Genesis misioa ez zen izan alferrikako lana

2001ean eguzki-haizeak aztertzera bidali zuten espazio-ontzi bat Genesis misioan. Espazioan 27 hilabete eman eta gero, eta lana behar bezala egin eta gero, hau da, datu-mordoa bildu eta gero, espazio-ontzia lurreratzeko orduan, paraxutak huts egin eta Utahko basamortuan txikitu zen.

Gertatutakoa ikusi zutenean, zientzialariek pentsatu zuten espazio-ontziak bildu zuen informazio guztia galdu zela, baina aztertzen hasi eta ikusi zuten informazioa egon bazegoela, ez zela galdu alegia. Hori bai, hasieran espero zuten baino askoz denbora gehiago behar izan zuten informazio hori espazio-ontziaren pusketetatik ateratzeko: hasieran uste zuten urtebetean emaitzak argitaratzeko moduan egongo zirela, eta hiru urte pasatu dira argitaratzen hasi diren arte.

Denbora luzea behar izan duten arren, lortu duten informazioa oso baliagarritzat jo dute, besteak beste Eguzkiaren gainazaleko elementuen isotopo-proportzioa ezagutu baitute. Astronomoek uste dutenez, Eguzkiaren gainazalaren konposizioa eta eguzki-sistemaren aitzindariarena (eguzki-sistemako izarrak eta planetak sortu baino lehenagokoa) berdinak dira. Lurraren atmosfera nola sortu zen jakiteko baliagarriak izango dira lortutako datuak, haien iritziz.

Argazkia: NASA

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia