Genomak gero eta sekretu gutxiago
2002/05/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Ulertzen ez duguna ez da nahitaez alferrikakoa: batzuetan, lanean aurrera egin ahala, ezusteko aurkikuntzak azaleratzen dira. Giza genoma aztertzen ari diren zientzialariei hori gertatu zaie: lau haizetara giza genomaren lehen zirriborroa egin zela zabaldu zutenetik, hainbat hutsegite eta ezjakintasun gelditu dira agerian.
Baina dena ez da gris-kolorekoa, eta genomari buruzko datu asko erabat ziurrak dira. Adibidez, eskola-liburu gehienetan irakasten da DNA zelularen nukleoan dagoela eta bere buruaren inguruan kiribilduta X-itxura duten egiturak osatzen dituela: kromosomak. Kromosoma horietan dago antolatuta DNA, liburutegi bateko liburuak apaletan ordenatuta dauden bezala.
Jakina da, halaber, kromosoma bakoitzak informazio zehatza duela, baina hortik aitzina iluntasuna nagusitzen hasten dela, informazio hori guztia ez baita oraindik ongi ulertu edo ezagutzen. Hori bai, argi dago DNA bi partetan banatzen dela: informazio baliagarria duena alde batetik, eta ezertarako balio ez duena bestetik. Lehen partea proteinak osatzeko kodeak gordetzen dituzten geneek osatzen dute eta bigarrena
DNA-zaborrak.
Baliorik gabekoa
Generik kodetzen ez duen zatiari zaborra deitu izan zaio:
DNA-zaborra. Hala deritzo ezezaguna zaigun DNAren zati orori. Baina kezkatzeko moduko kontua da: genomaren erdia sartzen da gutxienez zati horretan. Zer esan nahi du horrek? Genomaren erdiak ez duela ezertarako balio? Orduan zergatik dugu informazio hori guztia zeluletan pilatuta? Bada azalpenik horretarako ere.
Biokimikarien arabera, azalpena eboluzioak utzitako arrastoetan dago. Gure arbasoen geneak bertan geratu dira, batzuk zeharo zaharkituta; eta arbasoen arbasoenak ere bai; eta horien arbasoenak eta abar. Kontuan hartu behar da atzerako bide hori bakterioetaraino heltzen dela, eta horiek ere utzi dizkigute gene-puskak genoman barreiatuta. Hainbeste urteko eboluzioaren arrastoak genoman izatea ez da harritzekoa.
Dena dela, zientziak oraindik azaldu ezin dituen gauzak baztertzea ere ez da harritzekoa. Zaborra deritzo DNAren zati bati baina, beharbada, zati horrek zerbaiterako balio du. Ideia horretatik abiatuta, hainbat ikerketa-lerro ireki dira, eta horietako baten emaitzak argitaratu dira Nature Genetics aldizkari espezializatuaren azken zenbakian.
Konpontzailea
Argitaratu berri den ikerketak LINE-1 izeneko elementuak ditu aztergai, L1 laburduraz adierazten direnak. Gure genoma osoaren % 17 osatzen dute, baina, hala eta guztiz ere, oso ikerketa gutxi egin da zati handi horren inguruan. Orain, Estatu Batuetako biokimikari batzuek gaitasun berezi bat aurkitu diete L1 elementuei: puskatutako DNA-kateak berriz lotzen omen dituzte, hau da, konpontzaile lana egiten dute. Gaitasun horrek DNAren zati horiei buruzko ideia aldatu du.
Orain arte, zientzialariek uste zuten L1 elementuek bizkarroien antzera jokatzen zutela. Izan ere, DNA-kateak puskatu eta edozein tokitan tartekatzeko ahalmena dute. Bizkarroien antza aipatzen zen, azken batean birusek ere horrelako estrategia bat erabiltzen dutelako. Baina, orain aurkitutakoarekin, bizkarroiaren ideia hankaz gora jartzen da: L1 elementuek kromosomatik kromosomara 'salto' egin dezakete, hondatutako kateak bilatu eta konpontzeari ekiteko. Horregatik, agian, ezertarako balio ez zuen DNA-zati hori ezinbestekoa da zelularentzat.
Genomaren zati asko dira oraindik arrotzak, eta, horregatik, ikertzaileek bide berriak jorratu behar dituzte. Oraingoan
bizkarroi-itxurako elementu konpontzailea aurkitu dutela ematen du. Hori garrantzitsua da, baina agian garrantzitsuagoa da asko falta zaigula onartzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia