}

Gehiegizko populazioa

2009/06/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Koloratzaile-tanta bat isurita, ezin da aldatu itsasoaren kolorea. Hamar mila litro isurita ere ez, nahiz eta toki jakin horretan eta denbora batez hala gertatu. Baina egunero bilioika litro isuriz gero, seguru asko, kolore-aldaketa sumatuko genuke. Printzipio hori aplika dakieke ingurumenarekin zerikusia duten arazo askori: gizakiaren eragin kaltegarria arazo bilakatzen da kantitate handian egiten duelako.
Gehiegizko populazioa
2009/06/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: iStockphoto.com/askham desgin)

Gandhik esan zuen Ingalaterrak planeta osoa ustiatu behar izan zuela XX. mendean zuen bizi-maila lortzeko, eta Indiak bizi-maila bera lortzeko planeta bat baino gehiago beharko lituzkeela. Kolonialismoari egindako kritika zen, baina ingurumenarekin du zerikusia. Indiako populazioa oso handia da, Ingalaterrakoa baino askoz handiagoa.

Eta planeta osoaren populazioa are handiagoa da. Nina Ferodoff Estatu Batuetako presidentearen aholkulariak uste du munduko populazioak dagoeneko gainditu duela jasangarritasunaren muga. "Seguruenik, dagoeneko jende gehiegi dago planetan" esan zuen BBCko One Planet irratsaioan egindako elkarrizketa batean.

BBCk eman zituen datuak US Census Bureau erakundeak emandakoak ziren: munduko populazioa 6.800 milioi pertsona ingurukoa da; populazio hori egunero 218.030 pertsona hazten da, eta litekeena da 2040. urterako populazioa 9.000 milioikoa izatea.

6.800 milioi pertsona horiek jaten, energia kontsumitzen eta baliabide naturalak ustiatzen ari dira (eta karbono dioxidoa ari dira isurtzen arnasaren bitartez). Aberastasunaren banaketa nolakoa den aztertu gabe ere, zenbaki handiak dira.

Ferodoff ez da ideia hori plazaratu duen bakarra. Sir David Attenborough BBCko aurkezle ospetsua Optimum Population Trust taldeko kide egin da, populazioa murriztu behar dela defendatzen duen talde batekoa. Attenboroughek uste du giza populazioa txikiagoa izateko premia dagoela. "Munduan jende gutxiago izateak erraztuko ez lukeen arazorik ez dut ezagutzen".

Ekologia

Populazioa murriztu bai, baina zenbat? Oso zaila da esaten. Ekologiaren orekak eskatuko luke gizakiak dagokion lekua betetzea espezieen artean, ez gehiago eta ez gutxiago. Baina bi arazo daude.

Lehenengoa da ezin dela jakin zenbat den gizaki-kopuru egokia ekologiarako. Kalkula daiteke, baina betiere zenbatespenetan oinarrituta. Adibidez, zenbatespen baten arabera, Pleistozenoan (duela 200.000 urte), Iberiar Penintsulan 150.000 gizaki bizi ziren, gutxi gorabehera. Gaur egun, 51 milioi biztanle baino gehiago dira, Espainia eta Portugal estatuetako populazioak batuta. Onartzen badugu Pleistozenoko populazioa oreka ekologikoaren ondorioa zela, Iberiar Penintsulako datuak erabil ditzakegu, eta mundu osoko 'populazio ekologikoa' estrapolatu. Baina emaitza ez litzateke fidagarria izango, besteak beste, zenbatespen eta suposizio gehiegitan oinarritua dagoelako. Pleistozenoan ez zen erroldarik egiten, eta ezin dugu jakin zenbateraino zehatza den 150.000 zenbakia.

Oreka ekologikoaren populazio egokia ezagutzeko bigarren arazoa da oreka ekologikoa ez dela existitzen. Ekosistemak ez daude inoiz orekan. Etengabe ari dira aldatzen. Etengabe ari dira espezie batzuk ugaritzen eta beste batzuk urritzen, batzuk agertzen eta beste batzuk desagertzen. Faktore asko direla medio, biotopoek ez dute beti berdin irauten.

Adibidez, Neolitoaren hasierako egoera ekologikoa eta gaur egungoa ez dira berdinak, eta, beraz, gizaki-kopuru 'egokia' ere desberdina izango litzateke Neolitoan eta orain.

Dena dela, agian, ez dago kopuru egokia jakin beharrik. Une honetan, giza populazioa oso handia da. Baina, agian, mende hauetako arazoa besterik ez da, eta, denboraren perspektibatik ikusita, Lurraren ekosistemak autorregulatu egingo dira. Azken batean, gizakia ez da populazio handia izan duen espezie bakarra eboluzioaren historian, eta kasu guztietan iritsi da espezie horien gainbehera. Autorregulazioa.

Hain zuzen ere, litekeena da gizakiaren kasuan faktore erregulatzailea klima-aldaketa izatea. Izatekotan, ez da faktore bakarra izango, baina giza populazioaren gainbeheran lagun dezake. Eta horrela balitz, zilegi da galdetzea ekologismoaren aldeko jarrera bat ez ote den klima-aldaketa gertatzearen aldeko jarrera bat.

Roa Zubia, Guillermo
3
254
2009
6
026
Ingurumena; Klimatologia
Dosierra
44

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia