Garuneko geneen lehen mapa argitaratu du Allen Institutuak
2011/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Giza garunaren lehen mapa genetiko eta anatomiko osoa argitaratu du Allen Institutuak, garun-zientzietan espezializatutako institutu estatubatuarrak. Gainera, datu guztiak ikertzaileen eskura jarri ditu, sarean jarri baititu, doan.
Mapa egiteko, bi pertsonaren garunak aztertu dituzte, geneak sekuentziatzeko eta irudigintzako teknika aurreratuenak erabilita. Gero, datuak alderatu dituzte, eta horrela ikusi dute, adibidez, bi garunak berdinak direla % 94an. Hain antzekoak izatea "txunditzekoa" iruditu zaie Allen Institutuko ikertzaileei, baina ez da harritu dituen gauza bakarra.
Izan ere, ohartu dira giza genomaren gene guztien % 82 adierazten direla garunean. Ikertzaileen arabera, horrek "agerian jartzen du garunaren konplexutasuna". Horrekin batera, garunaren funtzionamendua hobeto ulertzeko "aztarna garrantzitsuak" erakusten ditu. Hain zuzen, gaixotasun neurologikoak eta beste asaldura mental batzuk ikertzeko baliagarria izango delakoan daude ikertzaileak, hala nola alzheimerra eta parkinsona, autismoa, droga-mendekotasunak, esklerosi anizkoitza...
Allen Institutuaren garunaren mapa GPS nabigazio-sistemarekin parekatu dute, giza garunaren 1.000 leku anatomiko lokalizatzen baititu, eta 100 milioi baino gehiagoko puntuz hornitua baitago. Puntu horietako bakoitzak leku horretako geneen adierazpenari eta biokimikari buruzko informazioa ematen du.
2006an, saguaren garunaren mapa argitaratu zuen Allen Institutuak. Baliabide hori funtsezkoa izan zen mundu osoko ikerketentzat, eta, hala, argitaratutako 500 ikerketak baino gehiagok aipatzen dute Allen Sagu Garunaren Atlasa. Orain, giza garunaren mapak antzeko eragina izango duela aurreikusten dute, handiagoa ez bada.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia