Geomitologia: kontu zaharrei adi
2006/01/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Mitoak adi aztertzen hasiak dira hainbat geologo; izan ere, mito batzuetatik abiatuta, jatorrian izan zen lurrikara, sumendi-erupzioa edo tsunamia aurki daitekeela uste dute. Geologiaren atal honi geomitologia deitzen diote.
Hawaii: mitoen eta sumendien paradisua
Bereziki erabilgarriak omen dira Ozeano Bareko uharteetako mitoak, istorio bakoitza errege-belaunaldi batekin lotzen baitute. Hawaiin, esate baterako, 95 errege-belaunaldi zenbatzen dituzte, eta, horiei esker, mito jakin bat noiz gertatutako gertakizunarekin lotzen den jakin daiteke. Esate baterako, hawaiiarren mitologian Pele suaren eta sumendiaren jainkosa da. Diotenez, Pelek hainbat haserrealdi izan zituen beste jainko batzuekin —besteak beste bere ahizparekin, Na-maka-o-kahai uraren eta itsasoaren jainkosarekin—. Bada, mito horien garaiak aztertuta ikusi dute haserrealdi haiek bat datozela sumendien erupzioekin. Hain zuzen ere, hamarkada batzuen aldea besterik ez dago karbono-14aren bidez egindako sumendien erupzioen datazioaren eta mitoaren datazioaren artean, errege-belaunaldien arabera.
Beste gertaera batzuk ere azaldu dituzte era berean. Diotenez, Kakuhihewa erregearen garaian, gertaera harrigarri batek giza sakrifizio bat eten zuen egunsentian: hontz erraldoi bat pasatu omen zen Eguzkiaren paretik. Arkeologo bati otu zitzaion mitoaren datuak NASAko taula batekin alderatzea. Taula horretan iraganeko gertaera astronomikoak agertzen dira. Bada, hara non ikusi zuen eguzki-eklipse bat gertatu zela Hawaiin Kakuhihewaren garaian. Hain zehatz, egunsentian gertatu zen Eguzki-eklipsea hura, 1679ko apirilaren 10ean.
Egia esan, mundu osoko geologoek ekin diote mitoak aztertzeari. Italian, adibidez, Mikel Goiaingeruaren agerpena aztertu du Piccardi izeneko geologo batek. Sant’Angelo mendian lurrikara ikaragarri bat izan omen zen: goiaingerua agertu eta bere oinatza utzi omen zuen harrian.
Mikel Goiaingeruaren santutegian aztarnategi bat ireki zuten, eta mitoari azalpena eman diote: indusketa arkeologikoek faila-ebakidura bat azalerazi dute. Hori ikusita, ingurua lurrikara-arrisku handiko leku gisa katalogatu du Italiako Geofisika eta Bolkanologia Institutuak. Beraz, kasu honetan, mitoa aztertzeak balizko arrisku bat ikusten lagun du.
Erabaki zaila
Mitoek iraganeko gertaera geologikoak aurkitzeko balio dute, beraz. Baina ez mito guztiek, noski. Izan ere, mito asko nahasiegiak dira azalpena aurkitzeko, eta, ondorioz, ez dira erabilgarriak zientziaren ikuspegitik. Uste da mitoak eraldatu egiten direla belaunaldi batetik bestera transmititu ahala. Hala, guk jasotzerako —edo idatzita utzi zituztenerako—, mitoak asko aldendu dira jatorrizko gertaeretatik. Gainera, askotan, mito bat gertaera batek baino gehiagok osatzen omen dute, garai eta leku desberdinetan gertatutakoak. Horiei jaramon egitea denbora galtzea litzateke.
7K-n argitaratua.