}

Gatibutza: desagertzearen mamuari ihesi

2001/01/01 Intxausti Arriolabengoa, Lander Iturria: Elhuyar aldizkaria

Igande arratsaldeetan jendez gainezka dauden zooak, haur zaratatsuz betetako izurdeen ikuskizunak, labirintoa bailitzan diseinatutako lorategi botanikoa... Ez dira beste zereginik ez duten pertsonen aisia-leku hutsak. Galzorian dauden zenbait espezieren azken aukera dira, ingurunearen presio itogarritik alde egin eta berriro hasteko aukera, alegia.

Gizakion eraginak hainbat espezie galzorira bultzatu du, hau da, iraungipenaren zurrunbilora. Honi aurre egiteko bide bakarra populazio gatibu egonkorrak eratzearen bidez, banakoak gizakiaren zaintzapeko ingurune kontrolatuetan iraunaraztea izan daiteke. Estrategia honi lekuz kanpoko edo ex situ kontserbazioa deritzogu. Espezieak beren eremu naturaletan ezin daitezkeenean kontserba edo denbora gure aurka daukagunean, lekuz kanpoko kontserbazioa da aukera bakarra. Hala ere, ez dugu ahaztu behar ex situ kontserbazioa eta lekuan lekukoa elkarren osagarriak direla

.Lekuz kanpoko kontserbazioa

Ex situ kontserbazioa espezie bat bere habitatetik kanpo, gizakiak ezarritako baldintzetan edo berezkoa ez duen ingurunean, mantentzea da. Ekimen eraginkorra izan daiteke, azkar eta zehatz jarduteko aukera ematen digulako. Hala ere, hau ez da epe luzerako irtenbidea, helburu nagusia espezieak beren ingurunera itzultzea izan behar baitu. Izan ere, espezieen elkarrekintza bera ere kontserbatu beharreko balioa dugu.

Ex situ teknikek kontserbazioaren alorrean populazioen biologia eta ugalketa-biologiaren informazioa emateaz gain, zaintza- eta kudeaketa-teknikak hobetzeko, populazio basati txikiak indartzeko edo populazio berriak sartzeko aukera eskaintzen dute. Lekuz kanpoko kontserbazioa bi modutara gauza daiteke: gizakiak sortutako eremu artifizialean (zooak animalientzat eta lorategi botanikoak eta hazi-bankuak landareentzat) edo espezieari arrotzak zaizkion eremu natural kontrolatuetan.

Eremu artifizialak

Zooak eta akuarioak

Tradizioz zooak ugaztun handi, koloretsu eta ederrak zaintzen espezializatutako erakustokiak izan dira eta akuarioak kolore deigarrizko arrain exotikoak erakusten zituzten arrain-ontziz betetako aretoak. Izan ere, gizartearengan horiek dira interes handiena sortzen dutenak. Ondorioz, faunan animalia handienak nagusi direla dirudi eta hori ikuspegi okerra da; gainera, munduko dibertsitatearen zati handiena ez ezagutzeaz gain, hori kontserbatzeko interesik eza dago.

Zorionez, parke zoologikoetako politika pixkanaka aldatzen ari da: gehienak jadanik ez dira animalien erakustoki hutsak. Ikerkuntza hainbat arlotan jorratzen dute, hala nola espezieen biologia ezagutzea edo animalien bizi-baldintzak hobetzea, bizitza basatiarekiko ahalik eta antzekoena izateko. Zooek eta akuarioek kontserbazioan duten zereginaz gain, hezkuntza-arloan dutena ere aipatu eta zaindu beharra dago. Gainera, langileentzako trebakuntza-programak ere gero eta ugariagoak dira. Edozein modutan, kontserbazioari begira zooek egin dezaketen ekarpen nabariena populazio gatibu egonkorrak lortzea da. Horrela, modu basatian arriskuan leudekeen populazioak indartzeko edo desagertutakoak berriz ezartzeko aukera izango genuke; horretarako, gatibutasunean hazitako banakoetatik abiatuko ginateke eta parkeak hornitzeko ez genuke naturatik banakorik hartu beharko. Gainera, gatibu eduki ditugun espezieekin ikasitakoa, populazio basatiak kudeatzeko erabilgarri izan daiteke.

Lorategi botanikoak

Gaur egun dauden 1.500 lorategi botanikoek munduko landare-espezieen % 15 kontserbatzen dute, 35.000 gutxi gorabehera. Horrez gain, beste horrenbeste espezie biltzen dira negutegi eta lorategi pribatuetan. Landareak animaliak baino errazago haz daitezke gatibutasunean. Gainera, banakoak lortzea oso erraza da; horretarako, haziak erein edo mozkin, errizoma nahiz ehunak kultiba daitezke. Hala ere, arazoak egon badaude: nagusiena beren kokapena da. Landare-dibertsitate handiena tropikoan dagoen heinean, gutxi dira latitude horietan dauden lorategi botanikoak. Latitude epeletan diru-gastu handiak egin ostean, landare tropikalak haztea posible bada ere (beren bizi-baldintzak artifizialki iraunarazi behar dira), eremu tropikaletan lorategi botanikoak ezartzeak lehentasuna izan beharko luke nazioarteko komunitatearentzat, bertako aberastasuna modu merkeagoan kontserbatu ahal izateko, hain zuzen ere.

Hazi-bankuak

Hazi-bankuek espezieak kontserbatzeko berme-funtzioa betetzen dute. Historian zehar hazi-bankuen helburua nekazaritza-hazien aldakortasun genetikoari eustea bazen ere, gaur egun munduko landare-dibertsitatearen gordeleku dira. Landare gehienen haziek denbora luzez irauten dute baldintza hotz eta lehorretan eta beharrezkoa denean, erraza da hazi horiek hozitzea. Hazi-bankuek badauzkate bere mugak ere. Zenbait hazik, nahiz eta baldintza egokietan gorde, hozitzeko gaitasuna galtzen dute denborarekin; horregatik, noizbehinka bankuko haziak berriztu behar dira. Gainera, badaude hainbat espezie (munduko floraren % 15) ezin direnak epe luzean gorde, ez dutelako dormantzia-egoerarik edo hotza jasateko gai ez direlako.

Eremu natural kontrolatuak

Dituzten beharrizanengatik hainbat espeziek ez dituzte eremu artifizialetan populazioak eratzen, kostua oso altua delako edofisikoki ezinezkoa delako.

Itsasoko ugaztun handien kasuan, esate baterako, ex situ populazioak eratzeko arazo nagusiena hau da: ur-bolumen handia behar da. Banako gutxi batzuentzat igerileku bat nahikoa bada ere, populazio ugalkor bat eratzeko, beste irtenbide bat bilatu beharra dago; babestutako ur-eremuak ezartzea, alegia. Txinako Yangtze ibaian izurde hegazuriarekin hainbat ikertzailek dihardute era honetan lanean (ikus beheko koadroa): bere ingurunetik atera eta laku babestuetan kolonia ugalkorrak iraunaraztea lortu dute, gero beren jatorrizko habitatean berriz sartzeko asmoz.

Lekuz kanpoko kontserbazioaren oztopoak

Ex situ kontserbazioak ez du helburutzat erlikiak erakusgai edukitzea. Natura kontserbatzeko tresna izanik, helburuak modu horretan hazitako populazioetatik populazio basatiak berreskuratzea izan behar du. Azken finean, lekuz kanpoko kontserbazioa ez da berez helburua, larrialdietarako konponbidea baizik, eta balizko konponbide honek hainbat muga dauzka.

Oro har, ornodun-espezie gehienak giltzapean hazi eta ugal badaitezke ere, badaude salbuespenak. Arazo horiek konpondu nahian hainbat teknika garatu dira: ernalketa artifiziala, enbrioien transferentzia (obulu ernaldu bat espezie ahaide bateko emearen uteroan ezartzea), inkubazio artifiziala eta ordezko amaren teknika (espezie ahaide bateko "adopziozko gurasoek" kumeak haztea), besteak beste. Edozein modutan, zientzialariek ahalegin guztiak egin arren, zenbait kasutan ezinezkoa gertatzen da zooetan populazio egonkorrak mantentzea, panda hartzaren kasua adibide argia da; hala ere, ugalkide bateragarriak ongi aukeratu eta ernalkuntza-teknikak findu ostean, badirudi gauzak hobetuz doazela. Beste batzuetan, baleen kasuan bezala, beren tamainak eskatzen dituen bizi-baldintzak ezartzea oso garestia da.

Ornogabeen kontserbazioari dagokionez, espezie asko gatibutasunean ugaltzea lortu da jadanik. Hala ere, zenbait ornogaberen bizi-zikloak oso konplexuak dira, eskatzen dituzten dieta eta ingurunea aldatu egiten baitira.

Era berean, gaur egun kontu handiz zaintzen da populazioen osasun genetikoa. Izan ere, odolkideen arteko ondorengoek hilkortasun-tasa handia dute.

Osasun genetikoa bermatzeko populazio handi samarrak mantentzea beharrezkoa litzateke eta praktikan hori ezinezkoa da. Horregatik, zooetara eramaten diren banakoen leinu genetikoa zehatz-mehatz aztertzen da eta ahaidetasun genetikoa duten banakoak elkartzea saihesten da.

Hala ere, epe luzera hautespen naturalez gatibutzara ongien moldatutako banakoen lerroak hobetsiko lirateke eta jatorrizko bizi-eremuetara bueltatzerakoan, bertan bizirik irauteko ahalmena murriztuta izango lukete. Kudeaketari dagozkion arazo politikoak ere hor ditugu: Ex situ moduko ekimenak aurrera eramateko etengabeko diru-iturria eta erakundeen jarraipen-politika beharrezkoak dira; bietako edozeinek etena badu, espezieak gal daitezke. Horrez gain, populazioak garatzeko ahaleginak gune bakarrean gauzatuz gero, katastrofe bat balego, populazioa desagertu egingo litzeteke.

Populazio berriak ezartzean kontuan hartu behar ditugu espezieen jokamoldeak. Hainbat ugaztunek eta hegaztik jokabide sozialak dituzte eta gurasoengandik ikasten dute ingurunearekiko elkarrekintza: nola lortu bazka, migrazio-irizpideak, eta abar. Horregatik, beharrezkoa da jokabide soziala duten espezieetako banakoak askatu aurretik basabizitzan aurkituko dutenerako entrenatzea eta, horretarako, banako basatiak erabili beharko lirateke adibidez. Era berean, oso garrantzitsua da gizakiarekiko harremana ahalik eta gehien gutxitzea. Zaintzaileekin kontaktua izan duten banakoek gizakia "laguna" dela kontsidera dezakete, errealitatean arerio izatea errazagoa denean.

Lekuz kanpoko kontserbazioaren aplikazioak

Espezieak berriz sartzea

Espezie bat banaketa-areako eremu batean desagertu bada, guk berriro ezar dezakegu bertan. Populazio berria eratzeko banakoak ex situ hazitakoak edo basatiak izan daitezke. Hala ere, espeziearen desagertzea eragin zuten faktoreak desagertu ez badira, ez dauka inongo zentzurik populazio berria ezartzen saiatzea. Halaber, kontuan hartu behar da gizartearen iritzia, horrek hein handi batean baldintzatuko baitu populazio ezarri berrien bideragarritasunaren arrakasta. Kasu askotan beharrezkoa litzateke hezkuntza-programak martxan jartzea. Berriz sartutako espezieak inguru horretako giza populazioarengan sortuko lituzkeen kalte ekonomikoei aurre egiteko bideak jorratzea ere ez legoke soberan; horren adibide garbia dugu Pirinioetan Esloveniako hartza berriz sartzeko egindako ekintzak.

Espezieak sartzea

Espezie bat historikoki berea ez den ingurune batean ezartzea bilatzen du. Sarritan, espezie bat ezin da bere jatorrizko ingurunean berriz sartu, populazioa desagertarazi duen eragilea oraindik bertan dagoelako. Espeziea kontserbatzeko modu bakarra berari gehien doitzen zaion ingurune batean askatzea da.

Edonola, kontuan hartzekoa da espeziea erabat berria dela ingurune horretan eta bertakoei aldaketa sakona sortaraziko diela. Askatu baino lehen zehatz-mehatz ikusi behar da sartzearen ondorioz bertan arriskupekoa den espezieren bati kalterik egin diezaiokeen. Euskal Herrian erreka-karramarro amerikarraren adibidea argia dugu. Espezie exotiko honek bertako erreketako karramarroa ordezkatzeaz gain, beste hainbat espezieren populazioak murriztu ditu, harrapakari oso agresiboa delako. Sartzeko aukera bikaina eskaintzen du Aita Daviden Oreinak ere.

Populazioa indartzea

Lekuz kanpoko kontserbazioaren beste aplikazio aipagarria murriztutako populazioei banakoak emendatzea da. Populazio txikietan ex situ hazitako banakoak gehitzean bertako aldakortasun genetikoa emendatzeaz gain, ar eta eme ugalkorren arteko proportzioak orekatzea lor dezakegu, ugalketa-eraginkortasuna hobetzeko.Urdaibaiko eskualdean, adibidez, berriz sartutako orkatz-populazioa indartzeko urtero orkatzak askatzen dira.

Etorkizunerantz...

Giza populazioak gora egin ahala, gure beharrizanek gurekin planeta banatzen duten hainbat espezieren etorkizuna itotzen dute. Kontserbazioaren alorrean pausoak ematen ari baldin bagara ere, teknika eta ekimen berriak etengabe ikertzen ari bagara ere, gizarteak benetako kontzientziaziorik ez badu, ahalegin guztiak antzuak izango dira. Gizakiak ezarritako edozein populazioren bideragarritasuna ez da askatze hutsarekin bermatzen. Beharrezkoa da jarraipen zehatza egitea populazio-dinamika sendotu dela ziurtatu arte eta berez baliatzeko eta ugaltzeko gai direla egiaztatu arte.

XXI. mendean sartzear gaudela, naturaren kontserbazioak ez du izan behar soilik zientzialarien kezka. Horregatik, ex situ kontserbazioak hezkuntzan duen zeregina indarrez azpimarratu beharra dago. Zooek, akuarioek eta lorategi botanikoek galzorian dauden espezieei buruzko informazioa eman behar dute, baita galzorira eraman dituzten faktoreei buruzkoa ere. Gure inguruko errealitatea ezagutuz soilik ekin dakioke bere eraldatzeari. Gaur egun zooetan eta lorategi botanikoetan ikus daitezkeen hainbat espezie datozen belaunaldiek cd-rom elkarreragilean ikustearekin konformatu beharko dute. Gizartearen esku dago etorkizuneko cd-rom horretako espezie-katalogoa gaur egungo aurreikuspenek adierazten dutena baino laburragoa izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia