Gekoen itsasteko gaitasuna argitu dute
2002/08/27 Elhuyar Zientzia
Gekoak mota guztietako azaleretan itsasteko gaitasuna duten narrasti txikiak dira. Aspalditik dira animaliatxo horiek zientzialarientzat oso interesgarriak, eta azken urteotan horien itsasteko sekretuak zein diren argitu nahian ibili dira. Gekoak leunduta dagoen beirazko pareta batetik inolako arazorik gabe igotzeko gai dira, eta baita buruz behera daudela beren gorputzaren pisuari behatz bakar batekin eusteko ere.
Hain zuzen ere, itsasteko gaitasun harrigarri hori nola lortzen duten azaltzen duen teoria bat baieztatzeko gai izan da Kalifornia Unibertsitateko biologo- eta ingeniari-talde bat. Diotenez, gekoen oin azpietan dauden iletxoetan dago gakoa. Milioika iletxo daude oin bakoitzaren azpian, iletxo bakoitzak, keta deritzonak, 0,0001 milimetroko luzera du. Seta bakoitzaren muturra milaka iletxo txikiagotan banatzen da, espatula deritzenak.
Gekoek oina edozein gainazalen gainean ezartzean, setak elkarrengandik banatu egiten dira; horrela espatula bakoitzak ukipen-azaleraren dentsitatea asko emendatzea lortzen du. Horren ondorioz, gainazalaren eta espatula bakoitzaren artean Van der Waals loturak sortzen dira.
Van der Waals loturak edozein gainazaletan sor daitezkeen lotura ahul batzuk dira. Baina kontuan izanda espatula bakoitza zein txikia den, orotara lortzen den indarra oso handia da. Horrela, seta bakar batek inurri bat altxatzeko gaitasuna du eta milioi bat setak 20 kilo jaso ditzakete.
Gekoen oinetako ileek duten egitura kopiatuz, edozein gainazaletan, baita ur azpian ere, erabili daitezkeen itsasgarriak sortu ahal izango direla uste dute zientzialariek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia