Gasezko uholdeak Marten
2000/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Marteko urari buruzko eztabaida pil-pilean dela, planeta gorriko arroilak ez zituela urak sortu adierazi du geologo australiar batek.
Melbourneko La Trobe Unibertsitateko Nick Hoffmanek arroilak Ponpeia suntsitu zuen errauts-hodeiaren antzeko zerbaitek higatu zituela dio. Geologoaren arabera, lur azpian harrapatutako karbono dioxido likidoa zoruko kraterretatik irten zen eta, presio-aldaketa azkarraren ondorioz, likidoaren zati bat gas bihurtu zen. Segidan gasez, izotz lehorrez, ur-izotzez, hautsez eta hondakinez osatutako hodeiak eratu ziren eta hodei horiek, abiada bizian mugituz, zorua higatu eta arroilak eratu zituzten. Teoria egia izanez gero, onartu beharko genuke Marte ez dela inoiz planeta hezea izan, ez behintzat azken 3.500 milioi urteetan.
Adituek teoria interesgarria dela adierazi dute, baina eszeptiko agertu dira. Kontrako argudioak: gasezko hodeiek ezin ditzaketela hain arroila luzeak higatu eta arroilak oso eskualde lau eta zabaletan amaitzen direla. Ezaugarri horiek urak eratutako arroilek dituzte eta, horregatik, Marten noizbait ura egon zela uste da.
Geologo australiarra ez dator bat, ordea, argudio horiekin. Haren arabera Marteko arroilak eratzeko ur asko behar izan zen, gehiegi sinesgarria izateko; litro bat karbono dioxido likidoarekin, berriz, 250 litro gas lor daitezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia