Gasteizko Natur Zientzien museoa
1997/05/01 Urkizu, Urtzi Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arabako Diputazioaren Kultur Kontseiluaren babespean eratu zen Natur Zientzien museoa 1986ko maiatzean. Orduko Historia Naturaleko bildumak, dena den, ez ziren berriak; AEPNA elkarteak (Arabako Natura Ikertzeko eta Zaintzeko Elkarteak) hamar urtetako lana egina zuen 1984rako. Urte horretan, Arabako Diputazioak Otxandako eraikuntza eskaini zuen, elkarteari arnasbide bat eman eta museo bat eraikitzeko asmoz. 1985ean egin zen lehen erakusketa iraunkorra eta hurrengo urtean gertu zegoen jendeari ateak irekitzeko.
AEPNA elkartea Naturaren Instituto Arabarra bihurtu zen hortik gutxira eta bere inguruan pisu zientifiko handiko jendea elkartu zen. Museoa inauguratu eta bi urtera, ordea, Foru Diputazioko Kultur Kontseiluaren egitura desagertu egin zen. Ondorioz, museoaren finantzaketa eta funtzionamendua berregituratu egin zen, beste bide batzuetatik jo ahal izateko. 1988a urte garrantzitsua izan zen museoarentzat, Naturaren Instituto Arabarra kanpoan gelditu baitzen elkarte bezala eta museoa ente autonomo bezala funtzionatzen hasi zelako. Dinamika guztiz aldatu zen une horretan, hortik aurrera aurrekontu propioez baliatu behar izan duelako, besteak beste.
Hurrengo urteetan museoan beheraldi bat ezagutu zen eta bisitarien kopurua jaitsi egin zen. Orduko arazorik garrantzitsuena, Jesus Alonso zuzendariaren ustetan, jende profesional eta prestaturik ez izatea zen (garbiketarako, dokumentaziorako, erakusketetarako, ondarea kontserbatzeko...). 1988aren amaieran hasi zen Alonso museoaz arduratzen zuzendaritzatik eta gaur egun ere antzeko zereginetan dabil; orduko eta gaur egungo arazoak ere antzekoak omen dira, bere esanetan.
1993an aldi baterako erakusketak egiten hasi ziren museoan eta bisitari-kopurua igotzen joan da geroztik. Kultur Elkarte Naturalek laguntzak jasotzen dituzte ikerketarako, ondoren hauetako batzuen lana ekarpen garrantzitsua delarik museoarentzat. Naturaren Instituto Arabarrak ere jarraitzen du ekarpenak egiten. Baina Alonso zuzendariak aitortzen duenez, batez ere dozena bat zientzilari adoretsuren lanari esker ari dira bilduma ikaragarriak osatzen: “ dirulaguntzak eskasak diren arren, museoa aurrera atera dugu eta egindako lana harro egoteko modukoa da .”
1996an bisitari-kopuruen errekor guztiak hautsi ziren: 28.085 bisitari izan ziren iaz eta aurten marka hori hautsiko dela espero da. Aipatzekoa da, ildo beretik, azken urteotan pertsona partikularren bisitak ugariagoak direla ikasle-taldeena baino.
Erakusketa-aretoen gainetik ikerketa-zentroa
Jendeak orokorrean museoi buruz duen ikuspuntua erakusketa aretoetara mugatzen da. Kasu honetan, aldiz, museo hau ikerketa-zentro bezala aztertzea komenigarriagoa da, egiten den lan gehiena bide horretatik baitoa.
Arabako Natur Zientzien museoa Euskal Herriko eta inguruko lurraldeetako ekosistemez arduratzen da bereziki; baina Afrikako oihan tropikalen brioflora, entomofauna eta moluskoen katalogoak ere bildu dira. Etengabeko lanari esker, bildumak hazten doaz eta arlo berezitu bakoitzari buruzko ezagutza ere handiagotzen doa. Helburu hau errazteko eta osatzeko, mundu osoko unibertsitate, fundazio eta erakunde museistikoekin fondoen eta dokumentuen trukaketa egiten da.
Truke-lana erabatekoa da, beraz, mundu osoko zientzilari entzutetsuenekin. Guztira 750 aldizkari zientifiko iristen dira museora, biblioteka bikain bat osatzen ari delarik
Ikertzen diren alor nagusiak geologia, botanika eta zoologia dira. Erakusketan 2.000 espezimen besterik ez daude, baina ikertzaileek dokumentatu dituzten erregistroen kopurua ikaragarria da: herbarioan, 75.000 hosto daude erregistratuta botanika fanerogamikoaren barruan eta beste 25.000 erregistro botanika kriptogramikan (goroldio eta gibel-belarrak) ; zoologian 160.085 espezimen ornogabeetan eta 100.000 ingurumalakologian; geologiari dagokionez, azkenik, paleontologia eta mineralogia esparruak bereizi behar dira; marrazo- eta anbar-bilduma handien inbentarioa egiten ari dira (guztira 100.000 espezimenetik gora).
Horrez gain, museoak urtero dozena bat espezie berriei alta ematen die. Jesus Alonso zuzendariaren ustez, kopuru hau lau aldiz handiagoa bihur daiteke, dirua eta erritmoa kontuan hartuz noski. Azpimarratzekoa da, bestetik, bilduma guztiak informatizatzen ari direla eta denbora gutxi barru Eusko Jaur laritzako datu bankuetan egongo direla.
Erakusketan ez dago hori guztia ikusterik, baina Gasteizko Otxanda Dorrera sartzen den edonork Euskal Herriko biodibertsitateaz eta ekosistemaz gozatzeko aukera du: harkaitz eta mineralen bildumek Kantaurialdeko lehenaldi geologikoa erakusten digute; begi aurrean izango dugu Euskal Herriko bilduma paleontologiko osotuena, gure lurraldeak azken 150 milioi urtetan izan duen eboluzioa erakusten diguna; ornogabe itsastar ederrak ikus daitezke (trikuak, gasteropodoak, ammoniteak, krustazeoak...), baita ornodunak ere (iktiosaurioak, marrazoak, krokodiloak, dordokak, hartzak...).
Dinosauru handienetatik anbarrean harrapatuta gelditu ziren intsektu txikienetara, ia guztiak azaltzen dira museoaren aretoetan. Gure herritik kanpo dauden ur gezako bi ekosistema ere ageri dira erakusketan: Amazonia eta Afrikako laku handiak.
Pieza bakoitzaren balio dokumentala eta zientifikoa oso handia da. Guztiek batera ezagutzaren puzzle bat osatzen dute, naturaren lehenaldiaz eta orainaldiaz jabetzeko tresna bikaina gorpuzten delarik horrela. Dudarik gabe, Euskal Herrian Natur Zientzien eremuko erreferentzi garrantzitsua da zentro publiko hau.
ordutegia Astelehenetan itxita Asteartetik ostiralera: Larunbatetan: Igandetan eta jai-egunetan: Helbidea |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia