Geneak editatzeko teknika bat nabarmen hobetu dute

Geneak editatzeko teknika bat nabarmen hobetu dute


Prime editing izeneko geneen edizio-sistema nabarmen hobetu dute MITeko ikertzaile batzuek. Asko murriztu dute edizioan akatsak sartzeko probabilitatea. Horrek aukera eman lezake hainbat gaixotasun genetikorentzako tratamendu seguruagoak eta fidagarriagoak garatzeko.

2019an aurkeztu zuten Prime edizioa: CRISPRen oinarritutako sistema, hura baino zehatzagoa eta nahi gabeko eragin gutxiago zituena. Teknika horren erabilera gero eta gehiago zabaltzen ari da, baina oraindik nahi baino akats gehiago sortzen ditu, batzuetan DNA-zati berriak behar ez den lekuan sartzen dituelako. Akats horiek gehienetan ez dute ondoriorik izaten, baina kasu batzuetan tumoreak edo bestelako arazoak eragin ditzakete.

Orain, MITeko ikertzaileek errore-tasa jaisteko modua aurkitu dute, prozesuan parte hartzen duten proteina batzuen bertsio eraldatuak erabiliz. Zehazki, Cas9 proteinaren mutazio batzuek akats gutxiago sortzen zituztela ikusi zuten. Bada, Cas9 proteinen aldaera batzuk konbinatuta, errore-tasa nabarmen murriztea lortu dute: zazpi edizioko akats bat egotetik 101 edizioko akats bat egotera, gehien erabiltzen den edizio-moduan; edo 122 edizioko akats bat egotetik 543 edizioko akats bat egotera, doitasun handiko modua erabiltzen denean. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Editore berriari vPE deitu diote. Orain, eraginkortasuna hobetu nahi dute ikertzaileek, eta editoreak gorputzeko ehun zehatzetara eramateko moduak ikertzen ere ari dira; aspaldiko erronka da hori gene-terapian

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Genetika