Gauaren aurkako borroka (I)
1990/10/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egia esan, gauaren iluna, gauaren beldurgarria, oso-osoan eta egunerokotasunean, nekez irudika dezakegu argiztapen elektrikoaren aroan sortu garenok; ez eta, zenbait belaunaldi lehenago, gasezko argiztapena ezagutu zutenek ere. Inoiz gutxitan, gau betean, tximistaren batek edo matxuraren batek Iberdueroren atzaparretatik —harietatik esan beharko genuke kasu honetan— askatzen gaituenean, zein kaxoitan gorde ote genuen kandela zahar hura, edo seguru asko pilak agortuxeak dituen eskuargi hura non arraio utzi ote genuen tarrapataka hasten garenean, leihoak ireki eta kale-argirik ez ikustean, ia orduan soilik izan dezakegu aukera gauari buruz gogoetatxoren bat egiteko.
Halaber, egunero, zeinnahi etxe edo eraikinetako edozein ate ondoko paretatan kokaturik dagoen etengailua esku-eragite oharkabe batez sakatu eta gela, bulego, aretoa edo dena delakoa argiztatzen dugunean, ez dugu inoiz gogora ekartzen horretara iristeko zientziak eta teknologiak nolako bide luzea egin duten.
Argiztapen artifizialaren jatorria: sua
Argiztapen artifizialaren historia suaren aurkikuntzaz hasten da. Hori noiz gertatu zen ez dago oraingoz oso argi. Dena den, badakigu goi-paleolitikoan, orain dela 40.000 urte inguru, Cro-Magnoneko gizakiak suaz baliatzen zirela.
Sua, argi-iturri eta bero-iturri da aldi berean. Paleolitikoan egurra eta hezurrak ohi ziren sutarako erregaia. Gizakiak argia behar zuen harpeen hondoraino iristeko eta bertan bizitzeko; sua garraiatzeko modua aurkitu zuen adar baten bidez. Ipuru-adarrak erabiltzen ziren; argi bizia emanez eta ke gutxi aireratuz erretzen bait dira.
Zuziak eta olio-lanparak
Lehenengo hobekuntza adarra erretxinaz igurtzitzea izan zen. Horrela jaio ziren zuziak. Hurrengo urratsa argi-iturri hori egonkortzea izango zatekeen, erosoago eta eramangarriagoa izan zedin. Erregaia aldatu zuten, koipe eta olioak erabili zituzten. Ontzi batera olioa isuriz eta muki edo metxa bat (metxa tutu kapilare-sorta batez osatuta dago, kotoizko hariez adibidez) sartuz, olioa kapilaritatez igotzen da mukian gora. Mukiaren muturrari su eman eta airean dagoen oxigenoarekin erreakzionatuz, garraren tenperaturan, koipea erre egiten da. Horrela jaio zen olio-lanpara edo kriseilua.
Olio-lanparan, erregai-kopuru beharrezkoa garreraino uniformeki eramatea da mukiaren eginkizuna. Baina hori lortzeko, mukia finkoa izanik, beharrezkoa da olio-maila ere ontzian finko mantentzea. Olio-maila behera etorriz gero, argi-intentsitatea murriztu egingo da eta azkenik itzali. Arazo honi itzurtzeko, zenbait lanparatan mukiak erregai gainean flotatzen du, olio-mailarekin batera higituz eta, ondorioz, argi-intentsitatea egonkortuz.
Neolitikoan (5000-2500 urte K.a.) buztigintza baliatu zuten kriseiluak egiteko. Harria, brontzea eta hartzuria ere erabili ziren lanparak egiteko. Feniziar, egyptiar, greko eta erromatarrek oso olio-lanpara finak, landuak eta ornatuak, garatu zituzten, hasieran tresna huts zirenak apaingarri bihurtuz.
Milurtekotan zehar, zuziak eta olio-lanparak izan ziren gizateriak gauaren kontra erabili zituen tresna bakarrak.
Argiteria publikoaren agerpena
Pentsa daitekeenez, Antzinaroan argiteria publikoa ez zen ia erabiltzen. Atenasen adibidez, ez zegoen argirik kaleetan. Prostibuluak zeuden kaleetan soilik ipintzen ziren kriseiluak; ez kalea argiztatzeko asmoz jakina, putetxeak non zeuden adierazteko baizik. Jaietan bakarrik argiztatzen ziren kaleak zuzi-errenkaden bidez.
Erromaren lehenengo garaietan ere, prostibuluetako ate gaineko argiontziak baino ez zeuden kaleetan. Gauean kalera irten behar zutenek, zuziak edo argiontziak eraman behar zituzten. Erromatar aberatsek lanternarius izeneko morroiak zituzten argiontzia kaleetan zehar eramateko. Geroago, pixkanaka-pixkanaka hasi ziren hainbat kale nagusi argiztatzen; jai handietan batez ere. Caligula izan zen Erroma osoa argiztatu zuen lehenengo enperadorea, gau-jokoak ziren bitartean. Kontatzen ari garen historia honetan ezin aipatu gabe utzi Neron enperadorea. Izan ere, “aurrerapen” teknologiko beldurgarria zor bait zaio Neron ospetsuari, berrikuntza ikaragarria halere: giza zuziak asmatu zituen. Kristauak erretxinaz igurtzi eta bizirik erre erazten zituen ikuskizun gisa.
II. mendean, keltar jatorria bide duen kandela erabiltzen hasi ziren erromatarrak, arkume-bilgorrez eginda. Kandela aurrerapauso bat da olio-lanpararekiko (erregaia solidoa bait da horrela historia honetan koipe solidoei sarbidea emanez: bilgorrari eta argizariari hain zuzen. Adibidez, arkume-bilgorrez egindako kandelek argiztatzen zituzten Antiokiako kaleak IV. mendean.
Mende askotan zehar argizarizko kandelak errege, printze eta Elizako agintari handiek soilik erabiltzen zituzten, oso garestiak ziren eta. Adibidez, –gure historia honetan jauzi handi bat emanez– Louis XVI.aren garaian, nobleziak jauregietako aretoak argiztatzeko argizarizko kandelak erabiltzen zituen gau-jaietan. Jai handietan hamabost mila kandela edo gehiago erretzen ziren eta jauregiko zerbitzariek, biharamunean aretoak garbitzean, kandela-hondar guztiak arretatsu biltzen omen zituzten gero saltzeko, horrela eskuratutako dirutzak erretiro lasaia gozatzeko adina ematen omen zielarik.
Erdi Aro osoan zehar, bai eta Birpizkundearen hasieran ere, ez zen aurrerapenik gertatu, ez argiteria publikoan, ez pribatuan. Argiteria publikoa, erromatar inperioan baino are urriagoa zen. Ilunsentiaz geroztik eskuargia zen argibide bakarra kaleetan zehar abiatu behar zutenentzat, zenbait elizdorretako kriseiluak salbu.
Louis XIV.a frantses erregeak argiteria publikoaz hornitu zuen Paris. Horretarako argiontziak ezarri zituen kale bakoitzaren erdian eta mutur banatan. Argiontziok horman lotutako soka baten bidez jaitsi eta igo egiten ziren, eta negualdean soilik erabiltzen ziren. Geroago, Louis XVI.ak Frantzia osoko hirietara hedatu zuen argiteria publikoa, beronen kostua estaltzeko zerga berri bat ezarriz.
XVIII. mendetik aurrera berrikuntzak barra-barra
XVIII. mendean asmatzaile asko saiatu ziren argiteria publikoaren arazoa konpontzen. 1769an Bourgeois de Chateaubriand-ek argiontzi berezi bat asmatu zuen (isladagailu edo erreflektore baten bidez bere azpian itzalik sortzen ez zuena) eta sistema hori ezarri zen zenbait tokitan, baina ez zen oso erosoa: piztu ahal izateko argizainaren altueraraino jaitsi behar ziren, garbitu, pantaila isladatzailea baztertu eta ontzia olioz bete, guzti hau kale erdian eta zirkulazioa oztopatuz. Hala ere, sistema honek XIX. mendearen hasierara arte iraun zuen.
Geroago, 1820 aldera, parafinazko kandela agertu zen eta segidan Eugene Chevreul-en lanari esker estearina ekoizten hasi zen; harez geroztik estearinaz egiten dira kandelak; ordurarte erabiltzen ziren koipeak baino askoz hobeto erretzen bait da.
Erregai likidozko lanparek garapen azkarra izan zuten XVIII. mendearen bukaeran. Lanpara zaharretan mukia zilindriko eta betea zen, olioa soberan igotzen zen, erregai asko erretzen zelarik, baina oxigeno gutxiegiz, hots, errekuntza ez zen ona. Errekuntza baldintza horietan gertatzen denean garra gorri-kolorekoa da, ke asko jaulkitzen da eta garretik erre gabe ihes egiten duten gas eta lurrinek zikindu egiten dute gelako airea, arnasketa eragotziz. Beraz, lehenengo hobekuntza mukiaren forma aldatzea izan zen. Muki launa, zapala, erabiliz garraren azalera handiagotu egiten da, horrela errekuntza hobetuz.
1784ean, Aimé Argand fisikariak aire-korronte bikoitzeko lanpara asmatu zuen, baina Antoine Quinquet frantses botikariak Argand lanparari hobekuntza txiki bat egin eta bere izena eman zion; denok ezagutzen dugun kinke izena. Argand, Quinquet-ek egin zion lapurretaz kezkaturik, erotu egin zen. Argand lanparak zilindro eran eraikitako mukia du eta beirazko tximinia baten barruan dago. Muki launeko lanpara baino hobea da; aireak sugarra kanpo aldetik inguratzeaz gainera, barne aldetik ere inguratzen bait du. Ondorioz, erregaiak sortutako gasak erabat erretzen dira.
1800ean, Bertrand Guillaume Carcel-ek erregailuan olio-maila konstantea duen lanpara asmatu zuen (Carcel lanpara), lanpararen argi-intentsitatea egonkortuz. Erloju-mekanismo batez eragindako ponpa batek, lanpara-oinean dagoen olio-ontzitik erregailuraino bidaltzen du olioa, soberan bidalitakoa gainezkabide batetik ontzira itzuliz. Beste lanpara sofistikatuagoak ere asmatu ziren olio-maila konstante mantentzeko (Ikus irudian “Moderador” izeneko lanpararen funtzionamendua).
Petrolioa ere hasi zen erabiltzen olioaren ordez; olioa baino errazago zurgatzen bait da kapilaritatez. Petrolioaren gasak olioarenak baino askoz tenperatura txikiagoan erretzen direnez, aire-korronte bortitzagoa eta ongi erregulatua behar du errekuntza ona lortuko bada. Baldintza hauek betetzen direnean petrolioak ez du inolako kerik sortzen. Lanpara hauetan, petrolio-depositoa erregailutik urruti samar egon ohi da berotu ez dadin.
1.870ean petrolio-lanpara mundu zibilizatu osoan erabiltzen zen, besteak beste gainerako erregaien –argizariaren, olioaren– aldean dexente merkeagoa zelako. Kinkea izan zen petrolio-lanpararik erabiliena, baina beste lanpara-mota asko ere garatu zen
Petrolioa ez ezik, bentzina eta olio hegazkorrak ere erabili ziren erregai bezala, baina arriskugarriak dira. Erregai hauetarako lanpara bereziak behar ziren; arruntetan erregai hauek eztanda egingo bait zuketen. Olio hegazkorrek mukirik gabeko lanparatan erre daitezke; olioa lurrindu egiten bait da garrera iritsi baino lehen, hau da, lurrina edo gasa da garrean erretzen dena.
XIII. mendean hedatu zen erregai likido bidezko argiteria publikoa Europako hirietara eta XIX. mendearen erdialdera arte iraun zuen. Hala ere, XIX. mendearen hasieran gauaren aurkako borrokak bultzada handia hartu zuen berrikuntza batez: argiztapenerako gasaz. Honen berri xehea izango dugu hurrengo zenbakian.
“Moderatzaile” izeneko lanpararen ebakidura eta xehetasunak
Funtzionamendua: lanpararen olio-ontzia xaflazkoa da eta hondoa higikorra da, BB kremailera eta D engrane-gurpilaren bidez altxa daitekeelarik. Espiral-erako malguki batek hondoaren higidurari aurre egiten dio eta konprimatu egiten da hondoa igotzean. Hondo higikorra behean dagoela lanparara olioa isurtzen badugu, gainean geldituko da, baina D gurpilari eraginez hondoa igo erazten badugu, olioa hondo higikorraren beste aldera pasatuko da, azpian sortzen den depresioagatik. Hondo higikorrak duen larruzko tirak balbula moduan jokatzen du, olioari beherantz pasatzen utziz eta gorantz itzultzea eragotziz. Malgukiaren presioa jasaten duenez eta ontziaren goiko aldera ezin pasa daitekeenez (balbulak ez bait dio uzten) olioa C tutuan gora doa. Tutu hau (ikus xehetasuna) AA bi tutuez osatuta dago; biotatik diametrorik txikienekoa hondo higikorrera soldatuta dago eta irristatu egin daiteke diametro handiagokoaren barnean.
Hondo higikorra ontziaren goiko aldean dagoenean, eta ondorioz malgukiaren presioa handiagoa denean, G orratz moderatzaileak diametro txikiagoko A tutuaren barne alde osoa hartzen du eta oztopo egiten dio olioari tutuan gora erregailuraino joan ahal izateko. Malgukiaren presioa txikiagotu ahala, A tutuan sartzen den G orratz moderatzailearen zatia ere gero eta laburragoa izango da. Horrela olioa gorantz bultzatzen duen presioaren txikiagotzea, olioak igotzeko aurkitzen duen erresistentziaren txikiagotzeaz konpentsatzen da. Soberan bidalitako olioa E tutuaren bidez iltzultzen da olio-ontzira.
Cautius lanpara. Ebakidura eta erregailuaren xehetasuna
Funtzionamendua: mukia zilindrikoa da (Argand erregailua), bertan garra mukiaren barne aldetik bakarrik ateratzen delarik, mukiaren goiko ertza mukiari eusten dion a tutuaren izur edo tolestura batek estaltzen duelako. Horrelako antolaeraz aireko gasen nahaste hobea eta airea berotzea lortzen da, garraren tenperatura handituz. Mukiaren tutu euslearekiko tutu zentrukide batek garraren kanpo aldetik bidaltzen du airea.
Halaber, mukiaren barne aldetik ere badu sarbidea aireak. Muki zilindrikoaren barneko tutuaren goiko muturrean disko horizontal bat dago. Beronen kontra jotzen du mukiaren barneko goranzko aire-korronteak, barrutik kanporanzko norabide erradiala hartuz eta garra kanporantz bultzatuz. Erregailu honekin gar zuri-zuria lortzen da eta mukia ez da ikazten. Garraren altuera, eta ondorioz argi-intentsitatea, c palankaren bidez erregula daiteke; tutua b punturaino igo erazten bada, lanpara itzali egingo da. Lanpararen petrolio-ontzia metalezkoa da eta e puntutik betetzen da, lanpara piztuta badago ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia