Genero eta adin estereotipoak indartzen dituzte Internetek eta AAk

Emakumezko medikuak interneten


Interneten eta AAn hainbat lanbidetako eta rol sozialetako emakumeak gizonezkoak baino gazteagoak eta esperientzia gutxiagokoak dira. Eta diferentzia hori ez dator bat datu errealekin (AEBko datuekin konparatu dute). Ondorio hori atera dute Naturen argitaratu duten lan batean. Ikertzaileek nabarmendu dute genero-desberdintasunaren aurkako borrokan oztopo esanguratsua dela, genero eta adin-estereotipoak indartu eta iraunarazten dituelako, eta horrek, esaterako, erantzukizun-postuetarako sarbidea muga lezakeelako.

Ikertzaileek, batetik, 1,4 milioi irudi eta bideo aztertu dituzte bost plataformatan (Google, Wikipedia, IMDb, Flickr eta YouTube), lanbide eta rol sozial desberdinak irudikatzen dituzten emakumeen eta gizonen batez besteko adinak neurtuz. Emakumeak gizonak baino gazteago gisa irudikatzen direla ikusi dute, batez ere, estatus edo irabazi handiagoko lanbideetan, hala nola medikuak edo bankariak. Adibidez, medikuen kasuan, bilaketen emaitzetan gizonezkoa 25 eta 34 urte bitartekoak izan ziren, eta emakumezkoak 18 eta 24 urte bitartekoak.

Bestetik, bederatzi hizkuntza-eredu handi ere aztertu dituzte (interneteko datuekin trebatzen direnak), eta ikusi dute joera hori areagotu egiten dutela. Esaterako, Chat GPTri eskatu zioten 40.000 curriculum sortzeko 54 lanbidetarako. Emaitzek erakutsi zuten ChatGPTk emakumezko hautagaiak batez beste gizonezkoak baino 1,6 urte gazteago egiten zituela. Gainera, curriculum horiek baloratzeko eskatu ziotenean, ChatGPTk hautagai zaharrenak, gizonezkoak, emakumezkoak baino kalitate handiagokotzat jo zituen.

Emaitzek agerian uzten dute online-baliabideek eta hizkuntza-eredu handiek nola distortsionatu eta betikotu ditzaketen generoaren eta adinaren inguruko estereotipoak, eta, gainera, erakusten dute AAko ereduek alborapen horiek jasotzeaz gain aktiboki erreproduzitzen dituztela. Ikertzaileek azpimarratu dute horrek guztiak eragin dezakeela horrela diskriminatutako kolektiboak desabantailan ezartzea bizitza errealean.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali