Gaurtik aurrera ez da berundun gasolinarik salduko
2001/08/01 Elhuyar Zientzia
Duela hilabete batzuk iragarri bezala, gaurtik aurrera ez da beruna duen super gasolinarik salduko. Horren ordez, gehigarri gisa sodio, potasio, fosforo eta manganesoaren gatz organikoak dituen berunik gabeko gasolina aukeratu beharko dute super gasolinaren erabiltzaileek.
Hasieran, nahastea erabiltzaileak berak egin beharko zuela zabaldu zen; gero, ordea, AOP Petrolio Industriaren Elkarteak nahastea egina salduko zela iragarri zuen. Dena den, kontuan hartu behar da etxe bakoitzak izen desberdina eman diola nahaste berriari. Horrela, bada, Repsol gasolindegietan 97 Super berria aukeratu behar da, Cepsa gasolindegietan Super berria eta BP-etan BP 97 ekosuperra.
Honezkero, badira urte batzuk Europako Batasuna berundun gasolinak merkatutik kentzeko ahaleginetan ari dela. Hala ere, super gasolina oraindik auto askok erabiltzen dute, eta ezinezkoa da bat-bateko aldaketa gertatzea. Gaurtik aurrera, bi urteko epea egongo da automobil-parkea berritu eta super gasolina behar duten autoak guztiz baztertzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia