}

Geneen errua da bihotz handiegia izatea

2002/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bihotzaren ezohiko neurri handiagatik bereizten da ezkerreko bentrikuluaren hipertrofia. Patologia horren ondorioz, bihotzekoak emateko arrisku handia izaten da, eta gaitza areagotzen duten eragile fisikoak ere badira. Horien artean daude odoleko presio altua eta kirola; esate baterako, atleta gazteen bat-bateko heriotzen herena patologia horregatik gertatzen dela uste da.

Hipertrofia hori zuten animaliekin egindako ikerketei esker, PPAR geneak baduela erantzukizunik ikusi ahal izan da. Gorputzak erregai moduan erabiltzen dituen gantz azidoen haustura kontrolatzen du gene horrek. Gene horren aldaera berezia dutenek, akatsak izaten dituzte funtzio horretan. Hori dela eta, bihotzean gantz-azidoak metatzen dira. Orduan, bihotzak glukosa erretzen du, eta gantz-azidoak baino erregai okerragoa denez, bihotza behartu egiten da. Azkenean, bihotzeko zelulak hil egiten direla uste dute ikertzaileek.

Ezkerreko bentrikuluaren hipertrofiarekin lotutako aldaera hori uste baino arruntagoa da: populazioaren % 20k du. Aipatutako ikerketei esker, epe laburrean sendabidea aurkitu ahal izatea espero da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia