, modu bertsuan sumatzen dute gizaki guztiek. Honela azaltzen du Julio Vallejo Ruiloba psikiatria katedradunak Introducción a la psicopatología y la psiquatría liburuan: "Espazioaren eta denboraren pertzepzioa ez da uniformea gizaki guztietan. Hala ere, badira gizakiotan espazioaren, denboraren, formen eta koloreen pertzepzioan bariaziorik ez duten elementuak. Adibidez, gorputzarekiko orientazioa unibertsala da, eta horren funtzionamendu egokia garuneko eremu jakin batzuen araberakoa da".
Bizi den artean, espazioa bete eta denbora jaten du gizakiak. Gizakiaren jarduera guztiak bi parametro horietara lotuta daude. Garunaren funtzionamendua egokia denean, noski. Dianeren kasuan, haren neurofisiologo Don Greberrek New York Times en adierazi duenez, pasatzen den denboraz edo betetzen duen espazioaz ez jabetzeak "korrika ari denean lagundu egiten dio, ez delako kezkatzen helmugaren urruntasunarekin, baina ez dio beste ezertan laguntzen".
Berezko gaitasun fisikoari eta gaixotasunari esker irabazi zuen atleta estatubatuarrak Yukon Artikoko ultramaratoia, bi urtean behin elurretan egiten den 688 kilometroko lasterketa.
Munduko onena izateko, orduak eta orduak ematen ditu entrenatzen Coloradoko Mendi Harritsuetan, denboraren eta espazioaren pertzepzioaren mugak ezagutu gabe. Egindako kilometro guztiak buruan izatea edo helmugara iristeko falta dena burutik kendu ezinda ibiltzea muga handia da kirolarientzat, eta muskuluetako nekea sumatzea areagotzen du.
Nekea gehiegizko jarduerak eragindako ahultasuna da, baina baita energia-gabeziaren sentsazio subjektiboa ere. Burua etsai handia da esfortzu fisikoa egiten diharduenarentzat. Elitetik kanpo ere, korrika ari garela, bakoitzak bere trikimailuak erabiltzen ditu ahazteko: paisaiaz gozatzea, lagunarekin hitz egitea, musika entzutea, kontzentrazioa lantzea... baina Dianek ez du horren beharrik. Greberrek dioenez, "orduak eta orduak egin ditzake korrika, non eta zenbat denboraz ibili den gogoratu gabe". Hori bai: hogeita lau orduan haren berri ez badute, laguntza eskatzeko agindua dute familiartekoek.
Ortzadar-e n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia