}

Gaur banatu dira CAF-Elhuyar sariak, Usurbilgo plazan

2013/04/25 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur banatu dira 2012ko zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Lau kategoria saritu dira, eta haietako bat berria da aurten: zientzia gizartean sorkuntza-beka. Arlette Apraiz, Doltza Oararteta, Jaione Ortiz De Zarate, Maider Amutio, Nerea Andres eta Oihane Enbeitak osatutako taldeak irabazi du, Balio berriz balio proiektuarekin.
Gainerako hiru kategorietan, Miguel Querejeta astrofisikaria, Isabel Mendizabal genetikaria eta Gorka Zabaleta kazetaria izan dira irabazleak. Elhuyar Fundazioaren Merezimendu saria, berriz, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak jaso du.
gaur-banatu-dira-caf-elhuyar-sariak-usurbilgo-plaz
CAF-Elhuyar 2012ko saridunak - Arg. Elhuyar
--> Dibulgazio-artikulu orokorra: Galaxiek topo egiten dutenean
--> Tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua: Ijitoen jatorria DNAn islatuta
--> Zientzia-kazetaritzaren arloko lana: "Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa"
--> Merezimendu saria: Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

2012ko CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia Usurbilgo frontoian hasi da. Hala, usurbildarrek ere ekitaldian parte hartzeko aukera izan dute, sariketara aurkeztutako pertsonekin eta urtero gerturatu ohi diren ohiko gonbidatuekin batera.

Hain zuzen, elkarrekintza izan da aurtengo ekitaldiaren haria, eta horixe bilatu dute antolatzaileek bulegotik atera eta herri-kaskoan ospatzean sari-banaketa: Usurbilgo herriarekin eta herritarrekin elkarrekintza sendotzea. Beraz, guztiek batera gozatu dute frontoiko sabaitik zintzilikatutako ilargiaren inguruan trapezista batek egindako dantza. Aurretik, Elhuyarreko kide batzuek lotu dute sokara ilargia, Elhuyarren aro berria irudikatzen duen logotik hartuta.

Jarraian gogorarazi dutenez, CAF-Elhuyar sariketa bera ere bi erakunderen arteko elkarrekintzaren adibide da, CAF tren-konpainiarena eta Elhuyarrena. Duela 19 urte sortu zen, eta geroztik etengabeko bilakaera izan du. Aurten, beka bat sortu dute, zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuei laguntzeko: zientzia gizartean sorkuntza-beka.

Horrenbestez, bekaren irabazleak zein gainerako kategorietakoak ezagutzeko eta haiei sariak emateko, frontoiaren ondoan dagoen kultura-etxera joan dira, Sutegira.

Astrofisika eta genetika, saritutako artikuluen gaiak

Aretoaren babesean, sariak banatu aurretik, epaimahaia osatu duten pertsonak aurkeztu dituzte: Jose Mari Rodriguez Ibabe, CEITeko ikertzailea eta Elhuyar Fundazioko lehendakari ohia; Txema Ramirez de la Piscina kazetaria, Arturo Elosegi ekologoa, eta Marian Iriarte kimikaria; hirurak EHUko ikertzaileak; Josu Rekalde EHUko Artea eta Teknologia Saileko zuzendaria; Koldo Almandoz zinema-zuzendaria; eta, Elhuyarren izenean, Leire Cancio, Elhuyarreko zuzendari nagusia, eta Maria Gil, Elhuyar Zientzia Unitatearen arduraduna.

Lehenik, zientzia-kazetaritzen arloko saritua iragarri dute: Gorka Zabaleta, Zumaiako Baleike herri-aldizkarian argitaratutako lanarengatik. Angel Uranga CERNeko fisikariari egindako elkarrizketa da, eta izenburua: “Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa”.

Epaimahaiari aipagarria iruditu zaio gaurkotasunari erantzuteko egindako ahalegina, protagonista egokia aukeratzean erakutsitako zorroztasuna eta herri-aldizkari batek zientzia-gaiak zabal lantzea.

Zabaletak Isabel Mendizabali eman dio txanda oholtzaren gainean. Harena izan da egilearen tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onena. “Ijitoen jatorria, DNAn islatua” da izenburua, eta aho batez aukeratu du epaimahaiak aurkeztutako gainerako lanen artean. 

Mendizabalek Pompeu Fabra Unibertsitatearen Biologia Ebolutiboko Unitatean egin du tesia. Epaimahaiak nabarmendu duenez, egileak “oso ondo uztartu ditu testuingurua eta berak antropologia molekularrean egindako ikerketa. Gainera, bere ikerketaren emaitzak ez ezik, hizkuntzalarienak ere aintzat hartu ditu, eta, hala, artikulu benetan mamitsua osatu du”.

Hurrengo irabazlea Alemaniatik etorri da saria jasotzera. Izan ere, han ari da egiten doktoretza Miguel Querejeta, zientzia-dibulgazio artikuluaren irabazlea. Max Planck Astrofisika Institutuan dabil ikertzen, eta bere ikerketarekin lotuta dago epaimahaiak saritu duen artikulua,  “Galaxiek topo egiten dutenean”.

Epaimahaiaren esanean, gaia berria eta edukia maila altukoa izan arren, artikulu ”irakurrerraza” egin du egileak. Horretarako, batzuetan, bere buruari egindako galde-erantzunak baliatu ditu, adibidez, “Nork ez ditu txikitan limoi-zukua erabiliz mezu sekretuak idatzi?”.

Amaieran, berezitasunak: beka eta Merezimendu saria

Oholtzara igotzen hurrenak bekaren irabazleak izan dira. Balio berriz balio izena du aukeratutako proiektuak. Egileen arabera, galdera honi erantzuteko asmoa dute; “Zelan berritu balioa, berriz balio dezan?”. Horren bitartez, balio berriei aukera ematera gonbidatu nahi dute gizartea. Horretarako, diziplina anitzeko arte instalazioa da erabiltzeko asmoa dute.

Epaimahaiak ere diziplinartekotasuna nabarmendu du proiektu hori zergatik aukeratu duen azaltzean. Horrez gain, aipatu du proiektuak ondo betetzen dituela lanen balorazioan aintzat hartu beharreko beste irizpideak ere, bereziki zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza bilatzean, interes sozialean eta erakargarritasunean.

Hala, Arlette Apraiz, Doltza Oararteta, Jaione Ortiz De Zarate, Maider Amutio, Nerea Andres eta Oihane Enbeitak osatutako taldeak jaso du beka.

Azkenik, Txema Pitarke Elhuyarreko lehendakariak Elhuyar Fundazioaren Merezimendu saria eman dio Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeari, osasun-arloan euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik.

Hain zuzen ere, duela bi hamarkada hasi zuen erakundeak bidea, eta gaur egun arte osasun arloko ia 400 langile bildu ditu euskararen alde jardutera. Lan hori aitortuz, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen lehendakariak,  Karlos Ibarguren Olalde medikuak, jaso du Merezimendu saria.

Pitarkeren eta Ibargurenen hitzekin bukatu da berez ekitaldia, baina gonbidatuek ospakizuna giro ederrean luzatu dute, mokadu bat hartu bitartean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia